Otsailaren 4ra arte, Iruñean erroldatuta dauden eta gaztelaniaz hitz egiten duten 18 eta 25 urte bitarteko gazteek Inti Ibilbidean parte hartzeko aukera izanen dute, Iruñeko Udalari esker. Udalak bi plaza finantzatuko ditu uztailaren 21etik abuztuaren 17ra Kanariar Uharteak eta Maroko zeharkatuko dituen aurtengo espedizioan. Inti Ibilbideak Fez, Marrakech, La Laguna, Icod de los Vinos edo San Sebastián de la Gomera bezalako hiri historikoak bisitatuko ditu; horrez gain, Marokoko Atlasera edo Saharako basamortura hurbilduko da, Atlaseko kulturak ezagutuko ditu, besteak beste Amazighena, eta Toubkal eta Teideko gailurretara iritsiko da, hots, Afrika iparraldeko eta Espainiako punturik altuenetara, hurrenez hurren.
Inti Ibilbidea nazioarteko ekimena da, mundu osoko gazteendako gizarte- eta kultura-programa bat, parte-hartzaileen arteko kultura-trukea sustatzera bideratua, eta espedizioaren ingurune eta testuinguru sozialean aberasteko xedea duena. Parte hartzeko beharrezkoa da 1998ko uztailaren 23tik 2006ko uztailaren 23ra bitartean jaioa izatea, aurrez izena ematea, programak berak eginen duen hautaketa batean sartzea eta plazaren kostua ordaintzea (1.195 euro).
Udalak hiriko bi gazteri espedizioaren kostua ordainduko die. Horretarako, aurreko baldintzak betetzen dituzten interesdunek hautagaitzak aurkeztu beharko dituzte, otsailaren 4ra arte mezu elektroniko bat bidaliz juventud@pamplona.es helbide elektronikora. Mezuan eskatzailearen datu pertsonalak eta harremanetarako datuak adierazi beharko dira, eta idazki bat erantsi beharko da, hautagaiak parte hartzeko dituen arrazoiak azalduz.
Ondoren, izena eman duten pertsonei monografia bat eskatuko zaie; monografia hori Inti Ibilbideak ezarritako irizpideen arabera egin beharko da eta otsailaren 11ra arte entregatu ahal izanen da. Azkenik, aurrez hautatutako pertsonei, Inti Ibilbidea erakundeak banakako elkarrizketa eginen die martxoan. Udalaren laguntzek Inti Ibilbideko gastu guztiak estaliko dituzte, hautatutako pertsonen irteera-lekura (Sevilla) joatekoak eta Kanarietatik itzultzekoak izan ezik.
Atzo informazio-saio bat egin zen gaztediaren Etxean, aurrez aurre eta online, Mikel Armendariz Iruñeko Udaleko Berrikuntzako, Gazteriako eta, Garapenerako Lankidetzako zinegotzia eta Gazteriako teknikariak bertan zirela. Horrez gain, aurreko edizioan udalaren laguntzari esker bidaiatu zuten bi neska gazteek, Cecilia Monrealek eta Sara Navazek, haien esperientzia pertsonalaren berri eman zuten.
2024ko Inti ibilbidea: Aztarnak hondarrean, hamargarren abenturak 2014an egin zen lehenbiziko espedizioaren ibilbide bera eginen du.