Iruñeko Udalak San Fermin jaien karbono-aztarna kalkulatzeko eta egiaztatzeko prozedura bat abiarazi du, hurrengo urteetako edizioei begira murrizte-plan egingarri bat ezarri ahal izateko. Horretarako, bederatzi egun horietako berotegi efektuko gasen isuriak aztertuko ditu, baina baita aurreko eta ondorengo egunetan eszenatoki eta instalazioen muntatze- eta desmuntatze-lanetan, garbiketan eta hiria leheneratzekoetan sortzen direnak ere.
Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak prentsaurrekoan aurkeztu du ekimena, zeinean Bureau Veritas nazioarteko ziurtagiri-emaileak eta Ecoterrae jasangarritasunean espezializatutako aholkularitza-enpresak parte hartuko baitute. Prozedura horren helburua da sanferminek C02 eta hiriko gainerako berotegi-efektuko gasen isurketetan zer pisu duten ezagutzea.
Hori lortzeko, honako ekintza hauen ingurumen-karga aztertuko da: instalazioak muntatzea edo desmuntatzea, jai egun horietarako logistika- eta hornikuntza-lanak, publizitate-elementuak eta hedapen-kanpainak, hirira etortzen direnen joan-etorriak eta ostatua, eta segurtasuneko, garbiketako, osasuneko, boluntariotzako eta abarretako funtsezko zerbitzuak. Alderdi horietatik guztietatik neurtuko dira sortzen dituzten zuzeneko eta zeharkako isuriak, jarduera bera ez ezik, berekin dakartzaten energia inportatuaren kontsumoak ere aztertuz. Ildo horretan, datuak bilduko dira, adibidez, sanferminetan erabiltzen diren produktuen fabrikazioari lotutako emisioetatik hasi eta horiek garraiatzeko ibilgailuen kontsumora artekoak barne hartuta.
2023ko eta 2024ko datuen alderaketa
Kontsumoak eta isurpenak ezagutzea da emisio kutsatzaileak murrizteko plan zehatza ezarri ahal izateko lehen urratsa. Horregatik, Iruñeko Udalak karbono-aztarnaren kalkulagailu bat ezarri zuen aurreko Sanferminetan, Europako Next Generation EU funtsekin finantzatutako SF365 Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren barruan. Datu horiek, orain aztertzen ari direnak, abiapuntutzat hartuko dira, eta, urtarrilaren erditik aurrera entregatuko dute 2023ko sanferminetako karbono-aztarna egiaztatuaren ziurtagiria. Aurreikuspena da Bureau Veritasek emaniko ziurtagiria FITUR Nazioarteko Turismo Azokan aurkeztu ahal izatea.
Datu ziurtatu horiek eskuetan, Udalak emisioak murrizteko proposamen bat eginen du, 2024ko jaietan ezartzeko. Sanferminak baino hilabete batzuk lehenago, baliozkotutako karbono-aztarnaren hasierako zenbatespena eginen da, hau da, ekitaldia egin aurreko datuei aurreikusitako ingurumen-hobekuntzak eta -zuzenketak aplikatu ondoren aurreikusitakoa. Datorren uztailean, sanferminak ospatzen diren bitartean, in situ eginen da benetako karbono-aztarnaren kalkulua.
Ezarritako neurriak eta lortutako emaitzak aztertu ondoren, 2024ko irailean karbono-aztarna egiaztatuaren beste ziurtagiri bat lortuko da, eta bertan jasoko dira jasangarritasunari eta berotegi-efektuko gasen isurpenen murrizketari dagozkion aurrerapenak. Kalkulu-, analisi- eta ziurtapen-lan guztiak UNE-EN ISO 14064-1: 2019 arauaren arabera eginen dira, eta balioztatze- eta egiaztatze-auditoretza eginen zaie.
Kontzientziazioa eta errekuperazioa
Nazioarteko entzutea duen eta hiri osoan zehar banatutako ekintzetan ehunka mila pertsona biltzen dituen sanferminak bezalako hiri-makroekitaldi baten karbono-aztarna murrizteko, herritarren eta bisitarien laguntza behar da. Horregatik, Udalak ingurumenarekiko errespetuari eta gizalegezko jarrerei buruzko kontzientziazio-ekintza zehatzak eginen ditu, hondakinen sorrera murrizten eta atmosferara berotegi-efektuko gasak isurtzea saihesten laguntzeko.
Azken helburua karbono-aztarna pixkanaka murriztea da, jai jendetsuen ingurumen-jasangarritasuna areagotzeko xedez. Ekimen hau Iruña 2030 Hiri Agendaren helburuen barruan kokatzen da.