Iruñeak sare sozialetarako animaziozko irudien bilduma osatu du hiriko puntu adierazgarrienak irudikatzen dituzten hamar gif-en bidez

Iruñeak sare sozialetarako animaziozko irudien bilduma osatu du hiriko puntu adierazgarrienak irudikatzen dituzten hamar gif-en bidez
Jaiegun hauetan dagoeneko sare sozial guztietan eskuratzen ahal dira bildumako irudiak, ‘PamplonaTurismo’ etiketaren bidez

foto

 

 

 

Iruñeko Udalak sare sozialetarako hamar bat irudi berri argitaratu ditu, hiriko puntu garrantzitsuenak erakusteko online bilduma osatzeko. Animazio berri horiek herritarrek jaiegun horietan egiten dituzten argazkiak alaitzeko eta sare sozialetan partekatzeko erabiltzen ahalko dira, batez ere, Instagramen eta Facebooken. Horrela, partekatu nahi diren hirian eginiko argazkiak osatu ahal izanen dira udaletxeko fatxadaren, hiriaren skylinearen (siluetaren), Gazteluko plazako kioskoaren edo harresietako hainbat punturen irudiekin. Bilduma horretako gif guztiak ‘PamplonaTurismo’ gako-hitzaren bidez eskuratzen ahal dira.

Udalaren bildumari orain gehitu zaizkion animaziozko irudi berriek, Iruñeko gune garrantzitsuak birsortzen dituzte, hala nola Udaletxea, Gaztelu Plazako kioskoa edo Gayarre Antzokiaren fatxada. Era berean, hiriaren skylynea jarraitzen duen ibilbide bat ere badago, non Iruñearen irudia altueraren arabera osatzen duten eraikin nagusiak nabarmentzen diren, hala nola Singular eraikina, San Saturnino eliza edo Katedrala. Harresiek hiriaren irudian duten garrantzia ere islatzen da gif berri hauetan, Taconera, Gaztelugibel edo Ziudadela bezalako agertokien bidez.

Irudi bizidun berri hauetan islatzen diren beste puntu erakargarri batzuk Donejakue Bidea, gastronomia eta mugikortasun jasangarria dira. Horrela, ‘PamplonaTurismo’ etiketaren bidez, Iruñeko kaleetan barrena martxan doan bizikleta elektriko baten irudia ikusten ahal da, Magdalena zubitik hirira sartzen ari den erromes batena, edo leku adierazgarrienetako batean bertako pintxo ospetsuez gozatzen ari den talde batena.

Bilduma horretako hiriaren beste irudi batzuk 2022az geroztik daude eskuragarri: Frantziako Portaletik edo Zumalakarregirenetik hirira sartzen ari den erromesa, eta Santa Maria katedralaren lehen planoa, kanpaiak dilin-dalan dituela. Baita Ziudadelaren ikuspegi zenitala, zezen-plaza globo aerostatikotik ikusita, Baluarte Auditoriumaren edo Planetarioaren goitiko ikuspegiak ere. Gastronomiak ere badu bere lekua, Estafeta kalean Nafarroako ardoarekin topa egiten duen talde baten eskutik. Azkenik, hiriaren izenaren bi animazio daude, euskaraz eta gaztelaniaz . Horiei esker, sareetako interakzioei kokapen sortzaileagoa ematen ahal zaie. Irudi horiek guztiak doan erabiltzen ahal dira sare sozialetako argitalpenak testuinguruan kokatzeko.

Irudi berriek Iruñeak sare sozialetan eskaintzen duen seigarren gif-bilduma osatzen dute
Orain argitaratu dena Udalak sare sozialen erabiltzaileendako sortu duen animaziozko irudien edo gif-en seigarren bildumaren bigarren zatia da. Internetek eta mundu digitalak hiria erakundeen jardueratik haratago proiektatzeko aukera ematen dute, Sanferminetan gertatzen den bezala. 

Hain zuzen ere, hiriko jaietakoak izan ziren argitaratzen lehenak, eta gaur arte gehien erabili direnak, ‘SanferminakIruñean’ gako-hitzaren bidez eskuratzen ahal direnak. Erraldoi, kiliki edo buruhandi bakoitza bere formatu bizidunean erabiltzen ahal da, edo ‘mozorro’ gisa, eta horren barruan pertsona baten aurpegia kokatu, irudi horien azalean birtualki sartu ahal izateko. Konpartsaren beraren irudiak ere eskaintzen dira, hiriko kaleak zeharkatzen, entzierrorako sarrera edo txupinazoaren unearen irudikapena ikuspuntu desberdinetatik, baita santuari kantatzeko unea edo Gaixoa Ni. Animazioek edonori ‘zapia’ birtualki jartzeko aukera ere ematen dute.

Hiri senideekiko kultur loturak sareetan erakusteko irudiak
Animazioko irudien beste bilduma bat Iruñeak lau hirirekin dituen senidetzeen lotura kulturalak indartzeko sortutakoa da: Bayona, Yamaguchi, Paderborn eta Kolonbiako Pamplona. Mikel Urmeneta artistak Whatsapp eta sare sozialetarako stickerren bilduma sortu zuen, 1960tik indarrean dagoen Baionako hiriarekin senidetzea oroitzeko. Bilduma horretan Leon Erregea, erraldoiak eta beste elementu adierazgarri batzuk nabarmentzen dira, hala nola txokolatea, piper gorriak, pilota edo errugbia. 

Alemaniako Paderborn hiriak ere baditu animazioak, Mikel Santos Belatz ilustratzaileak eginikoak. Irudi horietan ezin ziren falta gastronomia (saltxitxak eta garagardoa) eta dantza folklorikoak bezalako tradizioak. Kolonbiako Pamplonaren kasuan, stickerrak Raquel Samitier ilustratzaileak eginak dira, eta bi hirietako unibertsitateak, ihauteriak eta musika biltzen dituzte. Azkenik, Yamaguchik Cesar Oroz ilustratzailearen irudiak ditu, eta bi kulturetako elementu bereizgarriak dira horietako protagonistak: Osasuna, buruhandi japoniarrak, San Frantzisko Xabierkoa Nafarroako zaindaria, sumoko borrokalari bat eta gerlari samurai bat. 
 

¿Te ha sido útil esta página?