Iruñeak Uholdeei aurre egiteko Plana eguneratu du, hirian egindako eraberritze urbanistiko eta hidraulikoei aurre egiteko modua egokitzeko

Iruñeak Uholdeei aurre egiteko Plana eguneratu du, hirian egindako eraberritze urbanistiko eta hidraulikoei aurre egiteko modua egokitzeko
2010ekoa da plana, eta berrikusi beharra zegoen, batez ere 2021eko uholdeen ondorioz, azken bi hamarkadetako datuak gainditu baitzituzten
Fitxategi
inundaciones

 

Iruñeko Udalak Uholdeei aurre egiteko Udal Plana eguneratu du, uholdeei aurre egiteko modua hiriaren errealitate berrira egokitzeko, hainbat azpiegitura hidraulikotan eta Iruñeko urbanismoan lanak egin baitira. 2010ekoa da plana, eta denbora tarte horretan hainbat gunetan egin dira lanak, hala nola ibaiertzetan, kolektoreetan eta bide-azpiegituretan; halaber, hiria zeharkatzen duten ibaietatik (Arga, Sadar eta Elortz) gertu dauden hiri-espazioetan aritu dira lanean, baita ondoko udalerrietan ere, eta horrek eragin zuzena du prebentzio-kudeaketan eta larrialdiei aurre egiteko orduan. Halaber, 2021eko uholde handiak direla eta, plana eguneratu eta aldatu beharra zegoen: Arga ibaiaren ur-emaria segundoko 508 m3-koa izatera iritsi zen, eta hiria Uholdeei aurre egiteko Planaren 1. larrialdi-mailara heldu zen.

Uholdeei aurre egiteko Udal Planak tresna berriak txertatu ditu uholdeak iragartzeko: adimen artifizialean oinarrituta, aukera emanen du alerta-egoerak lehenago eta zehaztasun handiagoz aurreikusteko eta herritarrak jakinaren gainean jartzeko. Tresna horiei esker, SMS bidez informazioz hornituko da alerta-sistema: herritarrak sistema horretara harpidetzen ahal dira, eta harpidetzearekin batera, eskuragarri izanen dituzte uholde-arriskuen inguruko informazioa eta hiriko uholde-eremuetatik ibilgailuak kentzeari buruzko ohartarazpenak. Adimen artifizialeko tresna horiez gain, kontuan hartuko dira Burlatan Arga ibaiaren ur-emaria neurtzeko estazioak eta Ilundaingoak ematen dituzten datuak; azken horrek Sadar eta Elortz ibaien ur-emaria neurtzen du. 

Gainera, planarekin lotutako aldaketek Udalaren bitarteko eta baliabideen katalogo eguneratu bat barne hartzen dute, zeina larrialdi-egoerei aurre egiteko aktibatzen ahalko baita, une bakoitzean ezarritako larrialdi-mailaren arabera. Hain zuzen ere, hainbat fase aurreikusten ditu agiriak, eta fase bakoitza baliabide eta ekintza jakin batzuei egonen da lotuta. Hala, hiria aurrelarrialdi fasean egotetik –prezipitazio handien arriskuen ohartarazpen meteorologikoa dagoenean– beste lau larrialdi-mailetara igarotzen ahal da. Hauek dira larrialdi-maila guztiak: ur-emaria ibaiertzeraino heltzen bada, baina gainezka egiten ez badu (0. larrialdi-maila); urak eremu zehatz batzuetan gainezka egiten badu eta tokiko baliabide eta bitartekoek egoerari aurre egiten ahal badiote (1. larrialdi-maila); tokiko baliabide eta bitartekoak uholdeei aurre egiteko gai ez badira (2. larrialdi-maila); eta interes nazionala deklaratzen bada eta Nafarroako Uholdeei aurre egiteko Larrialdi Plan Berezia aktibatzen bada (3. larrialdi-maila).

Orain arte Uholdeei aurre egiteko Udal Plana soilik eurite bortitzengatik eta urtegiak husteagatik sortutako ur-goraldi eta uholdeez arduratzen zen, baina plana eguneratzearekin batera, berariazko protokolo bat txertatu da, Eugiko presa hausteak ekarriko lituzkeen ondorioei aurre egiteko. Plangintzarekin lotutako prebentzio-neurri bat da, inplikatutako administrazio eta organismoek aldez aurretik izan dezaten aurre egiteko eta koordinatzeko behar diren jarraibideen berri.

Plana 2010ekoa da
Iruñeko Udalak 2010eko otsailean onetsi zuen Uholdeei aurre egiteko Udal Plana, hirian uholdeak gertatuz gero udal-zerbitzuek eta herritarrek jarraitu beharreko jarduketa-protokoloak ezartzeko xedez. Gainera, plan hori Uholde-arriskuei aurre egiteko Nafarroako Gobernuaren Larrialdi Plan Bereziarekin bat eginez ezarri zen. 

Uholdeen arriskua ebaluatzeko plan horri jarraikiz, ur-emaria neurtzeko lau estazio jarri ziren martxan Iruñean, hiru Arga ibaian eta beste bat Elortz ibaian. Estazio horiek hiru maila hauek ezartzen dituzte ur-emariaren arabera: maila arrunta, alerta-maila eta larrialdi-maila. Egoera arruntera bueltatzearekin batera, laugarren fasea ezarriko da, normalizazio-fasea, hain zuzen ere. Uholdeen eragina arintzeko beharrezko zerbitzuak, Udalarenak izan ala ez, hiru talde hauetan banatzen ditu planak: laguntza-zerbitzua, esku-hartzeko zerbitzua eta trafiko-zerbitzua. 

Agiriak herritarrendako aholkuak eta gomendioak barne hartzen ditu, hala nola teilatuak, zorrotak eta hustubideak aldian-aldian berraztertzea, ur-emaria areagotzen ahal duen ibai baten ondoko eremuan ez aparkatzea eta galtzada urez gainezka egonez gero, soilik bide nagusietan barna zirkulatzea.

Hauek dira uholde-arrisku handiena duten Iruñeko auzoak: Arrotxapea, Txantrea, Sanduzelai, Landaben eta Etxabakoitz; horrez gain, unibertsitate-eremuetan ere arriskua dago, bai Nafarroako Unibertsitate Publikoan, bai Nafarroako Unibertsitatean. 



logo        logo          logo         logo

¿Te ha sido útil esta página?