Iruñean Euskara Sustatzeko Hizkuntza-normalizaziorako Plana (2027-2031) eta ekintza-plana datorren urtearen amaierarako egonen dira prest

Iruñean Euskara Sustatzeko Hizkuntza-normalizaziorako Plana (2027-2031) eta ekintza-plana datorren urtearen amaierarako egonen dira prest
Euskararen Udal Kontseilua organo aholku-emaileak eginen du planaren jarraipena eta ebaluazioa

Iruñean Euskara Sustatzeko Hizkuntza-normalizaziorako planak (2027-2031) euskara zaindu eta babestea du helburu, baita haren erabilera eta ospe soziala sustatzea ere, eta beste urrats bat eman du plana prestatzeko kontratuaren adjudikazioari esker. Planak euskara gehiago erabiltzea sustatuko du hirian orokorrean, udal-jardueretan eta Udalak herritarrekin dituen hartu-emanetan, hiria inklusiboagoa, kohesionatuagoa eta ondarearekiko begirunetsuagoa izan dadin.

Emun Kooperatiba Elkartea enpresari adjudikatu zaio agiria egin eta garatzea, 34.485 euroan (BEZa barne); gauzatzeko epea 12 hilabetekoa izanen da, 2026ko azarora arte. Plana azaroan bertan hasiko da garatzen: aurretiko lanak gauzatu eta euskararen egoera soziolinguistikoaren diagnostiko kualitatiboa eginen da martxora bitarte, gutxi gorabehera. Emaitzak planaren diseinuaren oinarriak izanen dira, eta egitasmoa 2026ko azaroan egonen da prest.

Iruñean Euskara Sustatzeko Hizkuntza-normalizaziorako planarekin (2027-2031) eta 2027ko ekintza-planarekin batera komunikazio-estrategia jakin bat jarriko da abian, Udalaren politika linguistikoari koherentzia emateko. Halaber, Euskararen Udal Kontseilua sortuko da: organo aholku-emailea da, eta talde politikoen ordezkariek, teknikariek eta euskara sustatzearen eta hizkuntzaren prestigioaren alde lan egiten duten elkarteek osatuko dute.

Kontseiluak Hizkuntzen Normalizaziorako Planaren jarraipena eginen du, eta planak ezartzen dituen ekintzak egoki egiten direla zainduko du. Kontseiluaren ardura izanen da, halaber, planean ezarritako neurriek nahi diren emaitzak ematen dituzten ala ez aztertzea.
Planak indarrean dagoen araudia du kontuan, Iruñeko Udalean euskararen erabilera arautzen duen ordenantza barne, eta bat egiten du Nafarroako Euskararen II. Plan Estrategikoarekin (2020-2027). Honako hauek hartuko dute parte plana osatzeko prozesuan: Administrazioaren eta hezkuntzaren, kirolaren, kulturaren eta gaztediaren arloko ordezkariek, euskarazko komunikabideek euskara sustatzen duten elkarteek eta beste gizarte-eragile estrategiko batzuek.


PLANA EGITEKO FASEAK

Aurreikusitako kronograma:
o    Aurretiko lanak, 2025eko azaroan eta abenduan
o    Diagnostikoa egitea, 2026ko apirilera arte
o    Plana diseinatzea, 2026ko maiatzetik uztailera bitarte
o    Plana bukatzea eta balorazioa egitea, 2026ko azaroan
 

 

¿Te ha sido útil esta página?