Iruñeak sanferminen itzulerarako atzera-kontaketari hasiera emanen dio igandean, munduari bira emanez sare sozialen bidez

Iruñeak sanferminen itzulerarako atzera-kontaketari hasiera emanen dio igandean, munduari bira emanez sare sozialen bidez
Txupinazo aurreko azken hamar egunetan bost kontinenteetatik gogoraraziko da sanferminek munduan duten garrantzia

 

Iruñeko Udalak bost kontinenteetan barnako bidaia bati hasiera emanen dio igandean, sanferminek sare sozialetan dituzten profil ofizialen bidez (@SanferminesPamplona), bi urtez festak ezin ospatu egon ondoren haien itzulerarako atzera-kontaketa bat egiteko. Hamar egunez izanen da, eta horietan zehar, festak maite dituzten hainbat herrialdetako hainbat pertsonak mezu bat helaraziko dute haien sorterri edo bizitokitik, argi uzteko Iruñekoak festarik nazioartekoenetako batzuk direla.

Sanferminetako zapiak festen aurreko hamar egunetan ikusten ahalko dira mundu osoko txokoetan: Estatu Batuak, Mexiko, Japonia, Australia edo India kasu. Toki horietako bakoitzetik sanferminekin harremana duten pertsonak arduratuko dira Udaletxetik Txupinazoa jaurti arte zenbat egun falta diren gogoratzeaz. Ekimen honen xedea da sanferminek nazioan zein nazioartean duten errekonozimendua balioestea, eta mundu osoko pertsonekin partekatzea “Aurten bai, azkenik, biziko ditugula”.

Udalaren ekimen horren ideia ikus-entzunezko batean jasota dago, eta dagoneko ikusgai dago Udalaren pamplona.es webgunean eta sanferminetako kontu ofizialen profiletan (@SanferminesPamplona) Instagram, Twitter eta Facebooken. Bertan, Iruñeko Udalak sareetan dituen profil ezberdinen bidez, uztailaren 5era bitarte, egunez egun, kanpaina honen protagonisten mezuak erakutsiko dira. Ibilbidea igandean hasiko da, Mexikoko San Miguel de Allende herrian, eta toki hauetatik igaroko da: Johannesburgo, Mumbai, New York, Tokio, Lisboa, Australiako Airlie Beach herria, Florentzia eta Chicago. Azken geldialdia, uztailaren 5ean, Txupinazoa jaurtitzeko ordu gutxi batzuk falta direnean, Iruñeko Udaletxe plazan bertan izanen da.

Iruñeko Udalak modu horretan COVID-19aren pandemiaren ondorioz Txupinazorik egon ez zen lehen urtearen (2020) ideia berreskuratzen du, orduan munduko hainbat puntutatik kontatu baitzuen egoera zela-eta festek itxaron beharko zutela. Hala, beste urte batean “biziko ditugu” zioen promesa sinbolikoa nazioarteko bihurtzen zen, zeinak publiko nazionalean eragina izan baitzuen eta une horretan planetako bost kontinenteetara hedatu baitzen.

¿Te ha sido útil esta página?