Iruñeko Udalak ekitaldi handien antolaketari eta koordinazioari buruz duen egiten jakitea, sanferminak iristearekin batera urtero erakusten duena, izanen da International Urban Fest 365 hiri-makroekitaldien kongresuaren haria. Baluarte Biltzar Jauregi eta Auditoriumean eginen da ekainaren 28an eta 29an, 2024ko txupinazoa baino astebete lehenago, hain zuzen ere. Foro honek tamaina handiko ekitaldien antolaketari helduko dio, esperientzia zehatzetan oinarrituta, deialdi masibo garrantzitsuen arduradunen parte-hartzearekin, hala nola New Yorkeko Maratoikoak, kontinente batetik bestera ibiltzen diren kontzertu jendetsuetakoak edo nazioartean oihartzun handia duten hitzorduetakoak –Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, esaterako–.
New Yorkeko Maratoiaren antolaketa-esperientzia izanen da datorren ekainaren 28an Urban Fest 365 makroekitaldien kongresua irekiko duen makroekitaldia. Noemí Gonzalok, urtero hitzordu hau martxan jartzen duen erakundearen parte denak, inaugurazio-hitzaldi bat emanen du. Bertan, aldi batez inguru horretan bizi diren bizilagunen kopurua biderkatzen duen pertsona-kontzentrazio baten prestaketaren, koordinazioaren, segurtasunaren eta kontrolaren kudeaketa nabarmenduko du. Bi hirien dimentsioak kontuan hartuta, uztailero Iruñeko Udalak egin behar duen lanaren antzekoa da, hirira hamarnaka mila pertsona etortzen baitira eta eremu oso zehatz batean biltzen baitira. Juan Manuel Gil Udaleko Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzako zuzendariak sanferminetako segurtasun dispositiboa nola koordinatzen den jarriko du mahai gainean.
Dimentsio eta oihartzun handiko ekitaldien ospakizunean, musika beti da funtsezko atala, bai programatutako ekitaldien zati gisa, bai erakargarri gisa, hori da, hain zuzen, nazioarteko izarren kontzertuen kasua. Horrelako hitzorduak antolatzeko erronkaren berri emanen du Urban Fest 365 kongresuan José Manuel Serrano Concert Music Festivaleko jasagarritasun-arduradunak. Kontzertu horrek urtero 60.000 pertsona biltzen ditu Sancti Petrin udan. Javier Lacunza Provenue-ko zuzendari nagusiak ere bere esperientzia eskainiko du. Enpresa horrek edukiera handiko erabilera anitzeko instalazioak kudeatzen ditu gaur egun.
Kulturaren edo kirolaren inguruko makroekitaldi bat kudeatzeko erronka
Makroekitaldi mota bakoitzak bere berezitasunak eta konplexutasunak dituenez, International Urban Fest 365 kongresuak hainbat esparrutako, hala nola kiroleko edo kulturako, hitzordu horien arduradunei hitza emanen die. Ildo horretan, Ruth Pérez Donostiako Zinemaldiko komunikazio-arduradunak mundu mailan ezagunak diren dozenaka pertsona ospetsu hartzen dituen hitzordu baten esperientziaren berri emanen du.
Kirola makroekitaldi baten arrazoi eta erdigune izateak ere bere tokia izanen du hitzordu honetan, ez bakarrik New Yorkeko Maratoiaren esperientziarekin, baita gertuagoko beste batekin ere, Valentziakoarekin alegia, Alex Heras maratoi horren lehendakariaren testigantzarekin. Fernando Portugal Last Lap-eko CEOak bere enpresaren esperientzia ekarriko du Iruñera, eskarmentua baitu motorrarekin, muturreko kirolekin edo berrikuntzarekin lotutako nazioarteko hitzordu garrantzitsuak antolatuz, eta Julio Cendalek 20 urte baino gehiagoz Real Madrileko segurtasun arduradun gisa izan duen esperientzia kontatuko du. Munduko talde garrantzitsuenetako baten hitzorduen antolaketan eta koordinazioan parte hartzeko erronka islatzen duen zifra honetan laburbiltzen da: klubak milioi bat lagun mugitzen ditu urtean, zale eta jarraitzaileen artean.
Iruña, erreferentea makroekitaldiak antolatzen
International Urban Fest 365 kongresuan Iruñeak aurkeztuko duen esperientzia positiboetako bat ontzi berrerabilgarrien kudeaketa da, 2017tik urtero arrakastaz funtzionatu baitu sanferminetan. Une horretan, Udalak beste herrialde batzuetako festa txikietan edo ospakizun handietan egiten ari ziren esperientzia pilotuak jaso zituen, eta martxan jartzea erabaki zen. Geroztik, ezarpena areagotzen joan da bai konplexutasunari dagokionez, bai lokal eta kolektiboen eskura jarritako edalontzien eta entitate parte-hartzaileen kopuruari dagokionez. Edalontzi berrerabilgarria alternatiba egokia da erabili eta botatzekoaren aldean; izan ere, askotan, ezin dira erabili ohiko edalontziak, kristalezkoak, jende-kontzentrazioa dela eta. Hartara, ez da hondakinik sortzen, eta ez da hainbat baliabide natural kontsumitzen erabilera bakarreko produktuak egiteko.
Segurtasunaren kudeaketa da makroekitaldi bat ospatzerakoan dagoen beste puntu kritikoetako bat, eta Iruñeak hobera egin du urteekin, bere esperientzian oinarrituta. Segurtasun Batzordea, non polizia-kidegoak bederatzi jaiegunei aurre egiteko koordinatzen baitira, edo txupinazoaren eta entzierroen dispositiboak dira beste hitzordu batzuetarako eredu izan den plangintzaren gakoak. Izan ere, 2022an, beste erkidego batzuetako hogeita hamar bat agente Iruñera etorri ziren, dispositibo horiek bertatik bertara ezagutzeko eta egun batzuetan horietan parte hartzeko, urteekin eskuratutako ezagutza esportatu ahal izateko.
Izena emateko epea zabalik dago
International Urban Fest 365 kongresuan izena emateko epea zabalik dago. Apirilaren 30era arte prezioa 120 eurokoa da eta maiatzaren 1etik ekainaren 25era, 150 eurora igoko da. Hiriko Makroekitaldien I. Kongresuari buruzko berri guztiak webgune ofizialean bertan (https://urbanfest365.com/) jarraitzen ahal dira, eta sare sozialetako kontu ofizialetan: Instagram (https://www.instagram.com/urbanfest365/), Twitter (https://twitter.com/urbanfest365) eta Linkedin (https://www.linkedin.com/company/urban-fest-365).
HJTP Iruña SF365 proiektuaren esparruan kokatzen da ekimen hori, eta Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoen bidez Europako NextGeneration funtsak finantzatzen du. Funts horiek Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren C14.I1 inbertsioaren finantza tresna dira. Testuinguru horretan, Iruñeak 5.492.500 euroko laguntza jaso du hiru urtetan "Iruña SF365” Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana hedatu eta garatzeko erabiltzeko. Plan horrek 13 jarduketetan egituratzen diren lau gai ditu ardatz: trantsizio berde eta jasangarria, energia-eraginkortasuna hobetzea, trantsizio digitala eta lehiakortasuna. Berariazko helburua Iruñeko festen nazioarteko erakargarritasuna eta haien garapena balio kultural eta jasangarrietara bideratzea da, eta Sanferminak marka merkatuan birkokatzea. Hori horrela, sei gai-multzo aurreikusi dira: ‘Esperientzia jasangarriak: orainean festa egitea etorkizuna arriskuan jarri gabe’; ‘Kalitatezko turismoa vs. masifikazioa: orekarik konplexuena’; ‘Segurtasuna eta bizikidetza, zutabe negoziaezinak’; ‘Baliabideak gehitzea, itzulkinak biderkatzea’, eta ‘Hiri markaren erakustokirik handiena’.
INTERNATIONAL URBAN FEST 365 KONGRESURAKO BAIEZTATUTAKO HIZLARIAK
- Noemí Gonzalo, New Yorkeko Maratoia antolatzen duen New York Road Runners entitateko Barne Komunikazioko zuzendaria
- Ruth Pérez, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko komunikazio-arduraduna
- Fernando de Portugal, Last Lap-eko CEOa
- Juan Manuel Serrano, Concert Music Festivaleko jasangarritasun-arduraduna
- Celia Galera, Rethink tourism enpresa-talde berritzaileen presidentea
- Marc Grijalvo, Bim Consultoreseko bazkidea
- Lynn Wong, Evento Pluseko zuzendaria
- Alex Heras, Valentziako Maratoiko PR & Runner Experience
- Víctor Flores, marka, jaialdi eta erakundeetarako marketin eta kultura aholkularia
- Felix Muñoz, Komunikazioko aholkularia
- Luis Gandiaga, Somos Experiences-eko Garapen Sortzaileko zuzendaria
- Javier Lacunza, Provenue-ko zuzendari nagusia
- Fay Taylor, Spain DMCs-eko presidentea
- Marta Morrás, Veridas-eko marketing zuzendaria
- Natalia Bayona, NBEko Turismoko zuzendari exekutiboa
