Iruñean da berriz ere Mapping Jaialdia, artea haur txikienei hurbiltzeko ikuskizun, instalazio eta jaialdien bidez

Iruñean da berriz ere Mapping Jaialdia, artea haur txikienei hurbiltzeko ikuskizun, instalazio eta jaialdien bidez
Jaialdiaren bigarren edizioa da, eta Mendillorriko Civivoxean eta Iturramako Civivoxean eginen da hil honen 12tik 26ra
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñean eginen da, azaroan, Familiendako eta Haur Txikiendako Nazioarteko Mapping Jaialdia, txikienen artean sormena sustatzeko tresna, ikuskizunen, lantegien eta instalazio sentsorialen bitartez. Iruñeko Udalak, Civivox sarearen bidez, Teatro Paraíso taldearekin elkarlanean, martxan jarri du azaroaren 12tik 26ra eginen den eta haur txikiak dituzten familiei bereziki zuzendutako jaialdi hori. María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak, María Pilar López Teatro Paraíso Antzerkiko zuzendariak eta Jaione Urtasun La Piel Teatro taldeko zuzendariak gaur aurkeztu dute jaialdiko programazioa, Mendillorriko eta Iturramako Civivoxetan eginen dena.

Jaialdia izen bereko Europako proiektu baten eskutik sortu zen, eta Udalak kultura-alfabetatzeko zerbitzu bat eskaini nahi du haur txikiendako, esperimentaziotik eta behaketatik arteak ezagutzeko, adin txikietatik jakin-mina eta interesa sustatze aldera. Gainera, jaialdiari esker herritarren artean kultura garaikidea sustatuko da, bai eta arteen munduan lankidetza eredu bat finkatu ere.

LUDI jaialdiari hasiera emanen dion ikuskizun interaktiboaren izena da; azaroaren 12an eginen da, larunbatarekin, Mendillorriko Civivoxean. Antolatzaileek adierazi duten bezala, poema eszeniko bat da, zeinetan artistak eta ikusleak natura osatzen duten elementuetan murgilduko baitira zentzumenetatik esperimentatzeko xedez. Lau saio aurreikusi dira, bi gaztelaniaz (10:30ean eta 18:30ean) eta bi euskaraz (12:00etan eta 17:15ean). Jarduera doan da, eta 2 eta 4 urte arteko haurrei zuzenduta dago (haurrek heldu batek lagunduta egon behar dute).

Larunbatean, halaber, bigarren ediziorako programatutako bi ikuskizunak eginen dira. Hala, 19an, 1 eta 3 urte bitarteko haurrek ‘Aqualuz / Urargi’ proposam eszenikoaz gozatzeko aukera izanen dute. Bertan, La Piel Teatro konpainiaren helburua da txikienek argiarekin eta urarekin esperimentatzea, hainbat emozioren iturri gisa. Ikuskizuna Teatro Paraíso Antzerkia taldearen laguntza eta aholkularitzari esker sortu zen. Lankidetza hori, hain zuzen ere, edizio honetako berrikuntza bat da, bi konpainiek elkarrekin lan egin baitute beren arte- eta ekoizpen-gaitasunak handitzeko.

Bestalde, azaroaren 26an, larunbatarekin, Théâtre de la Guimbarde Belgikako konpainiaren txanda izanen da, eta ‘Cache-Cache’ antzezlana eskainiko die 2 eta 4 urte bitarteko haurrei. Ikuskizunak ezkutaketan jolastearen inguruko guztia aztertzen du: emozioak, beldurra, sorpresa eta poza. Bi kasuetan, egun bakoitzeko bi saio aurreikusi dira, 10:30ean eta 12:30ean, Mendillorriko Civivoxean.  ‘Aqualuz / Urargi’ ikuskizunaren 12:30eko emanaldia euskaraz izanen da.

Hitzaldiak eta lantegiak
Jaialdiak, halaber, barne hartzen du helduendako prestakuntza-hitzaldi bat, gurasoek eta irakasleek etxeko eta eskolako jolasaren dimentsioan sakondu ahal izateko, baita jolasak dakarren hezkuntza- eta ikaskuntza-osagaian ere. Hitzaldia azaroaren 24an eginen da, ostegunarekin, arratsaldeko 18:00etan. Ordu eta erdian, Elena Erasok (Art&Peques) haurrek bakarrik edo taldean egiten dituzte jolasetan sortzen dituzten ‘minimunduen’ eginkizunari buruz arituko da, eta horrek antzerki-eszenaratzearekin dituen antzekotasunei buruz. Hitzaldia doan da eta Iturramako Civivoxean eginen da.

Haur txikienendako proposamen artistikoak, halaber, barne hartzen ditu 15 hilabetetik 4 urtera bitarteko haurtxoendako adierazpen-artistikoko eta -plastikoko bi lantegi, Urargi eta Cache-Cache ikuskizunetan oinarrituta. Biak ostiraletan eginen dira, 17:30etik 18:30era, bata azaroaren 18an eta bestea 25ean. Lehenengoa Mendillorriko Civivoxean eginen da, ‘Argi-edukiontziak’ izena du eta argi beltza baliatzen duten esperientzia sentsoriala da. Bigarrena, ‘Gordelekua margotzen’, Iturramako Civivoxean eginen da.

Nazioarteko Jaialdia
MAPPING Jaialdiak izen bereko Europako proiektuaren parte dira, eta haur txikiendako arte eszenikoen estetikaren inguruko ikerketa eta dibulgazio une gisa eratu dira. 2023ra arte proiektua osatzen duten 18 kideen lurraldeetan eginen dira.

Antzokiak, instituzioak eta artistak lankidetzan ari dira Europako proiektu horretan. Hala, Teatro Paraíso taldeaz gain (Nafarroako parte-hartzailea), beste hainbat talde engaiatu dira Mapping ekimenarekin, hala nola Toihaus antzerki taldea (Austria); Théâtre de La Guimbarde (Belgika); Madame Bach (Danimarka); Aurako dantza eta antzerki taldea (Finlandia); Limogesko Udala (Frantzia), Helios Antzerkia (Alemania); Artika (Grezia); Kolibri Txotxongilo-antzerkia (Hungaria); Baboro Nazioarteko Jaialdia (Irlanda); La Baracca ONLUS, proiektuko burua (Italia); Bolognako Haurren liburu azoka (Italia); De Stilte (Herbehereak); Teatr Animaczy (Polonia); Teatrul Ion Creanga (Rumania); dLutkovno Gleadalisce Ljubljana (Eslovenia); Teater Tre (Suedia), eta Polka Antzerkia (Erresuma Batua).

 

II. Mapping Jaialdiko programazioa

  • Instalazio-ikuskizuna
    • Azaroak 12, larunbata LUDI. Poema eszenikoak. Iturramako Civivoxa. Gaztelaniaz, 10:30ean eta 18:30etan. Euskaraz, 12:00etan eta 17:15ean. 2 eta 4 urte bitarteko haurrei zuzenduta, heldu batek lagunduta. Sarrera librea da, aurretik izena emanda.
  • Ikuskizunak
    • Azaroak 19, larunbata Aqualuz-Urargi. Mendillorriko Civivoxa. Gaztelaniaz, 10:30ean, eta euskaraz, 12:30ean. 1 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzenduta, heldu batek lagunduta. Sarrerak 3 euro balio du, eta aldez aurretik izena eman behar.
    • Azaroak 26, larunbata Cache-Cache. Mendillorriko Civivoxa. Gaztelaniaz, 10:30ean, eta euskaraz, 12:30ean. 2 eta 4 urte bitarteko haurrei zuzenduta, heldu batek lagunduta. Sarrerak 3 euro balio du eta aldez aurretik izena eman behar.
  • Informazio-hitzaldia
    • Azaroak 24, osteguna Minimundos. Dimentsio askotako jolasa eta ikasketa etxean eta eskolan. Iturramako Civivoxa. Gaztelaniaz. 18:00etan. Helduei zuzenduta, ama, aita eta irakasleei. Sarrera doan da, aurretik izena emanda.
  • Umetxoendako esperimentazio-artistikoko eta -plastikoko lantegiak
    • Uztailak 18, ostirala. Argi-edukiontziak. Argi beltza baliatzen duen esperientzia. Mendillorriko Civivoxa. 17:30ean, gaztelaniaz. 15 hilabete eta 3 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Sarrera: 4 euro, aldez aurretik izena emanda.
    • Uztailak 25, ostirala. Gordelekua margotzen. Civivox Iturrama zentroa. 17:30etan. 2 eta 4 urte bitarteko haurrei zuzenduta, heldu batek lagunduta. Sarrera: 4 euro, aldez aurretik izena emanda.
  • Izen-emateak eta sarrerak eskuragarri daude 010 telefonoan, Civivox sarean eta pamplonaescultura.es webgunean.

 

¿Te ha sido útil esta página?