Iruñean 665 tona zabor jaso dira kaleetatik bost egunetan, 2023an baino %7,18 gutxiago

Iruñean 665 tona zabor jaso dira kaleetatik bost egunetan, 2023an baino %7,18 gutxiago
Udaltzaingoak hiru salaketa jaso ditu bart gauean indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurretagatik, eta sei lagun atxilotu, inplikatutako guztiak
Irudia
Irudia
Irudia

Sanferminetako lehen bost egunetan Iruñeko Udaleko eta Iruñerriko Mankomunitateko garbiketa taldeek 665,9 tona zabor bildu dituzte, guztira. Kopuru hori 2023an, 717 tona erretiratu zirenean, egun berberetan erregistratutakoa baino % 7,18 txikiagoa da. Bildutako zaborraren erdia beirari dagokio (300,4 tona), eta 2023an jasotakoaren antzeko kopurua da. Mankomunitatearen zabor-bilketa eta Udalaren garbiketa lanak, berriz, %12 murriztu dira batez beste. 

Datuak aldatu egiten dira egun batetik bestera. Asteburuan, zehazki, batez beste % 30 murriztu zen beira (93.720 kilo sortu ziren, eta 132.300 kilo 2023ko irailaren 6an eta 7an), baina zabor bilketa % 20 handitu zen eta % 12 garbiketa lanak. Aste barruan, aldiz, beira-hondakin gehiago sortu da (206.740 kilo egunotan; iaz, 170.120 kilo), eta behera egin du zabor bilketak. Mankomunitateak % 27,3 zabor gutxiago jaso du (98.280 kilo; 136.480 kilo, 2023ko 8, 9 eta 10ean). Bestalde, Udaleko garbiketa taldeak %19,6 zabor gutxiago jaso du (104.880 kilo, eta 139.280 kilo, berriz, urtebete lehenago).

Iruñeko Udalak hainbat urte daramatza sanferminetan ostalaritzan edalontzi berrerabilgarriak erabiltzea sustatzen, hondakin gutxiago sortzeko helburuarekin. Aurten, hain zuzen, 600.000 edalontzi berrerabilgarri baino gehiago banatuko dira taberna, peña eta udal-emakidako espazioetan. Lehen asteburuan bakarrik, jada 315.164 edalontzi banatu ziren, 2023an baino % 16 gehiago, eta helburua zen kopuru hori gainerako jai egunetan igotzea.

80 establezimendu inguru atxiki zaizkio oraingoan edalontzi berrerabilgarriaren kanpainari. Alde Zaharreko 53 taberna, 9 peña eta udal emakidako espazioak dira: Labrit pilotalekua, Foruen plaza, Herri Sanferminak, Nafarroa Oinez eta Eskualde Etxeak, baita Zezen plaza ere. 

Banaketa, bilketa eta garbiketa lanak egiteko, Udalak Varazdin gizarteratze eta laneratze enpresaren laguntza du. Guztira 30 lagun ari dira lanean sanferminetan ahalik eta establezimendu gehienek beti edalontzi berrerabilgarriak eduki ditzaten, erabilitakoak bildu, garbitu eta edalontzi garbiak berriro entregatuz. 

Datu horiek guztiak Babes Zibileko Batzordeak gaur goizean egindako bileran argitaratu dira. Bertan, hainbat erakundek (Udala, Nafarroako Gobernua, Iruñerriko Mankomunitatea eta polizia eta segurtasun kidegoek, hala nola, Udaltzaingoa, Foruzaingoa, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila) jaien bilakaerari buruz hitz egin dute. Oro har, jaietako azken egun honetan salaketak % 45 jaitsi dira, iazko egun berarekin alderatuta. Jaien kopuru metatuan, salaketak % 27 jaitsi dira 2023ko datuekin alderatuta.

Sei atxilotu indarkeriaz egindako lapurretagatik
Udaltzaingoak asteazkenean egindako jarduketen artean, sei lagun atxilotu zituen, indarkeria eta larderia erabiliz egindako hiru lapurretatan parte hartzeagatik. Kasuetako batean, hiru gizonezko atxilotu zituen, hiru neskari urrezko kate bat lapurtzen saiatu baitziren, indarrez tira eginda. Beste bi gizonezko atxilotu zituzten, lagun bati telefonoa lapurtzea egotzita. Beste kasu batean, gizonezko bat atxilotu zuten biktima bat mehatxatu eta etxeko giltzak lapurtzeagatik. Sei atxilotu horiez gain, 19 akta ere jaso zituen Udaltzaingoak, estupefazienteak konfiskatzeagatik. 

Bestalde, Foruzaingoak 54 salaketa jarri eta 7 lagun atxilotu zituen, horietako hiru ukituengatik.  Polizia Nazionaletan 36 salaketa jarri ziren eta 6 atxilotu; Guardia Zibilak 9.722 alkoholemia proba egin zituen, eta horietatik 21ek positibo eman zuten; eta 29 droga proba egin zituzten, 12 positiborekin. 

Disuasio-aparkalekuak % 75ean.
Iruñeko aldirietako aparkalekuak % 75ean egon dira beteta sanferminetako lehen bost egunetan. Jaietan, zortzi disuasio-aparkalekuek 1.696 plaza eskaintzen dituzte Iruñera auto partikularrean joaten direnendako. Lehenengo 24 orduak doan dira guztietan. 

Zortzi aparkalekuen okupazioa asko aldatzen da kokapenaren arabera. Hala, Mochuelo (158 plaza) eta Blas de la Serna (136), Milagrosan, eta Sanduzelai (108), %100ean daude egunero. Mendebaldeako aparkalekuan, berriz, 583 ibilgailurendako aparkalekua dago, eta, batez beste, %25 eko okupazioa du. Bestalde, Biurdanan dago Trinitarios II, eta 198 autorendako lekua du; batez beste, %75 eko okupazioa du. Arrotxapea – Kaputxinoetako aparkalekuak (250) eta Arrosadia (214) eta Milagrosako Ultzama Ibaia (230) aparkalekuek % 65eko okupazioa izan dute batez beste.

Konfiskatzeak eta ikuskapenak
Gaur arte elikagaiak eta edariak konfiskatzeko 49 operazio egin dira, 30 jan-edanetan. Gainera, 280 zarata-maila ikuskatze egin dira. Jaien hasieran, ikuskatze horietatik % 34tan zarata handia edo oso handia erregistratu zen; eta, atzo, kopuru hori % 25era murriztu zen.
 

¿Te ha sido útil esta página?