
Gazteluko plazako eta Compañía plazako kontzertuen berri ematearekin batera, Iruñeko Udalak gaur (asteartea) aurkeztu du 2026ko sanferminak sustatzeko kanpainaren irudia, ‘Benetako Jaiak – Fiestas de verdad’ lelopean. Sanferminen inguruko komunikazio-kanpainen irudi koherente eta bateratua eskaintzea da xedea, hainbat ardatz oinarri hartuta: turismoa sustatzea, jasangarritasuna, langileekiko errespetua eta iragarki eta kanpoko euskarrietan jaien berri ematea.
Irudi bateratu horren bidez, “aterki” moduko bat sortzen da jaien berri hobeki emateko, eta “aterki” horrek jaiekin lotutako gai ugari barne hartzen ditu: programazio ofizialeko kontzertuak, hiriko garbiketa- eta errespetu-kanpaina, txupinazoa jaurtitzeko hautagaiak, Gazte-eremua, edalontzi berrerabilgarrien kanpaina eta Kirolari, Hauek Festak Hauek eta Birjolastu guneak, besteak beste. Marta Garatea Almagrok sortutako Kuadrilla kartelak iragarriko ditu jaiak, eta irudi hori ere askotan agertuko da programan eta beste gune batzuetan.
Javier Errearen estudioak diseinatu du kanpaina, eta Iruña Markarekin bat egiten duen irudi bat hautatu da horretarako. Sanferminak baino hoberik ez dago hiri-markarekin lotutako balioen ordezkari izateko: iruindarren batasuna, kohesioa, berdintasuna, egiazkotasuna, arima, benetako hiria eta benetako jaiak. Hain zuzen ere, ‘Benetako Jaiak – Fiestas de verdad’ leloak bidea egiten dio Iruñean jai gisa ulertzen denari: zinez gozatzeari, baina, aldi berean, benetan errespetatzeari, gozamena, poza, musika etab. ez baitira posible errespeturik, berdintasunik eta abegirik gabe.
Elkarrizketa eta errespetua
‘Pamplona/Iruña = bagara/de verdad’ hiri-markarekin lotutako leloa oinarri hartuta, hiriko bi hizkuntzak, euskara eta gaztelania, hartu-emanean daude, eta irudiak tokiko herritarrak eta bisitariak barne hartu nahi ditu, sanferminen izaera unibertsala eta tokiko nortasuna azpimarratzeko, pertsona guztiek lekua baitute jaietan, betiere errespetua ardatz hartuta. Berdin (=) sinboloa itxuraldatu egiten da sanferminetako zapian, eta bertan hiri-markaren ezaugarri guztiak txertatu dira, jaietan islatzeko xedez: poza, gozamena, abegia, errespetua, berdintasuna...
Koloreari dagokionez, Iruñeko berdea gorri bihurtzen da, sanferminetako gorri, hain zuzen; zapia, aldiz, bihotz bilakatzen da, jaien arimaren sinbolo gisa, euskarri dinamikoetan: bertsio sinplifikatua benetako bihotz taupakari bihurtzen da, non eta taupada bakoitza bihotz bihurtu eta berriz ere zapi izatera itzultzen baita. Gainera, markarako proposaturiko logotipoa eta sanferminetako kanpainak malgutasuna erakusten du, baita jaien askotariko giroetara eta programan jasotako ekitaldietara egokitzeko gaitasuna ere: entzierroa, musika, peñak, tabernak, barrakak eta feria, zirkua etab. Zapia eta triangelu-forma abiapuntu hartuta, aldaera ugari onartzen dituzte kanpaina hedatzeko euskarriek (kartelak, edikuluak, mupiak, iragarki-bandak, postak, storie-ak).
Kolore nagusiak gorria, zuria eta beltza dira, hiri-markaren tipografia korporatibo esklusiboari Pamplona izena ematen zaio, eta Octavio Pardo tipografo iruindarrak marraztu du.