Iruñean instalazio fotovoltaikoak eraikiko dira San Jorge eta Patxi Larrainzar ikastetxe publikoetan, Arrosadiko kiroldegian eta Landabengo Lantegi Eskolan

Iruñean instalazio fotovoltaikoak eraikiko dira San Jorge eta Patxi Larrainzar ikastetxe publikoetan, Arrosadiko kiroldegian eta Landabengo Lantegi Eskolan
Udalak 650.000 euro jaso ditu Europako laguntzetatik instalazio horiek eta dagoeneko amaituta dagoen José Mª Iribarren ikastetxekoa egiteko
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeak datozen 18 hilabeteetan beste lau instalazio fotovoltaiko izanen ditu, eta San Jorge eta Patxi Larrainzar (Arrotxapea) eskola publikoetako estalkietan, Arrosadiko kiroldegian eta Landabengo Udal Lantegi Eskoletako eraikinean eraikiko dira. Iruñeko Udalak 650.629,54 euroko laguntzak jaso ditu inbertsio horiek ordaintzeko, bai eta José María Iribarren helduen oinarrizko hezkuntzarako zentroko instalazioa egiteko ere, non dagoeneko obrak amaitu baitituzte. Laguntzak Nafarroako Gobernuko  Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak eman ditu, eta Next Generation EU Europako suspertze-funtsetatik datoz. 

Guztira, bost instalazio fotovoltaikoetan 816 kW-ko potentzia instalatua lortzea aurreikusten da. Instalaziorik handiena Landabengoa izanen da, eta aurreikuspenen arabera, 240 kW-ko potentzia instalatua lortuko da. Atzetik doaz San Jorge HLHIP (200 kW), Patxi Larrainzar HLHIP (160 kW), José María Iribarren ikastetxea (150 kW) eta Arrosadiko kiroldegia (66 kW). Hori da eman den gehienezko potentzia, nahiz eta instalazioak gauzatzeko orduan birdimentsionatzen ahalko diren. Laguntzen zenbatekoa ere instalazioaren tamainaren araberakoa da; hala, Landabengo industrialdeko Lantegi Eskoletako estalkian jarriko den instalazioak 199.742,14 euro jaso ditu. San Jorge HLHIPko instalazioaren dirulaguntzak 143.078,40 euro jo du; Patxi Larrainzar HLHIPkoak, 133.120 euro; José María Iribarren ikastetxekoak, 114.048 euro, eta Arrosadiko kiroldegikoak, potentzia instalatu baxuena duenak, 70.641 euro. 

Horietatik guztietatik, José María Iribarren ikastetxeko obrak dagoeneko amaituta daude. Udal-instalazio hori martxoan amaitu zen, eta energia-eraginkortasun handiko bi aurpegiko 228 panelek osatzen dute. Laguntzen emakidak 150 kW-ko potentzia instalatua adierazten bazuen ere, azkenean, instalazio fotovoltaikoa 100 kW-koa da, nahiz eta 122 kW-ra heltzen ahal den goia jotzen duen uneetan. Hala, instalazioak urtean 129.5614 kW/h ekoizteko ahalmena du, hau da, 60 etxebizitza estandar ingururen kontsumoa. Gainontzeko lau instalazioen artean, Arrosadiko kiroldegikoa da aurreratuen doana, proiektua dagoeneko gauzatzen ari baitira. Gainontzekoen obrak 2024an abiatuko dira.  

Jasotako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuak ‘autokontsumoari eta energia-iturri berriztagarrien bidezko biltegiratzeari eta bizitegi-sektorean sistema termiko berriztagarriak ezartzeari lotutako pizgarri-programak gauzatzeko’ egiten duen deialdiari dagozkio. Laguntza-programa 10 milioi euro baino gehiagoz hornituta dago. Iruñeko Udalak 18 hilabeteko epea du diruz lagundutako instalazioak gauzatu direla justifikatzeko. 
Instalazio horiek martxan jartzea Go Green Iruña estrategiaren barruan kokatzen da, Iruñeko Udalak jasangarritasunaren alde eta klima-aldaketari aurre egiteko egiten dituen jarduketak eta ekimenak batzen dituena, hiriaren 2030erako Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategiaren barruan. 

 

foto

 

¿Te ha sido útil esta página?