
Civivoxen sarearen bidez, Iruñeko Udalak hainbat ikuspegi oinarri dituzten bisita gidatuak antolatzen ditu urte osoan. Arkitektura, memoria historikoa, literatura, eta antzinako zinemetako eta antzokietako agertokiak dira bisiten ardatza, eta urte osoan antolatzen dituzte: bisita bakoitzean 20-25 lagunendako tokia egon ohi da, eta goizez egin ohi dituzte, ordu eta erdiz. 2 euro balio du bisitak, eta aurrez izena eman beharra dago.
Gidari espezializatuek egiten dituzte ibilbideak, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Aurten, literatur ibilbide batzuk egin dituzte dagoeneko, Iruña, hiriaren historia, hiriko kaleak eta hiriaren esentzia irudikatu dituzten egileen lanak oinarri hartuta. Arkitektura ardatz duten ibilbide batzuk ere egin dituzte, eta arkitektura zibila eta erlijiosoa landu dituzte: komentuak, Erdi Aroko altxorrak eta Barrokoko eta Modernismoko eraikinik esanguratsuenak ikusi dituzte.
Memoria historikoa ere lantzen dute bisita gidatuetan. Espainiako Gerra Zibileko eta ondorengo zapalkuntzaren aldiko gertakarien lekuko izan ziren hiriko tokiak aztertzen dituzte ibilbide horietan. Bisita batean, esaterako, erakusten dute herritarrak hasieratik jabetu zirela zer larria zen gertatzen ari zena, eta horren aurrean hartzen zuten jarreraren arabera, lagun edo etsai bilakatu zirela.
Maiatzean ere eginen dituzte ibilbide gehiago, eta Bigarren Zabalguneko eraikin enblematikoak ikusiko dituzte. Maiatzaren 9an gaztelaniaz eginen dute ibilbidea, eta toki guztiak hartuta daude jada –hala ere, itxaron-zerrenda bat dago, eta hor ematen ahal da izena oraindik–. Maiatzaren 23ko bisita (ostirala), berriz, euskaraz izanen da, eta oraindik ere badago lekua izena emateko. Biak ala biak Vasco-Navarra eraikinetik abiatuko dira (San Ignazio etorbidea 7): gaur egun, ehungintzako multinazional bat dago eraikin horretan. Aitziber Imizcoz arituko da gidari, eta hiriaren hazkundean eta hiria modernizatzeko prozesuan funtsezkoak izan ziren eraikinak aztertuko dituzte, aztarna berezia utzi baitzuten hirigintzan.
Antzerki erako bisitak
Antzerki erako bisita bat ere eskaintzen dute Alde Zaharrean barna, doan: maiatzaren 12an, astelehenarekin, gaztelaniaz eginen dute, 12:00etan (dagoeneko ez dago lekurik), eta maiatzaren 26an, astelehenarekin, euskaraz, 12:00etan (oraindik badago tokia). Andre Maria Erreginaren plazatik abiatuko dira, eta hiriaren historian garrantzitsuak izan diren emakumeak ikusaraziko dituzte, hainbat garai eta lanbidetakoak. XX. mendean Iruña nolakoa zen irudikatzen dute, eta garai hartako gertakari politiko, ekonomiko eta sozialak antzezten dituzte. 13 urtetik gorakoei zuzendutako proiektu bat da, eta Iruñeko artista feministen talde batek garatu du, Nafarroako Antzerki Eskolan egoitza artistikoa egin ondoren.
Oro har, bisitak edozein adinetako herritarrei zuzenduak dira, eta helburu dute herritarrei hiriko ondare artistiko, kultural eta naturala ezagutaraztea. Berehala bete ohi dira tokiak, eta izena emateko hurrenkeraren arabera esleitzen dira: pamplonaescultura.es/eu webgunean eman behar da izena.
MAIATZEAN EGITEKOAK DIREN BISITAK
Bigarren Zabalguneko eraikin enblematikoak (gaztelaniaz).
Maiatzak 9, ostirala. 11:00.
Gidaria: Aitziber Imizcoz.
Topalekua: Vasco-Navarro eraikina (San Ignazio etorbidea 7).
Ez dago tokirik, baina itxaron-zerrenda bat dago.
Bigarren Zabalguneko eraikin enblematikoak (euskaraz).
Maiatzak 23, ostirala. 11:00.
Gidaria: Aitziber Imizcoz.
Topalekua: Vasco-Navarro eraikina (San Ignazio etorbidea 7).
Badago tokia: pamplonaescultura.es/eu webgunean eman behar da izena.
Antzerki erako bisita (gaztelaniaz, doan).
Maiatzak 12, astelehena. 12:00.
Topalekua: Andre Maria Erreginaren plaza.
Ez dago tokirik.
Antzerki erako bisita (euskaraz, doan).
Maiatzak 26, astelehena. 12:00.
Topalekua: Andre Maria Erreginaren plaza.
Badago tokia: pamplonaescultura.es/eu webgunean eman behar da izena.