Tokiko Gobernu Batzarrak goizean onetsi du sanferminak direla eta hiriko aparkatze mugatuko eta murriztuko eremuak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa. Beste behin ere, festek iraun bitartean, uztailaren 5etik 14ra, biak barne, Iruñea osoko aparkatzeko tokiak eremu laranjakoak izanen dira 24 orduetan. 3., 4., 5., 6., 7., 8., 9. eta 10. sektoreei eta eremu mugatu bihurtzen ez den 2. sektoreko zatiari eragingo die neurri horrek.
Eremu laranjaren orokortze horretatik kanpo geratuko dira honako hauek: Kaiko kaleko (9. sektorea) egonaldi luzeko aparkalekuak urtean zehar duen erregulazio bera izanen du; Renfe tren-geltokiko aparkatze eremua gorria izanen da, urte osoan bezala, eta udal-hilerriko eremu berrian, lehendabiziko ordua doan izanen da, orain arte bezala, eta gainontzekoetan laranja, eguneko 24 orduetan.
2023ko uztailaren 5etik 14ra, biak barne, 2. sektoreko tarte batean, zehazki Nafarroa Behereko etorbidea, Oliveto Kondearen etorbidea, Armada etorbidea eta Pío XII.aren etorbidearen eta 1. sektoreko mugaren artean gelditzen den eremuan, 1. eta 2. sektoreko bizilagun-txartela dutenek soilik aparkatzen ahalko dute. 1. eta 2. sektoreetako bizilagunek soilik aparkatu ahal izanen dute, era berean, Larraina elkartearen ondoko eremuan. Eskortetako aparkalekua, Alde Zaharreko (1.sektorea) eta Arrotxapeko (8.sektorea) bizilagun-txartela dutenek soilik erabiltzen ahalko dute.
Aparkatze mugatua indarrean egonen da, halaber, 2023ko uztailaren 15etik 31ra, biak barne, urteko gainerako egunetan bezala, hala proposatu baitzuen Dornier S.A. enpresa adjudikaziodunak kontratuaren lizitazioan aurkeztutako proposamenean. Beraz, hirian ez da doan aparkatzeko aldirik izanen eta zerbitzuak ohiko funtzionamenduari eutsiko dio.