Iruñean ehun jarduera baino gehiago antolatu dira Eguberrietarako, kontzertuak, lantegiak, ikuskizunak eta txikienendako aisialdirako guneak tarteko

Iruñean ehun jarduera baino gehiago antolatu dira Eguberrietarako, kontzertuak, lantegiak, ikuskizunak eta txikienendako aisialdirako guneak tarteko
Hiriak abenduaren 15ean, ostiralarekin, emanen die ongietorria jai horiei, Udaletxeko balkoitik Eguberrietako pregoia eginez
Fitxategi
zorionak



Eguberrietako festak segituan datoz, eta Iruñeko Udalak aste honetan hasi eta urtarrilaren 6ra arte eginen diren jarduera-programa zabala diseinatu du. Kontzertuak, musika kalean, lantegiak, ikuskizunak, Bestelako Argiak jaialdia, Eguberrietako azoka eta txikiendako bereziki diseinatutako aisialdiko eta denbora libreko guneek osatzen dute ehun jarduera baino gehiagoko programazioa. Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak prentsaurrekoan aurkeztu ditu. Eguberri hauetako programazio osoa https://www.pamplona.es/navidad_2023 eta https://www.pamplona.es/eu/2023koeguberriak webguneetan kontsultatzen ahal da.

Nahiz eta astelehen honetan bertan dagoeneko Eguberrietako giroa Iruñeko kaleetan barna zabalduko den Joaquín Maya musika eskolako fanfarrearen eskutik eta Civivox sareak Eguberrietako gozogintzari eta janariei buruz programatu dituen lantegien bidez, abenduaren 15ean eginen da Eguberrietako pregoi tradizionala. Hitzordua 19:00etan izanen da Udaletxe plazan eta oraingoan, Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako bost buruhandiek emanen dute. ‘Alkateak’, ‘Zinegotziak’, ‘Amonak’, ‘Jaun Japoniarrak’ eta ‘Andre Japoniarrak’ emanen diete ongietorria Eguberriei. ‘Alkateak’ emanen du diskurtsoa eta demokrazian hiriko alkate izandako guztiei keinu eginen die, Iruñearen Egunean Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrenaren karietara egindako ekitaldiak zirela eta aintzatespena jaso zutenei. Pregoian sorpresa txiki bat egonen da, eta Belengo Artzainen Jaierazko Bazkunaren, Iruñeko orfeoiaren eta Pablo Sarasate Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren musikak girotuko du ekitaldia.

Aurtengo berritasunen artean, Udaletxeko fatxadarako berariaz sortutako bideo-mapping ikuskizuna nabarmentzen da, abenduaren 29an eta 30an proiektatuko dena eta Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrenaren ospakizunei amaiera emanen diena. ‘Burguak eguberrietan’ izenburupean, ikuskizunak gainazalean ilusio optikoak sortzen dituzten hiru dimentsiotako irudien proiekzioa eta artisten zuzeneko emanaldiak uztartzen ditu, bertako egileek sortutako musikaz lagunduta. Proposamenak ikusleen bizipenei, oroitzapenei eta emozioei heltzen die hiriarekiko duten identitate- eta errotze-sentimenduaren bidez partaide egiteko. Aurreikuspenen arabera, ikuskizunaren sei emanaldi eginen dira, abenduaren 29an (ostirala) eta 30ean (larunbata), eta 12 eta 16 minutu bitarte iraunen dute. 19:00etan (gaztelaniaz), 20:00etan (euskaraz) eta 21:00etan (gaztelaniaz) eginen dira. Hala ere, Udalak lanaren jabegoa du, eta fatxadan egiten diren beste ikuskizunetarako erabiltzen ahalko du.

Aurtengo edizioko beste aldaketa bat Eguberrietako Azoka tradizionalaren kokapena izanen da, aurten Gazteluko plazatik Sarasate pasealekura lekualdatuko baita. Azokan elikagai eta oparien 40 postu baino gehiago egonen dira, eta abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra egonen da zabalik, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean salbu. 10:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era egonen da zabalik, urtarrilaren 6an izan ezik, goizez bakarrik eginen baita. Kokapena aldatu da Gazteluko plazan 200 patinatzailerendako edukiera duen estalitako izotz-pista bat instalatu delako. Pista abenduaren 3an inauguratu zen, eta urtarrilaren 6ra arte egonen da zabalik.

Musika kalean
Errotuen dagoen proposamenetako bat musika kalean da, doinuak hiriaren erdigunean barna ez ezik auzoetara ere eramanen dituena. Kontzertu-ibiltari horietan hainbat entitatek eta taldek parte hartuko dute. Hala, hiriaren erdigunean barna eginen direnetan honako hauek izanen dira, besteak beste: Joaquín Maya Musika Eskola, Pablo Sarasate Goi Mailako Musika Kontserbatorioa, Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionala, AGAO abesbatza (Operaren Adiskideen Gayarre Elkartea), Iruñeko Orfeoia eta askotariko fanfarre eta txarangak, hala nola Gazte Soinua fanfarrea, Miguel Arrozpide txirimia-ensenblea eta Goxo Txaranga. Kasu horretan, ikuskizunak abenduaren 11n bertan (astelehena) hasiko dira, eta abenduaren 28an amaitu.

Bestalde, batez ere gaiteroek, konpartsek eta abesbatzek eramanen dute musika Iruñeko auzoetan barna. Horretarako, Udalak honako hauen laguntza izanen du: Lezkairuko, Txantreako, Zarrabete, Sanduzeilaiko, Erreniegako, Haizeberri, Ezpelur eta Hankabeltza gaiteroak, Buztintxuriko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Mendillorriko Erraldoi eta Kilikien konpartsa, Arrotxapea konpartsa, Tiriki Trauki fanfarrea, Zuperri fanfarrea, Oberena abesbatza, Corazón de Jesús abesbatza, Media Luna korala, Gracia Navarra jota-akademia eta Gartxot Konpartsa elkartea. Auzoetako musika abenduaren 20an abiatuko da eta urtarrilaren 5era arte iraunen du, abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a salbu. 

Aurten musikak garrantzi berezia hartuko du Gazteluko plazako kioskoan. Bertan, abenduaren 30ean, larunbatarekin, piano bat jarriko da, herritarrak jotzera anima daitezen. Ekitaldia Maialen Lecumberri abeslariak girotuko du, eta pianoan jotzen diren doinuen akonpainamendua eginen du. 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara egonen da eskuragarri, pianoko eta musikako ikasleek eta jakin-mina duten pertsonek dituzten instrumentu hori jotzeko abilezia erakusteko aukera izan dezaten. 

Kontzertuak elizetan, Kondestablen, Baluarten eta Gayarre antzokian
Kaleko musikaz gain, Eguberrietako egunetarako guztira 17 kontzertu antolatu dira barnealdeetan, batez ere, elizetan. Zentzu horretan, musika-ekitaldiak eginen dira hiriko hamaika elizatan, eta lau Kondestablearen jauregian, bat Baluarten eta beste bat Gayarren antzokian. 

Elizetako kontzertuak 20:00etan izanen dira beti, eta abenduaren 16an, larunbatarekin, hasiko dira San Zernin elizan, Trío Fluencias taldearen eskutik. Musika-ziklo hori hainbat elizatan eginen da: Milagrosako Misiolari Pauldarreren eliza, Karlos III.aren etorbideko Aita Kaputxinoena, San Agustin eliza, Karmengo Andre Mariaren eliza (Aita Karmeldar oinutsak) eta Santo Domingo eliza (Aita Domingotarrak), besteak beste. Kontzertuak abenduaren 30era arte eginen dira.

Horien artean, La Pamplonesa musika-bandaren kontzertu tradizionala nabarmentzen da, abenduaren 17an, igandearekin, 12:00etan eginen dena. Gainera, abenduaren 20an, 20:00etan, Baluarten, Iruñeko Sinfoniettaren kontzertu bat eginen da. Kondestableko proposamenak abenduaren 22an, 26an, 27an eta 28an izanen dira, 19:30ean, eta bertan Viva la Música, El Salvador eta La Asunción abesbatzek eta Armonia errondailak parte hartuko dute. 

Bestelako Argiak eta Santas Pascuas
Beste urte batez, eta dagoeneko zortzigarrena da, Bestelako Argiak jaialdiak berriz ere bestelako arte-proposamen bat eskainiko du Ziudadelako barrutian. Abenduaren 20tik urtarrilaren 7ra bitarte bideoarte-proiekzioak eginen dira barruti gotortuaren kanpoaldean, bai eta argi instalazio bat sarreretan. Jaialdiak, halaber, sorkuntza artistikoko lantegiak eta musika ikuskizun bat barne hartuko ditu. Proiektatuko diren lau film laburrak Zinetika jaialdiaren VIII. edizioko zinema-hautaketa bat dira. Diziplina anitzeko jaialdia da, eta dantzaren, ikus-entzunezko hizkuntzaren, gorputzaren eta teknologiaren arteko harremanak eta sortzen dituzten arte-esperientziak aztertzen ditu. Bideoarte lanak dira, minutu bat eta lau minutu bitartekoak, eta etengabe proiektatuko dira arratsaldez, 17:30etik 20:30era bitarte.  

Bestalde, 2023ko Santas Pascuas jaialdia eginen da abenduaren 25etik urtarrilaren 6ra bitarte, Zentral aretoan. Jaialdiak egungo musika-panoramako artistak ekarriko ditu Iruñera sei kontzerturen bidez. Horien artean El Columpio Asesino taldea nabarmendu behar da, zeinak bi saio eskainiko baititu abenduaren 28an eta 29an, agertokiei agur esateko, eta dagoeneko sarrerak agortuta daude. Lehenengo kontzertua abenduaren 25ean, astelehenarekin, eginen da Ben Yart, Raimundo El Canastero eta Safu artista nafarren eskutik. Musika aurrera jarraituko du abenduaren 27an, asteazkenarekin, Lisabö eta Rüdiger taldeen kontzertuekin. El Columpio Asesino taldearen ondoren, urtarrilaren 4an, Jimena Amarilloren eta Verde Pratoren txanda izanen da, eta urtarrilaren 6an (larunbata), La Élite taldea eta Navarra Music Comissionek babestutako artista bat arituko dira, azken hori oraindik baieztatzeke. Kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daude https://www.santaspascuas.com/conciertos webgunean. 

Leonardo Da Vinciri eskainitako Eguberriak Civivoxetan
Eguberrietan Civivox sareak Leonardo Da Vinci artista, asmatzaile eta humanistaren irudiaren inguruan askotariko jarduerak antolatu ditu, haurrei bereziki zuzenduak. Antzerkia, zinema, ikuskizunak eta arte-lantegiak eta Legozko eraikuntza-lantegiak eginen dira. Jarduerak abenduaren 26an hasi eta urtarrilaren 5era arte eginen dira. Mendillorri, Iturrama, Kondestable eta Sanduzelaiko Civivoxetan Leonardo protagonista izanen duten hainbat antzerki-ikuskizun eginen dira, abenduaren 28an eta 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an. ‘Leo da Vinci: Misión Mona Lisa’ animaziozko filma ere proiektatuko da abenduaren 29an eta urtarrilaren 4an. Artista horren inguruko ekintzen barruan Legozko sorkuntzak egiteko ziklo bat ere eginen da, abenduaren 26, 27, 28, 29 eta 30ean eginen dena, 6 eta 12 urteko haurrei zuzenduta. Egun bakoitzean Civivox batean eginen da: Juslarrochan, Zabalgunekoan, Milagrosakoan, Iturramakoan eta Sanduzelaikoan, hurrenez hurren. Tokiak zozketa bidez esleituko dira. Informazio guztia https://www.pamplonaescultura.es/programas/leonardo-da-vinci-en-civivox… webgunean kontsultatzen ahal da. 
Programazio guzti horri Kondestable Civivoxak antolatutako eguberriko sukaldaritzako bost lantegi gehituko zaizkio, abenduaren 12, 13, 14, 19 eta 20an eginen direnak. Eguberrietako gozogintza, Gabon gaueko afaria, Eguberrietarako ardoak eta Urtezahar gaueko afaria izeneko lantegiak eginen dira 18 urtetik gorakoei zuzenduta, eta eguberrietako gozoki lantegia familiartean, adingabeek lagundutako helduendako.

Adingabeendako aisialdiko guneak
Hiriko haur eta nerabeei doako aisialdirako aukera bat eskaintzeko asmoz, Iruñeko Udalak hainbat gune prestatu ditu haien gozamenerako. Zehazki, autobus-geltoki zaharrak adin guztietarako animazio- eta entretenimendu-jarduerak izanen ditu Eguberrietan, ohe elastikoak, tren txikiak eta jolas tradizionalak nahiz magia-, antzerki-, musika- eta dantza-ikuskizunak. Gune hori egunero zabalduko da, abenduaren 22tik urtarrilaren 5era arte, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, egun horietan itxita egonen baita. Ohiko ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era izanen da. Abenduaren 24an eta 31n, eta urtarrilaren 5ean, goizez bakarrik irekiko da. 

Gainera, Askatasun plazan Coworkids Gunea jarriko da abenduaren 26tik 29ra eta urtarrilaren 2tik 4ra. Karpa horretan, 3 eta 12 urte bitarteko adingabeendako doako puzgarriak izanen dira, eta, horien osagarri, baita lantegiak, familia-jolasak eta gainerako jarduerak ere. Karpa 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara irekiko da. Gainera, arratsaldero, 17:00etan, magia-, dantza- eta musika-emanaldiak izanen dira familia osoarentzat. Gune horretan bertan zaldiko-maldiko bat ere izanen da, 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara. 

Horri guztiari Coworkids-ek 3 eta 12 urte bitarteko haurrendako eskaintzen dituen hiri-kanpaldien eskaintza gehitu behar zaio. Izen-emateak asteartean hasiko dira eta 010 – 948 420 100 telefonoaren bidez eginen dira. Guztira 120 leku eskaintzen dira Cardenal Ilundain eta Iturrama ikastetxe publikoetan, abenduaren 26tik 29ra, goizeko 08:00etatik 15:30era eginen diren kanpaldietarako. Kanpadiek jangela-zerbitzua eskainiko dute, lau egunetarako 68 euroko prezioan. Jangela-zerbitzua ez erabiltzea aukeratuz gero, prezioa 44 eurokoa da.

Olentzero eta Errege Magoak
Eguberrietako proposamenak garrantzi berezia hartuko du abenduaren 24an eta urtarrilaren 5ean, Olentzeroren eta Ekialdeko Errege Magoen etorreraren bezpera dela eta. Udaletxeak harrera eginen die autoritate horiei, bakoitzari dagokion egunean. Hala, lehenengoz, Olentzero Udaleko balkoietara aterako da, abenduaren 24an, 13:00etan, eta ekitaldian Patapum taldearen emanaldia ere izanen da. Bestalde, hilaren 5ean, Errege Magoak 16:20 aldera joanen dira Udaletxera, Magdalena zubitik hirira iritsi eta Frantziako Portalea zeharkatu ondoren. Bertatik, Udaletxe plazara joan diren haurrak agurtuko dituzte.

Lau pertsonaien irudiak Udaletxeko ezkaratzean daude dagoeneko, ondoan postontzi bana dutela, txikienek bertan utz ditzaten haien desioen gutunak. Irudi horiek Iruñeko Belenzaleen Elkarteak espazio horretarako egin duen jaiotza dagoen leku berean daude. Lekuak garai bateko Iruñeari keinu egiten dio, San Saturnino eliza atzean duela. Ezkaratzera etenik gabe gabe sartzen ahalko da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan eta jaiegunetan, 10:00etatik 20:00etara.

Iruñeko Udalak spot bat kaleratu du Eguberriak zoriontzeko Gabonetako postal gisa. Hiriari, bertako jendeari, merkatariei eta abarrei eskerrak emateko zorion mezu bat da, egunero ematen duten guztiagatik. Iragarkia, gaztelaniaz eta euskaraz ikus daiteke, Iruñeko Udalaren Youtubeko kanalean eta https://www.pamplona.es/navidad_2023 eta https://www.pamplona.es/eu/2023koeguberriakudal-webguneetan, bi bertsiotan: bat 2 minutukoa, eta bestea, laburragoa, 30 segundokoa.

¿Te ha sido útil esta página?