Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du bizikleta elektriko publikoen sistemaren administrazio-emakida Ride-on enpresari esleitzea, eta sistema udazkenean jarriko da martxan hirian. Proiektuak hirian zehar kokatuko diren 42 aparkagune eta kargagune jartzea aurreikusten du, eta hasiera batean kaleratuko diren 400 bizikleta elektrikoei zerbitzua emanen diete. Sistemak mugikorrerako aplikazio baten laguntza izanen du, eta bi erabiltzaile mota aurreikusten ditu: noizbehinkakoak eta abonatuak, hilabetean 15 euroko tarifa edo 40 euroko urteko-ordainketa egin beharko dutenak.
Iruñeak izanen duen bizikleta elektriko sistema berri honi buruzko xehetasunak azaldu dituzte gaur goizean, prentsaurrekoan, Enrique Maya alkateak eta Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak. Udalak hiri barruko garraiobide horren aldeko apustu garrantzitsua egin du; izan ere, lehen fasean, mila biztanleko bi bizikleta elektriko jarriko ditu, eta zerbitzu hori duten hirietan, batez beste, 1,1 ibilgailu dituzte mila biztanleko. Apustuak gora eginen du bigarren fasean, zeinetan Iruñeak 2,5 bizikleta izanen baititu mila biztanleko. Sistema eguneko 24 orduetan erabilgarri egonen da, urte osoan, Sanferminetako egunak kenduta.
42 kargaguneen kokapena aukeratzeko hiriko auzo eta eremu guztien araberako banaketa kontuan hartu da, honako irizpide hauek jarraituz: herritarren erakarpeneko guneak izatea, irisgarritasuna, intermodalitatea eta segurtasuna, hala erabiltzaileena nola kargagunearena. Aparkagune eta kargagune bakoitzaren ezaugarrien arabera kudeaketa-modulu mota egokiena jarriko da; hala, batzuek eremua bideoz zaintzeko kamera bat jarriko dute funtzio guztietan, eta beste batzuek, berriz, tamaina txikiagoa dutenez, ez dute txartelik egiteko aukerarik emanen. Horrez gain, bizikletetareko oinarriek bandalismoaren aurkako alarma-sistema bat izanen dute ainguraketa bakoitzean, eta pertsona batek 25 kg-tik gorako indarrez tira egitean martxan jarriko da. Guztira, planteatutako 42 puntuek 824 ainguraleku izanen dituzte gutxienez. Ride On enpresa emakidunak honako baliabide hauek jarriko ditu: bizikletak birkokatzeko bi trailer-ibilgailu eta twizzy motako beste ibilgailu arin bat guneen mantentze-lanak (prebentziozkoak eta zuzengarriak) egiteko. Enpresa honek eskarmentua dauka bizikleta elektriko publikoen sistemen kudeaketan, Miami, Leicester edo Dundee hirietan garatu baititu dagoeneko.
Erabiltzaile-profil ezberdinduak tarifak erabilera mota bakoitzera egokitzeko
Zerbitzu berri hau maiz erabiliko duten pertsonentzat irisgarriagoa eta erakargarriagoa egiteko xedez, sistemak bi profil mota planteatzen ditu. Abonatuek 15 euroko hileko kuota baten eta 40 euroko urteko ordainketa baten artean aukeratu ahal izanen dute. Biek, gainerako erabiltzaileek baino minutuko-tarifa merkeagoa izatea ahalbidetuko diete. Minutuko 2,5 zentimo ordainduko dituzte lehen ordu erdian, minutuko 4 zentimo bigarren ordu erdian eta minutuko 10 zentimo lehenengo erabilera ordutik aurrera. Horrela, ordu erdiko bidaia batek 75 zentimo kostatuko zaie eta ordubetera luzatzen badute 1,20 euroko kostua izanen du. Noizbehinkako erabiltzaileek berriz, zerbitzua erabiltzeko bi moduren artean aukeratzen ahalko dute: txartel-birtual bat edukitzea, aparteko kosturik gabe, edo txartel fisikoa izatea, zeinaren igorpenaren kostua euro batekoa izanen baita. Zerbitzuaren erabileraren prezioa minutuko 4 zentimokoa izanen da lehenengo ordu erdian zehar, minutuko 6 zentimokoa hurrengo ordu erdian eta minutuko 10 zentimokoa 61. minututik aurrera. Horrela, ordu erdiz erabiltzeak 1,20 euro kostatuko zaie eta eta ordubetez, 1,8 euro.
Sisteman alta emateak kudeaketa modulu gehienetan eta mugikorreko aplikazio baten bidez egin ahal izanen dira. Ordainketa egin ondoren, erabiltzaileak aukeratutako bizikleta desblokeatu ahal izanen du mugikorrera bidalitako identifikatzaile birtual esklusibo baten bidez edo kode batekin. Aplikazioak eta kioskoek puntu bakoitzean bizikleta erabilgarriak kontsultatzea baimenduko dute, eta amaitzean erabilerari buruzko informaziora sartzeko aukera emanen diote erabiltzaileari, iraupena eta abiapuntu- eta helmuga-tokiak barne. Sistemak karga nahikoa ez duen bizikleta bat antzematen duenean, mantentze-zerbitzuari abisua ematen dio eta ez erabilgarri gisa erakusten die erabiltzaileei.
Ordainketa abonua erostean eta bidaia bat amaitzen den bakoitzean eginen da, eta minutuko tarifak metagarriak izanen dira bidaiaren iraupenaren arabera. Urteko-ordainketa automatikoki berrituko da erabiltzaileak kontrakoa adierazi ezean. Horretarako jakinarazpenak bidaliko zaizkio lehenagotik. Zerbitzuan abonua atera nahi duten16 eta 18 urte bitarteko pertsonek gurasoen edo legezko tutorearen berariazko baimenaren egiaztagiri bat aurkeztu beharko dute. Sistemak erabiltzaileendako arreta zerbitzu zabala ere badu posta elektronikoaren, sare sozialen, webgunearen, mugikorreko aplikazioaren eta telefonoaren bidez; azken honek 08:00etatik 18:00etara arreta emanen du, gaztelaniaz eta euskaraz.
Hirian segurtasunez erabiltzeko diseinatutako bizikleta elektrikoak
Iruñean herritarren eskura jarriko diren bizikletak, (e-bike) markakoak dira eta beren teknologia behar bezala babestuta mantentzen duen diseinu esklusiboa dute, erosotasuna, diseinua eta segurtasun neurriak alde batera utzi gabe. Altueran egokitu daitezke 1,50 metroko garaiera minimoko zela erregulagarriari esker eta 25 km orduko gehieneko abiaduran mugitzeko ahalmena dute. Pedalkadei-laguntzeko sistemak abiatzean 6km ordura iritsi arte abiadura ematen duen funtzio bat dauka, eta laguntza elektrikoak hiru maila dauzka, bizikletaren atzeko gurpegian integratutako Nexus motako aldagailu mekanikoan dituen hiru abiaduretaz gain. Hiru ezaugarri hauei esker garraio intermodalerako garraiobide egokiena dira, joan-etorrien iraupena murriztuz eta hiri barnean bidaiatzeko aukerak zabalduz.
Bideko gainerako erabiltzaileek ibilgailuak hobeto ikus ditzaten bizikleta hauek argi keinukariak dituzte atzealdean, keinukariak eskulekuan aurkitzen den etengailua eraginez aktibatzen dira eta 10 segundoren buruan automatikoki itzaltzen dira. Bizikletak, gainera, freno aginteak erabiltzerakoan automatikoki pizten den freno-argia dauka atzeko aldean. Funtzionalitate honek, aurretik azaldutakoak bezala, ibilgailuen zirkulazioan modu seguruan sartzea baimentzen du, bizikletaren atzean doazen ibilgailuei hurrengo mugimenduei buruzko informazioa emanez.
Bizikleta bakoitzak GPS geokokapen sistema bat dauka bateriari kontektatuta, eta U zurrun motako giltzarrapo bat, helmugara heldu bitartean aldi batez aparkatzeko, gaitutako oinarri batean ainguratzeko ere erabil daitekeena. Horrez gain, ibilgailu bakoitzak fardel-toki bat du aurreko aldean eta lohi-babesak gurpil bietan zipriztinak ekiditeko, eta mugikorrarentzako euskarri bat eskulekuaren erdian, gailua irmoki finkatzeko erori ez dadin. Horrela,erabiltzaileak aukeratutako helmugako geltokira eramanen duen aplikazioaren nabigatzailea modu egokienean erabil dezake.
Ekimena ‘Go Green Iruña’ proiektuaren barruan kokatzen da, zeinak barne hartzen baititu hirian garatzen ari diren edo garatuko diren klima-aldaketaren kontrako ekimen guztiak eta datozen urteetako jarduketa-ildoak zehaztuko baititu.