Iruñean bizi diren ijitoei buruz berariazko azterlana eginen du Udalak, Elkarbizitzarako Plan estrategiko bat prestatze aldera

Iruñean bizi diren ijitoei buruz berariazko azterlana eginen du Udalak, Elkarbizitzarako Plan estrategiko bat prestatze aldera
Nafarroako Gobernuak 15.000 euroz finantzatuko du azterlana, Ijitoen garapenerako estrategiaren barruan

Herritarren Aferen Batzordean Iruñeko Udalak lan-proposamena aurkeztu du Milagrosan elkarbizitza-hobekuntzan aurrera egiteko, ijitoengan berariazko arazoa hauteman baita. Proposamen teknikoak Estrategia Bulegoaren bermea du; eta, besteak beste, ijitoei buruz berariazko azterlana eginen dela jasotzen da, haien egoeraren errealitatea ezagutzeko eta, jarraian, Elkarbizitzarako Plan estrategiko bat prestatzeko, non hori gauzatzeko beharrezkoak diren baliabideak eta langileak zehaztuko baitira.
Azken asteetan Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak zenbait bilera izan dituzte. Bileretan honako hauek ere hartu dute parte: Andrés Carbonero Babes Sozialerako eta Lankidetzarako zuzendari nagusia, Errealitate Sozialaren Behatokia, Oinarrizko Laguntza eta Gizarteratze Zerbitzua zein Udalaren Komunitate Ekintza, Lankidetza eta Kiroleko Alorra. Ijito asko bizi diren eremuetan – hala nola, Milagrosan– elkarbizitzarako irtenbideak planteatzea da helburua. Bilera horietan Iruñean bizi diren ijitoei buruzko azterlana finantzatzeko konpromisoa sortu da, hura abiapuntu hartuta, lan-ildoak zehaztu eta sortutako arazoak ekiditeko. Nafarroako Gobernuak 15.000 euroz finantzatuko du azterlana, Ijitoen garapenerako estrategiaren barruan (2019-2022).
Aurkeztutako proposamen teknikoak honako gogoeta hau du abiapuntu: afera honi erakunde-baliabide espezializatuak erabilita eta Administrazioak berak heldu behar dio, tokian tokiko –hemen, Milagrosako– gizarte-eragileekin elkarlanean. Lehen beharra Udal Batzorde Teknikoa sortzea da, ukitutako alorretako langileak barne hartuko dituena: Gizarte Zerbitzuak, Komunitate Ekintza eta Kirola; Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteria; Herritarren Segurtasuna; Kultura eta Berdintasuna; eta Gobernu Estrategikoa, Merkataritza eta Turismoa. Horrela, esku-hartzeak azkar eta eraginkorrak izan daitezen nahi da, arazo zehatzen alderdi guztiak aintzat hartuta.
Erakunde-elkarlana eta bitartekaritza profesionala
Halaber, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko koordinazio-esparrua beharrezkotzat jotzen da (Eskubide Sozialetako eta Hezkuntzako departamentuen bidez); izan ere, gai honetan horiek dute eskumena, azterlanaren finantziaziotik haratago. Era berean, Udalaren bitartekaria ezartzea proposatzen da red Rromarekin aritzeko, sareak auzoko elkarbizitzaren alde lan egiten duen entitate-sorta biltzen baitu. Bitartekaria Komunitate-garapeneko udal-teknikari bat izanen litzateke.
Egin beharreko azterlanak helburu bikoitza dauka: batetik, ijitoen egoeraren argazkia atera nahi da, biztanle horien errealitatea islatzeko, alderdi guztietan (hezkuntza, gizartea, ekonomia, etxebizitza...); bestetik, mapatu ahal izanen dira biztanle hauen inguruan lan egin duten edo lanean ari diren eragileak, hala Milagrosako auzo-unitatean eta NUPeko Soziologiako eta Gizarte Laneko Departamentuan nola Yoar, Munduko Medikuak, SOS Arrazakeria eta Gaz Kaló elkarteetan. Adibidez, Alde Zaharreko ijitoekin auzo-unitateak garatu duen esku-hartzerako proiektuko esperientzian ikasitakoa aprobetxatzea proposatzen da. Hori guztia, Elkarbizitzarako Plan estrategiko bat prestatzeko, ikuspegi integralago batez eta epe ertain eta luzeari begira, hori gauzatzeko beharrezkoak diren baliabideak eta langileak zehaztu eta bideratuko dituena.
Yoar elkartearekin esku-hartze sozialerako zegoen kontratua urriaren 16an bukatu zen; eta orain erakundeena eta, Udalari dagokionez, Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorrarena izanen da ardura. Gainera, Milagrosan Zure auzoa, zure etxea proiektuak aurrera jarraituko du. Munduko Medikuen elkarlana eta tutoretza ditu proiektuak, eta Iruñeko Udalaren zein La Caixaren finantziazioa; lankidetza-hitzarmena aurki sinatuko da.

 

 

¿Te ha sido útil esta página?