Iruñeko Udalaren aurreikuspenen arabera 2025eko hasieran adjudikatuta egonen da Sanduzelai eraldatzeko jarduketa-planaren idazketa, auzoko erdialdeko biribilguneari irtenbide bat emateko, besteak beste. Plan horretara iristeko prozesua hainbat fasetan garatuko da aurten: ideia-lehiaketa bat eginen da, hiru eta bost proposamen artean hautatu, herritarrek ekarpenak egiteko denbora egonen da eta behin betiko proposamena hautatuko da; azken horrek parte hartzeko prozesuaren eta epaimahaiaren iradokizunak integratu beharko ditu. Aurreikuspenen arabera prozesuak 130.000 euroko kostua izanen du, aurkezten diren proposamenen kalitatea bermatze aldera.
Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak eta Aitziber Campión Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi bereziak aurkeztu dituzte auzoa egituratzen duen erdiko biribilgunean eta haren inguruan eginen diren jarduketak jasoko dituen Sanduzelai eraldatzeko proiektu-lehiaketaren kronograma eta faseak. Helburua da auzoaren hobekuntza funtzionala lortzea, ibilgailuen zirkulazioa murriztuz eta oinezkoen, ibilgailuen eta bizikleten irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetuz, eta auzotarrek biribilgunearen puntu zehatz horretan jarduteko egindako eskariari konponbide bat bilatzea.
Aurkeztuko diren proiektuek honako jarduketa-eremua honako hauek mugatuko dute: Sanduzelaiko etorbideak, –Sanduzelaiko Civivoxaren eta Ildefonso Labayen Doktorearen kalearen eta Sanduzelai Ikastolaren eta udal futbol-zelaiaren artean–, eta Nafarroa etorbideak –Ofitas biribilgunetik Biurdana eta Olivako Monasterioaren kaleen arteko biribilguneraino–. Eremu horretan azken urteotan jarduketak egin dira, hala nola Juaristi Doktorearen kaleko igarobide jasangarria eta Sanduzelaiko biribilgunean jarritako semaforoak.
Jarduketa-plana egiteko aukeratutako prozedura Donejakue Bidearen parkearen diseinua egiteko erabilitakoaren antzekoa da, baina kasu honetan finkatutako hirian jardungo da, ez garapen berrietan. Joan den urrian auzo-galdeketa bat egin zen Sanduzelaiko biribilguneari eta auzoari buruz, oro har, eta bizilagunen 88 proposamen jaso ziren, orain abiatuko den prozesuan kontuan hartuko direnak.
Hiru eta bost proposamen artean hautatuko dira
Gaur goizean aurkeztutako kronogramaren arabera martxoan eta apirilean ideia-lehiaketarako pleguak prestatuko dira. Proposamenak anonimoak izanen dira eta leloarekin aurkeztuko dira, DIN A-1eko paneletan eta proiektua azaltzeko idatzitako dokumentazioarekin. Aurkezten direnei talde tekniko bat osatzea eskatzea ere aurreikusten da, gutxienez honako hauek osatuko dutena: arkitekto batek; ingeniari batek; paisajismoko, hiri-lorezaintzako eta natura-ingurunearen tratamenduko aholkularitza-zerbitzu batek; mugikortasun-lanetan eta trafikoaren analisian esperientzia duten teknikariek, eta, azkenik, topografia-zerbitzua.
Ideia-lehiaketa bera apiriletik abuztura bitarte eginen da. Honako alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: aurkeztutako proposamenaren diseinuaren kalitatea, Sanduzelaiko etorbideko biribilgunean trafikoaren eragina murriztea, proposamenaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, eta urrian parte hartzeko prozesuan aurkeztutako ekarpenen analisia, bideragarritasuna eta bateragarritasuna, lehiaketaren helburuekin alderatuta.
Aurreikuspenen arabera, hiru eta bost proiektu artean hautatutako dituen epaimahaia hamar kidek osatuko dute. Honako hauek parte hartuko dute: Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak; Hirigintza Gerentziako Plangintza Zerbitzuko zuzendariak; Hirigintza Gerentziako eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko bi arkitektok; Nafarroako Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoko eta Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko bi ingeniarik eta Iruñeko Udaleko mugikortasuneko aditu batek. Hitzarekin, baina botorik gabe honako hauek egonen dira: Iruñerriko Mankomunitateko ordezkari bat, Herritarren Segurtasuneko Alorreko ordezkari bat eta epaimahaiaren idazkaria. Idazkaritza Hirigintzako Gerentziari egokituko zaio.
Herritarren ekarpenak eta irabazten duen proposamenaren garapena
Epaimahaiaren irizpenak gomendioak eta iradokizunak barne hartzen ahalko ditu. Ateratako ondorioak hautatutako proiektuak idatzi dituzten taldeei helaraziko zaizkie. Orduan hasiko da, udazkenetik aurrera, irailean eta urrian, hautatutako proposamenak zabaltzeko eta azaltzeko epea, informazio-saioen eta partaidetza-lantegien bidez. Horrekin, herritarren ekarpenak, iruzkinak, hobekuntzak eta iradokizunak jaso nahi dira, modu horretan haiek ere proiektuan parte har dezaten. Informazio-fase hori parte-hartzeari buruzko txosten tekniko batekin amaituko da, eta prozedura negoziatuan kontuan hartuko da behin betiko proiektua ezartzeko.
Azken fase horretan, prozedura negoziatuaren fasean, epaimahaiak hautatutako hiru eta bost proposamen artean landuko dira. Proposamen horietan, epaimahaiaren irizpenaren gomendioak eta iradokizunak jaso beharko dira, bai eta herritarrek parte hartzeko prozesuarenak ere. Une horretan, hautatutako proiektuen eta kontratazio publikoetan sartzen diren irizpide sozialen kostuaren proposamen ekonomikoa ere egin beharko da. Prozedura negoziatu hori, ziurrenik, azarotik urtarrilera bitarte eginen da.
Azkenean gauzatuko den proposamen teknikoa zerbitzu-kontratu baten bidez garatuko da. Kontratu horretan irabazten duen enpresak proposatutako jarduketa-plana garatzeko faseen araberako denbora- eta ekonomia-plangintza jasoko da, honako hauek barne hartuta: aurretiazko jarduketak, behin-behinekoak eta/edo behin betikoak; planteatutako fase bakoitzaren bideragarritasun-azterketa; horien mugikortasun- eta trafiko-azterketa, eta proposamen irabazle hori garatzeko beharrezkoak diren oinarrizko proiektuak idazteko lanak. 2025eko urtarrilean, Sanduzelai eraldatzeko behin betiko plana, txertatzen diren jarduketekin, etorkizunean garatzeko adjudikatuta egonen da.
Horri dagokionez, Joseba Asiron alkateak honako hau adierazi du: "gobernu-talde honen asmoa da prozesu horri jarraipena ematea eta legegintzaldi honetan ahal diren neurri gehienak abian jartzea". Era berean, alkateak bere parte-hartzean eskerrak eman dizkio auzoari, eskaera horri eusten erakutsi duen inplikazio eta irmotasunagatik; udal-taldeei, eskaera hori babesteko erakutsi duten ulermen-gaitasunagatik, eta Iruñeko Udaleko eta Hirigintza Gerentziako talde teknikoei, astelehenean aurkeztutako kronograma posible egiteko fidagarritasunagatik.