Iruñean erroldatuta daudenek maiatzaren 4ra bitarte bozkatzen ahal dute 2026ko sanferminak iragarriko dituen kartela, epaimahai teknikoak hautatutako 10 proposamenen artean

Iruñean erroldatuta daudenek maiatzaren 4ra bitarte bozkatzen ahal dute 2026ko sanferminak iragarriko dituen kartela, epaimahai teknikoak hautatutako 10 proposamenen artean
Erroldatu bakoitzak boto bakarra ematen ahal du, udal-webgunean, 010 – 948 420 100 edo Civivox Sarean dauden boto-ontzietan
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñean erroldatuta daudenek dagoeneko bozkatzen ahal dute 2026ko sanferminak iragarriko dituen kartela. Jaiak hasteko bi hilabete pasatxo falta direnean, dagoeneko ezagutzen dira epaimahai teknikoak aukeratutako hamar kartelak, aurkeztu diren 488 kartelen artean. Hamar proposamenak, denak desberdinak, Kondestablearen jauregian bisitatzen ahal dira eta www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es/eu webguneetan daude ikusgai.

Herritar bakoitzak boto bakarra ematen ahalko du, maiatzaren 4ra bitarte, honako bide hauetatik: 010 Herritarrendako Arreta telefonora deituta (mugikorretik edo Iruñetik kanpoko tokiren batetik deituz gero, 948 420 100 telefonoa erabili behar da) eta, aurrez aurre, Civivox sareko zentro guztietan instalatutako boto-ontzietan. 010ean bozkatzeko epea maiatzaren 4an, 19:00etan amaituko da eta Civivox sarean, egun berean, 22:00etan. Telematikoki ere bozkatzen ahal da www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es/eu webguneetan, maiatzaren 4ko (astelehena) 23:59era arte.

2026ko sanferminetako kartel lehiaketako berritasunak prentsaurrekoan ezagutzera eman dituzte Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotziak eta Íñigo Gómez Eguíluz alorreko zuzendariak, eta epaimahai profesionaleko kideekin batera aurkeztu dituzte aukeratutako hamar kartelak. Honako hauek dira hamar lan finalistak, dagozkien bozketarako zenbakiarekin eta plika-zenbakiarekin: 

•    1. kartela. 3932. plika. Erritmoa eta pasioa
•    2. kartela. 3955. plika. Elkarrekin
•    3. kartela. 4059. plika. Bakea eta maitasuna
•    4. kartela. 4081. plika. Kuadrilla
•    5. kartela. 4117. plika. Esther Aratak koloreen, letren eta zenbakien nahasketa aurkezten du
•    6. kartela. 4163. plika. Festaren atalak
•    7. kartela. 4285. plika. Zatoz, ikusi... bizi!
•    8. kartela. 4372. plika. Sanferminetako postala: gau argitua
•    9. kartela. 4384. plika. Tradizioaren aurpegia
•    10. kartela. 4390. plika. Dena gorriz hasten da

Aurkeztutako 488 lanen artean, aukeratutako 10 finalistek agerian uzten dute jasotako proposamenen zabaltasuna eta aniztasuna. Lanetan askotariko begiradak ikusten ahal dira, hala ere sanferminetako iruditeriaren elementu ikonikoak nabarmentzen dira, hala nola, santua, entzierroa, konpartsa eta musika. Era berean, askotariko teknikak erabili dituzte, hala nola, irudi digitala, ilustrazioa, collagea eta marrazkia. Emaitza tradizioa eta garaikidetasuna uztartzen dituen lagin orekatua da, jaien inguruko sorkuntzen aberastasuna agerian uzten duena.

Boto gehien eskuratzen dituen kartela 2026ko sanferminetako irudia izanen da, eta 5.000 euroko sari bat eskuratuko du. Herritarrek bozkatzeko aldirako hautatutako beste 9 kartelek 500na euro jasoko dituzte, lehiaketako azken aldian parte hartzeko egindako lanagatik.
Lehiaketaren fase honetan, oinarriek berariaz debekatzen dute parte hartzen duten lanen egileen datuak zabaltzea. Parte hartzea anonimoa da, eta hala izan behar du lehiaketaren fase guztietan. Parte hartzaileek ezin izanen dituzte kartelen irudiak zabaldu (hautatuak izan edo ez), ezta egileak nor diren esan ere, harik eta kartel irabazlearen aurkezpen ofiziala egiten den arte.

Anonimotasunaren betebeharrari buruzko oinarriak ez betetzea arau-hauste larritzat hartuko da. Arau-hauste larri horrek izanen duen zehapena da, aurtengo ediziotik automatikoki kanporatuta geratzeaz gainera, ezinen dela lehiaketara 3 urtez aurkeztu. Adimen artifizialaren bitartez osorik edo partzialki sortutako obrak ezin dira saritu.

2026ko edizioan Íñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako eta Kiroleko alorreko zuzendaria izan da epaimahaiburua. Eta hauek izan dira epaimahaikideak: Roberto Barbero Goñi Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako irakaslea; Agustín Ferrer Casas arkitekto tekniko, ilustratzaile eta komikigilea; Maite Mutuberria Larraiotz ilustratzaile eta Euskal Irudigileak taldeko kidea; Ana Pérez Errea Estudio Erreako diseinatzailea eta Nafarroako Komunikazio Enpresen elkarteko kidea; Amaya Suberviola García arte ederretan lizentziatua eta artista, eta Javier Manzanos Garayoa Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikaria. Idazkaria Lidia Aguerri Hermoso de Mendoza Kulturako, Jaietako, eta Kiroleko Alorreko administraria izan da.

Nola parte hartu herri-bozketan
Iruñean erroldatuta dauden eta bozketan parte hartu nahi dutenek I www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es/eu udal-webguneetan bozkatzen ahal dute. Bozkatu ahal izateko, posta elektronikoko helbide bat izan beharko dute. Hamar proposamenen artean gogokoen duten kartela aukeratu eta gero, inprimaki bat bete beharko dute: NANa, AIZa edo pasaportea (hizkiak barne) idatzi beharko dute, baita izen-abizenak eta baliozko helbide elektroniko bat ere. Sistemak esteka bat bidaliko du emandako helbide elektronikora, eta esteka hori baliozkotu beharko da botoa gauzatzeko. Bakoitzak boto bakar bat ematen ahalko du.

010 – 948 420 100 Herritarrendako Arreta Telefonoaren bidez bozkatzen dutenek NANa, AIZa edo pasaportea (hizkiak barne) eman beharko dute, baita izen-abizenak ere. Aurrez aurreko bozketa egiteko Civivox Sareko zentroetara joan eta bertan eskuragarri dauden boto-paperak erabiltzen ahal dira, eta NANa ere sartu behar da gutun-azalean. Datuak alderatuko dira bikoiztasunak ekidite aldera.

Sanferminetako kartela aukeratzeko egiten den hamazazpigarren herri-bozketa da. Parte hartzeko prozesua 2008an abiatu zen, eta 2020an eta 2021ean ez zen egin, koronabirusaren pandemiaren ondorioz jaiak bertan behera geratu baitziren. 

Parte-hartzeari eutsi zaio
Sanferminak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketaren edizio honetara 488 lan aurkeztu dira, aurreko urtekoaren (490) antzeko kopurua. 488 proposamenen artean, 291 (guztien % 59,6) Nafarroatik heldu da, eta 8 atzerritik: 3 Estatu Batuetatik, 1 Kanadatik, 1 Frantziatik, 1 Erresuma Batutik, 1 Ekuadorretik eta 1 Andorratik.

Nafarroatik heldu diren 291 karteletatik, 160 Iruñetik datoz, erdia baino gehiago.189 lan beste erkidego batzuetatik datoz, batez ere Madrildik (40) eta Euskal Autonomia Erkidegotik (37): 17 Gipuzkoatik, 15 Bizkaiatik eta 5 Arabatik. Valentziako Erkidegotik 23 proposamen jaso dira: 11 Valentziatik, 6 Alacantetik eta 6 Castellonetik; 18 Kataluniatik: 16 Bartzelonatik eta 2 Gironatik; 17 Gaztela eta Leonetik: 7 Burgosetik, 3 Soriatik eta 3 Leoitik, besteak beste; 16 Andaluziatik: 5 Sevillatik, 3 Cadizetik, 3 Malagatik eta 2 Almeriatik, besteak beste: 15 Aragoitik: 11 Zaragozatik eta 3 Huescatik, besteak beste; 6 Gaztela-Mantxatik, 4 Galiziatik eta 3 Errioxatik. Gainera, beste probintzia batzuek ere parte hartu dute, parte-hartze txikiagoarekin bada ere: Kantabriako bik eta Balearretako beste bik, besteak beste. 

Adinen arabera 30 eta 49 urte bitartekoak dira nagusi (193) eta 50 urtetik gorakoek aurkeztutako lan kopurua ere nabarmena da (168).  18 urtetik beherakoek 18 kartel aurkeztu dituzte eta 19 eta 29 urte bitartekoek 109. Generoari dagokionez, gizonezko egileak dira nagusi % 57,3 aurkeztu baitira, emakumeak berriz % 41,8 izan dira; arrakala urteekin laburtzen doa.


2026KO SANFERMINETAKO KARTEL LEHIAKETAREN FINALISTAK. EPAIMAHAIAREN BALORAZIOA

1. kartela. Kartelaren izenburua: Erritmoa eta pasioa
Kartel baten definizio perfektua: biribila eta nortasun bisual benetan indartsukoa. Minotauroak festen elementu zeharo bereizgarriak jasotzen ditu bere baitan, hala nola zezena, txupinazoa eta sanferminetako jantziak. Kolore-paleta mugatua da, eta aldi berean, sutsua. Gainera, Saul Bass diseinatzaile grafikoari eginiko omenaldia nabari da: Otto Premingerren Anatomía de un asesinato (Hilketa baten anatomia) filmaren kartela bezain ikonikoak diren kartelen egilea.

2. kartela. Kartelaren izenburua: Elkarrekin
Teknika piktorikoaren bitartez egindako lanak gizatasuna eta izaera ematen dizkio kartelari. Pertsonaiak elkarrekin daude eta, aldi berean, hutsune gorri batek bereizten ditu. Espazio horrek festak ekartzen ditu gogora eta egun berezi horietako jendearen jarioa eta joan-etorriak iradoki.  Testuak pertsona batek beteko zuen hutsunea betetzen du, irudiarekin mimetizatua. Eszenaren ikuspegi zenitalari esker baterako irudi bat hautematen da, norbanakoak batasun gisa ulertuta.

3. kartela. Kartelaren izenburua: Bakea eta maitasuna
Kartelak sanferminetako topikoen osagai formalak erabili ditu errebeldia jatorrezko ikur batean. Kalterik egiten ez duen lotsagabekeria kontrolatu eta sinbolikoa. Irudi ausarta da, irribarre bat eragiten digu, hasieran, eta arina dirudien festa-giroan sartzen gaitu.

Hala ere, silueten soiltasunak eta trazu dardarati eta zakarrek irudi biribila eta zuzena osatzen dute. Tratamendu grafikoaren soiltasunak eta kolorearen erabilerak izaera delikatua eta atsegina ematen diote —harrigarria bada ere—. Inozoa agian, baina bakerako gonbit egokia da, zalantzarik gabe, gaur egungo testuinguru belikoan zerbait ospatu nahi badugu.


4. kartela. Kartelaren izenburua: Kuadrilla
Kartelak abilezia handiz transmititzen du sanferminen esentzia, festak osatzen dituzten uneen, tradizioen eta bizipenen aberastasuna islatuta. Aktiboa eta dinamikoa izateagatik nabarmentzen da, bizi-bizirik dagoen konposizioa da, festen izaera kolektiboa eta parte hartzailea iradokitzen duen eszenak beterik.

Kolorearen erabilerak epeltasuna eta energia ematen dio. Elementuen ugaritasunak halako horror vacui bat sortzen du, baina, aldi berean, Sanferminek berezkoa duten intentsitate eta neurrigabekeria sentsazio hori transmititzen laguntzen du. Oro har, proposamen benetan adierazkorra eta tokiko identitatez beterikoa da.

5. kartela. Kartelaren izenburua: Esther Aratak koloreen, letren eta zenbakien nahasketa aurkezten du
Kartel ausarta da: trazuaren emozioak eta indarrak perfekzio teknikoak baino garrantzia handiagoa du. Kaleko graffitia landugabeko trazu azkar eta zakarrekin uztartzen du, energiaz beteriko giro kaotiko eta gordina sortuta.

Kolorebakarra denez, sanferminen estereotipo eta topikoetatik urrun sartzen gaitu festan. Irudiaren tratamendua bat dator batzuetan bigarren mailan geratzen diren pertsona eta kolektiboen aniztasunaren ordezkari gisa Esther aukeratu izanarekin.

Sanferminetako festa erreginaren pertsonaiaren aukeraketan eta gizatiartzen duen tratamenduan nabarmentzen da, ustezko baldarkerian: itxura hartzen duen nahasmena eta anabasa ulergarri bihurtzen da, azkenean. Sanferminek berezko duten kaos ordenatu eta herrikoia egoki irudikatzen du kartel honek.

6. kartela. Kartelaren izenburua: Festaren atalak
Kartelak sanferminak bizirik dagoen ehun gisa irudikatzen ditu. Askotariko forma eta koloretako txatalen bidez, desberdinen arteko elkartasuna irudikatzen du, askotariko uneen, guneen eta pertsonen josketa. Digitaletik urrunduta, ehundurek epeltasuna ematen diote eta sanferminetako janzkera oroitarazten digute. Patxadaz begiratzera eta bakoitzak nahi duen bezala ulertzera gonbidatzen duen proposamen irekia da.

7. kartela. Kartelaren izenburua: Zatoz, ikusi... bizi!
Caravinagre jaietako protagonista bilakatu da beste behin, oraingoan, zaldiko baten gainean doa –batek daki zaldizkoari baimena eskatu dion edo bere lekutik maltzurki kendu duen–. Hala, Kiliki ospetsua parranda betean dagoen Udaletxe plazako zalapartaren artean nabarmentzen da, bai eta sanferminak iragartzen dituen joko-tipografikoaren erdian gailendu ere. Konposizioaren kolore biziz osatutako olio-pinturen paletak festen argitasuna islatzen du eta kartelaren izenak gonbit egiten du: etorri, ikusi... bizi!

8. kartela. Kartelaren izenburua: Sanferminetako postala: gau argitua
Kartelaren ezaugarri nagusia da su artifizialak erdigunean kokatzen direla, jaietako une kolektibo ikoniko hori ederki jasota. Konposizioa egituratua eta orekatua da, begirada argiztatutako zerutik Ziudadelara gidatzen du, eta, azkenik, jendetzara. Gaueko giroa oso ongi landuta dago, eta jendearen presentziak anabasa partekatuaren sentsazio hori indartzen du: indibiduala dena kolektiboaren barruan desegiten da. Oro har, su-artifizialei buruzko proposamen zaindua eta iradokitzailea da.

9. kartela. Kartelaren izenburua: Tradizioaren aurpegia
Kartelak konposizio oso klasiko, garbia eta dotorea du eta tradizioari eta musika herrikoiari omenaldia egiten dio, sanferminetako giro paregabe eta jatorraren ezaugarri den funtsezko oinarria baita.    
Gorputz erdiko erretratua da, aurpegia kartelaren hondo neutroan ezkutatzen da, musikari protagonismo anonimo eta kolektiboa emanez.
    
Gaitero unibertsal horren irudiak Javier Lacunza ekartzen digu gogora: funtsezkoa izan zen Nafarroako gaitaren berpizkundean eta duela gutxi hil zen.

10. kartela. Kartelaren izenburua: Dena gorriz hasten da
Abstraktuaren purutasuna. Suziria festaren sinbolo nagusietako bat da, eta kartel honetan espazioa zeharkatzen du bi koloreko konposizioa sortuta. Tipografia apala da, kartelaren beheko aldean idatzitako “abizen” bat besterik ez, beste guztia bere sinpletasunean ederra den koadro bat da.

 

¿Te ha sido útil esta página?