‘Iruñean HIRIERAZ, mucho que hablar’ parte hartzeko prozesuan ehun ekarpenetik gora jaso dira Euskara Sustatzeko Hizkuntza-normalizaziorako Planerako

‘Iruñean HIRIERAZ, mucho que hablar’ parte hartzeko prozesuan ehun ekarpenetik gora jaso dira Euskara Sustatzeko Hizkuntza-normalizaziorako Planerako
38 entitate eta erakundetako ehun bat lagunek parte hartu dute saioetan: asteazkenean amaituko dira San Frantzisko IPn
Fitxategi
Fitxategi
Plan Normalización Lingüística

 

‘Iruñean HIRIERAZ mucho que hablar’ parte hartzeko prozesua aste honetan amaituko da eta Euskara Sustatzeko Hizkuntza-normalizaziorako I. Planean (2027-2031) txertatuko diren emaitzak aurkeztuko dira. Prozesuko jardunaldietan 38 entitate eta erakundetako ehun bat pertsonak parte hartu dute, eta parte hartzeko metodologiaren bidez, ehun ekarpen baino gehiago egin dituzte.

Prozesuaren emaitza gakoak gaur, astelehena, aurkeztu ditu Aitziber Campión Ganboa Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak. Identifikatu diren lehentasun nagusien artean, nabarmenena egunerokoan euskararen erabilera sustatzea da, batez ere haur eta gazteen artean, aisialdian, bizitza komunitarioan eta eguneroko gizarte-harremanetan euskararen presentzia bultzatzen duten espazioak eta dinamikak sortuta. 

Halaber, hizkuntza ikasteko eta transmititzeko aukerak zabaltzearen garrantzia azpimarratu dute, euskara ikasteko laguntza-baliabideak finkatuta, iritsi berri direnekiko hurbiltzea erraztuta eta hirian dauden hizkuntzen arteko bizikidetza eta harremana sustatuta. Administrazioari dagokionez, hizkuntza-trebakuntza eta baliabideak indartzea proposatu da, udalaren hizkuntza-paisaia hobetze aldera.

Era berean, jasotako ekarpenen artean honako hauek nabarmentzen dira: euskararen ospe eta ikusgarritasun soziala indartzea kohesioan, aniztasunean eta adostasunean oinarritutako partekatutako diskurtsoen bitartez, bai eta erreferente sozial eta instituzionalak hizkuntzaren sustapenean engaiatzea ere. Prozesuak agerian utzi du merkataritzak, ostalaritzak eta arlo sozioekonomikoak hizkuntzen eguneroko presentzian duten zereginari buruzko sentsibilizazioan aurrera egiten jarraitzeko beharra.

Ondorioen aurkezpena, San Frantziskon
San Frantzisko ikastetxe publikoan, asteazkenean, 18:00etatik 20:00etara bitarte, ‘Iruñean HIRIERAZ mucho que hablar’ egitasmoaren barruan egindako parte hartzeko prozesuaren emaitzak aurkeztuko dira: ekimena Euskara Sustatzeko Hizkuntza-normalizaziorako I. Planaren (2027-2031) oinarriak finkatzeko sustatu da. Guztira, parte hartzeko lau saio egin dira, eta euskararen erabilerari eta sustapenari lotutako gizarte-, hezkuntza-, kultura-, ekonomia- eta erakunde-esparruetako pertsonek hartu dute parte. 

Aurkezpen-saioan eskuratutako emaitzak partekatu eta prozesuaren hurrengo urratsak azalduko dira, eta, hain zuzen ere, hurrengo urratsa Hizkuntza-normalizaziorako Planaren zirriborroa idaztea izanen da. Hurrengo faseetan udal-taldeek egindako ekarpenak txertatu, plana behin betiko onetsi eta egindako ekintzen jarraipena eta ebaluazioa eginen dira. 

Jardunaldi horretan, azken urteetan Bilbon eta Zarautzen, hurrenez hurren, egin diren hizkuntza-normalizazioa sustatzeko bi ekimen aurkeztuko dira. Lehenengoan, Loraldia Kultur Elkarteak euskal kulturari erakusleiho bat ireki nahi izan zion Bizkaiko hiriburuan eta, horretarako, 2014az geroztik kultur jaialdi bat antolatzen du, ekoizpen propioak sortuta eta Plaza! euskal sortzaileak saretzeko ekimenaren bidez. Bigarrenak Zarautzeko Udalak sustatutako proiektu soziolinguistikoa du ardatz: 2014-2015 ikasturtetik Gipuzkoako ikastetxe guztiak barne hartzen ditu, eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen hizkuntza-kontzientzia lantzeko diseinatutako unitate didaktiko baten bidez lotzen ditu. Esperientzia hori Gipuzkoa osotik hedatzen hasi da.

Euskararen Udal Kontseilua
Iruñean Euskara Sustatzeko Hizkuntza-normalizaziorako planarekin (2027-2031) eta 2027ko ekintza-planarekin batera komunikazio-estrategia jakin bat jarriko da abian, Udalaren politika linguistikoari koherentzia emateko. Halaber, Euskararen Udal Kontseilua sortuko da: organo aholku-emailea da, eta talde politikoen ordezkariek, teknikariek eta euskara sustatzearen eta hizkuntzaren prestigioaren alde lan egiten duten elkarteek osatuko dute. Kontseiluak Hizkuntzen Normalizaziorako Planaren jarraipena eginen du, eta planak ezartzen dituen ekintzak egoki egiten direla zainduko du. Kontseiluaren ardura izanen da, halaber, planean ezarritako neurriek nahi diren emaitzak ematen dituzten ala ez aztertzea.

Ekimen honen bidez, Iruñeko Udalak, herritarren eta hiriko gizarte-eragileen parte-hartzean, adostasunean eta inplikazioan oinarritutako hizkuntza-plangintzaren aldeko apustua berretsi du.

¿Te ha sido útil esta página?