Iruñeak San Fermin Mundiala Nazioarteko Xake-txapelketaren azken fasea abian jarri du eta kaleak atari zabaleko xake-taula bihurtu ditu 10 egunez

Iruñeak San Fermin Mundiala Nazioarteko Xake-txapelketaren azken fasea abian jarri du eta kaleak atari zabaleko xake-taula bihurtu ditu 10 egunez
Iruñeko Udalak harrera egin die xake-txapelketa barne hartzen duen San Fermin Mundiala onlineko Kultur Jaialdiaren antolatzaileei
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Gaurtik aurrera xakeak Iruñeko kaleak beteko ditu, eta aldi berean “Festa adimentsua” San Fermin Mundiala Nazioarteko Xake-txapelketa onlineko azken fasean sartuko da. Iruñeko Udalak, Enrique Maya alkatea buru duela, harrera egin die San Fermin Mundiala onlineko kultur Jaialdiaren antolatzaileei; izan ere, xake-txapelketan 500 pertsona baino gehiagok parte hartu dute orain arte jokatutako 8.000 partidatan.

Txapelketa aste honetan azken fasean sartu da, eta lehiaketan sailkatutako 4 pertsonak maisu handiekin lehiatuko dira, hala nola Norvegiako Magnus Carlsenekin (lehenengo munduko sailkapenean), Txinako Ding Lirenekin (hirugarrena), Armeniako Levon Aronianekin (bosgarrena) eta Estatu Batuetako Wesley Sorekin (bederatzigarrena). Ekitaldia “Xakearen entzierroarekin” amaituko da, uztailaren 14an, eta bertan 80 xake-taula jarriko dituzte San Domingo kaleko eskorten eta Zezen-plazaren artean.

Harrera-ekitaldian honako hauek hartu dute parte: Udalbatzako kideak; Pepe Cuenca eta El Divis Chess24ko aurkezle-izarrak; Sanferfoodeko Mikel Urmenetak, Iñaki Andradasek eta Maitena Urmeneta; Rey Enigma xakeko maisu handia; Javier Ochoa de Echaguen Espainiako Xake Federazioaren lehendakaria; Joaquín Pérez-Seoane Nafarroako Xake Federazioaren lehendakaria; Javier Habans12 urte azpiko Espainiako txapelduna eta Abel Otazu 8 urte azpiko Espainiako Txapelketako sailkapeneko hirugarrena.

Gaur, lehenengo partidak kalean

Harrera ondoren, 11:30ean Udaletxeko plazan, lehenengo partidak hasi dira Iruñeko kaleetan. Bi partida jokatu dira aldi berean “itsu-itsuan”. Alde batetik, Pepe Cuenca begiak estalita Javier Habansen aurka, eta bestetik, Rey Enigma begiak estalita Abel Otazuren aurka.

Arratsaldean, 19:00etatik 21:00etara, Rey Enigma Alde Zaharreko kaleetan ibiliko da, Chess 24ko beste jokalari batzuekin batera, edozein lekutan edonori xake-partida bat jokatzeko erronka eginez. Irabazten duenak hainbat sari gastronomiko jasoko ditu, afariak Iruñeko jatetxe ezagunetan, pintxo-mokadutxoak doan, eta abar.

Partidak goizez eta arratsaldez hiriko 15 toki ezberdinetan uztailaren 6tik 9ra

Uztailaren 6tik 9ra, partidak antolatu dira goizez eta arratsaldez, eta nahi duen orok parte hartu dezake, aurrez izena eman beharrik gabe. 12:00etatik 14:00etara, Chess24ko maisuek Gazteluko Plazan jokatuko dute uztailaren 6an; Ziudadelan, 7an; Askatasunaren plazan, uztailaren 8an, eta Sarasate pasealekuan, 9an.

Arratsaldez, 19:00etatik 21:00etara, Rey Enigma egonen da partidetan, eta irabazten diotenek sariak jasoko dituzte. Yamaguchi plazan eginen dira uztailaren 6an; Sanduzelaiko parke berrian (patinodromo zaharra), 7an; Iturramako Félix Huarte plazan, 8an, eta Arrotxapeko Anelier pasealekuan eta Maiteminduen plazan, 9an.

Larunbatean, Magnus Carlsen txapelduna Iruñean izanen da

Larunbatean, Udalak harrera eginen dio Norvegiako Magnus Carlseni, xakeko munduko txapeldun eta batzuen ustez garai guztietako xake-jokalaririk onena denari. Egun horretan bertan, Magnus Carlsenek online jokatuko ditu final-laurdenak La Perla Hoteleko Ernest Hemingwayren logelatik, horretarako antolatutako txapelketa handietan sailkatzen diren lau jokalarien eta munduko eliteko hiru gonbidaturen aurka: Ding Liren (Txina) munduko hirugarrena, Levon Aronian (Armenia) munduko bosgarrena eta Wesley So (Estatu Batuak) munduko bederatzigarrena.

Udaletxean, Magnus Carlsen eta Javier Habansen arteko partida jokatuko da. Ekitaldiaren ondoren, San Fermin Mundiala “Festa adimentsua” Nazioarteko Xake-txapelketaren antolatzaileek Urteko Giria saria emanen diote Magnus Carlseni.

Halaber, larunbatean, 14:45etik 15:30era, Sarasate pasealekuan, Magnus Carlsenek xake erraldoia inauguratuko du Pepe Cuencaren kontra partida bat jokatuz. Egunari amaiera emateko, leku horretan bertan, 19:00etatik 21:00etara, Rey Enigma egonen da, haren aurka jokatu nahi duenari erronka eginez.

Izena eman behar da uztailaren 14ko “Xakearen entzierroa” ekitaldirako

Igandean, final aurrekoak eta finalak jokatuko dira, eta Iruñeko kaleetan eginen diren egun horretako ekitaldiak partidaren garapenari lotuta egonen dira. Rey Enigma, ordea, beste egun batez egonen da nahi duen edonoren aurka jokatzen. Kasu horretan, 12:00etatik 14:00etara izanen da, Gazteluko plazan.

Astelehenean, 11:00etan, txapelketa txiki bat eginen da Burlatako Mikel gurea Klubaren eskutik, eta 12:00etatik 14:00etara, Rey Enigma Sarasate pasealekuan egonen da. Arratsaldez partidak 17:00etatik 19:00etara izanen dira, Txantreako Sabicas plazan, Pepe Cuencaren eta El Divisen eskutik.

Asteartean, lehenengo jarduera, 11:00etan, txapelketa txiki bat izanen da, Oberenan; ondoren, Rey Enigma Sarasate pasealekuan, 12:00etatik 14:00etara, eta amaitzeko, 17:00etatik 19:00etara, Sarasate pasealekuan eta Gazteluko plazan Pepe Cuenca, El Divis eta Rey Enigma.

San Fermin Mundiala onlineko Kultur Jaialdiaren kaleko jarduerak uztailaren 14an amaituko dira, “Xakearen entzierroa” ekitaldiarekin, 11:00etatik 15:30era. Eskortetatik Zezen-plazaraino, San Domingo, Udaletxea eta Estafetan zehar 80 mahai jarriko dira, 11 metroko distantziaz banatuta. Horietan, 6 xake-maisuk partidak jokatuko dituzte 80 pertsonaren kontra. Entzierro horretan jokatzeko, izena eman behar da support@chess24.com helbidean, izena, abizenak, telefonoa eta NANa emanez.

Mundu osoko 17 milioi lagun baino gehiago ari dira txapelketa jarraitzen

Txapelketa maiatzaren 19an hasi zen, eta horren bitartez, 17 milioi lagun baino gehiago ari dira Iruñea ezagutzen partiden emanaldietan, onlineko espazioetan eta Chess24 plataformaren bitartez ematen ari diren bideoetan, bertan jokatzen ari baita txapelketa, doako gune birtual eta sarrera librekoan. Partidak jarraitzeaz gain, Pepe Cuenca eta El Divis xake-esatariak ere hirian zehar ibiliko dira munduari erakusteko ondarea, kultura, tradizioak eta gastronomia, xakerako zaletasuna partekatzen duen ikuslego ezberdin bati, alegia.

Horrela, alkateak harrera-ekitaldian adierazi duen moduan, jardunaldia “lehen mailako iragarki-erakusleiho bat" bihurtzen ari da "sanferminak, gure hiriko kultura, gastronomia eta turismoa bultzatzeko. Are gehiago, berriz ere, gure osasuna zaintzeko, jaiak bertan behera utzi behar izan ditugun urtean". Promozioa mundu osoko herrialdeetara heldu da; izan ere, jokatzen ari diren pertsonak kontuan hartuta, % 60 gaztelaniaz mintzatzen dira, eta % 40 beste hizkuntzatan.

Chess24 plataformaren datuekin bat, bi hilabete horietan 35 milioi bistaratze pilatuko dira, guztira, 13 milioi ordu, eta haien erreferentzia-puntua San Fermin eta Iruña izanen dira. Aurreikuspenen arabera, 17 milioi pertsonarengana helduko da, eta horiei harpidetu eta erregistratu gabeko beste 11 milioi gehitzen ahalko zaizkie.

4 sailkapen-txapelketa, eta final aurreak eta finala uztailaren 10ean eta 11n

Txapelketa 4 sailkapen-txapelketaren bidez antolatu da, eta une hauetan online jokatzen ari dira: ‘Copa dicharachera’, ‘Iberoamericano online’, ‘Arena estatal’ eta ‘Arena internacional’. Uztailaren 10ean eta 11n eginen diren final aurreekin eta finalekin amaituko dira, eta aste horretan Magnus Carlsenek gure hirira bidaiatuko du partidak hemendik jokatzeko.

Onlineko Kultur Jaialdian, eguneroko txapelketa bakoitzaren aurretik eta ondoren, materiala hedatuko da, grabatua edo streaming bidez, kulturarekin, sanferminekin, gastronomiarekin eta xakearekin lotutakoa. Halaber, partida bakoitzaren hasieran edo bukaeran, iragarkietarako denbora bat dago, eta lau partidatik behin, 5 minutuko atsedena eginen da; Udalak espazio hori erabiliko du interesgarriak jotzen dituen publizitate-kanpainak edo promozioak sartzeko. Aldi berean, partidetan, emanaldien hondoa aldatu daiteke, eta gune horretan Udalak hiria sustatuko du.

400 jarduera baino gehiago eskaintzen dituen ‘Biba Iruña bizirik!’ programazioaren barruan

2021eko sanferminak bertan behera uztearen ondorioz Udalak kultura eta aisialdirako programa zabala egin du, hirian 2021eko udan egiteko. ‘Biba Iruña bizirik!' ekimenak helburu bikoitza dauka. Alde batetik, 400 kultur jarduera baino gehiago antolatzea hirian, kultur animaziorako, sektore hura eta ostalaritza bultzatzeko, eta ekonomia berpizteko. Beste aldetik, Iruñearen eta bere interes turistiko handiena diren Sanferminen irudia aldarrikatu nahi ditu, herrialdean eta baita munduan ere, hiriarekiko interesa bizirik mantentzeko jaiak ospatu ez arren. Jaialdia bigarren helburu horretan kokatzen da.

Mikel Urmenetak zuzendutako jaialdiaren irudia, jaialdiaren alderdi guztiak definitzen dituen logotipoa du oinarri: peoi adardun bat, aldi berean pintxo bat dena, eta kultura, San Fermin, gastronomia eta xakea gogora ekartzen dituena. Logotipo hori kanpaina grafiko baten hainbat iruditan agertuko da, eta Iruña lotuko du San Ferminekin, entzierroarekin, gastronomiarekin, Donejakue bidearekin, harresiekin, Hemingwayrekin eta osasun-turismoarekin, hiriko alderdi estrategikoak haren nazioarteko kokapenean balioesteko.

 

San Fermin Mundiala Nazioarteko Xake-txapelketa Iruñeko kaleetan

  • Uztailak 5, astelehena
  • 11:30 Udaletxe plaza. Aldi berean eta “itsu-itsuan” jokatutako bi partida azkar, Pepe Cuenca begiak estalita Javier Habansen aurka, eta Rey Enigma begiak estalita Abel Otazuren kontra.
  • 19:00 – 21:00 Alde Zaharra. Rey Enigma Alde Zaharreko kaleetan ibiliko da, Chess 24ko beste jokalari batzuekin batera, edozein lekutan edonori xake-partida bat jokatzeko erronka eginez.
  • Uztailak 6, asteartea
  • 12:00 – 14:00 Gazteluko plaza. Chess24ko maisuek nahi dutenen kontra jokatuko dute itsu-itsuan edo denbora oztopo dutela.
  • 19:00 – 21:00 Yamaguchi plaza. Rey Enigmak, Chess24ko beste jokalari batzuekin batera, parte hartu nahi duenari erronka eginen dio.
  • Uztailak 7, asteazkena
  • 12:00 – 14:00 Ziudadela. Chess24ko maisuek parte hartu nahi dutenen kontra jokatuko dute itsu-itsuan edo denbora oztopo dutela.
  • 19:00 – 21:00 Sanduzelaiko parkea, patinodromo zaharra. Rey Enigmak, Chess24ko beste jokalari batzuekin batera, parte hartu nahi duenari erronka eginen dio.
  • Uztailak 8, osteguna
  • 12:00 – 14:00 Askatasun plaza. Chess24ko maisuek parte hartu nahi dutenen kontra jokatuko dute itsu-itsuan edo denbora oztopo dutela.
  • 19:00 – 21:00 Iturramako Félix Huarte plaza. Rey Enigmak, Chess24ko beste jokalari batzuekin batera, parte hartu nahi duenari erronka eginen dio.
  • Uztailak 9, ostirala
  • 12:00 – 14:00 Sarasate pasealekua. Chess24ko maisuek parte hartu nahi dutenen kontra jokatuko dute itsu-itsuan edo denbora oztopo dutela.
  • 19:00 – 21:00 Anelier pasealekua eta Maiteminduen parkea (Arrotxapea). Rey Enigmak, Chess24ko beste jokalari batzuekin batera, parte hartu nahi duenari erronka eginen dio.
  • Uztailak 10, larunbata
  • 13:00 Iruñeko Udalaren harrera munduko xake-txapeldun Magnus Carlseni; egun horretan bertan, Carlsenek online jokatuko ditu final-laurdenak La Perla Hoteleko Ernest Hemingwayren logelatik, horretarako antolatutako txapelketa handietan sailkatu diren lau jokalarien eta munduko eliteko hiru gonbidaturen aurka: Ding Liren (Txina) munduko hirugarrena, Levon Aronian (Armenia) munduko bosgarrena eta Wesley So (Estatu Batuak) munduko bederatzigarrena.
  • 13:20 – 13:40 Leku berean eta jarraian, Magnus Carlsen eta Javier Habansen arteko partida jokatuko da.
  • 13:50 – 14:00. Udaletxeko atea. Urteko Giria saria Magnus Carlseni emateko ekitaldia.
  • 14:45 – 15:30 Sarasate pasealekua. Magnus Carlsenek xake erraldoia inauguratuko du Pepe Cuencaren aurkako partida baten bidez.
  • 19:00 – 21:00 Sarasate pasealekua. Rey Enigmak, Chess24ko beste jokalari batzuekin batera, parte hartu nahi duenari erronka eginen dio.
  • Uztailak 11, igandea
  • 12:00 – 14:00 Gazteluko plaza. Rey Enigmak, Chess24ko beste jokalari batzuekin batera, parte hartu nahi duenari erronka eginen dio.
  • Uztailak 12, astelehena
  • 11:00. Burlata. Lehiaketa txikia Mikel Gurea Klubaren eskutik
  • 12:00 – 14:00 Sarasate pasealekua. Rey Enigmak xake erraldoian jokatuko du erronka egin nahi dion edozeinekin.
  • 17:00 – 19:00 Txantreako Sabicas plaza. Pepe Cuencak eta El Divisek bat-bateko partidak jokatuko dituzte auzoan zehar.
  • Uztailak 13, asteartea
  • 11:00. Oberena. Lehiaketa txikia Oberena Klubaren eskutik
  • 12:00 – 14:00 Sarasate pasealekua. Rey Enigmak xake erraldoian jokatuko du erronka egin nahi dion edozeinekin.
  • 17:00 – 19:00 Sarasate pasealekua eta Gazteluko plaza. Pepe Cuencak, El Divisek eta Rey Enigmak partidak jokatuko dituzte kalean eta xake erraldoian.
  • Uztailak 14, asteazkena
  • 11:00 – 15:30 Entzierroaren ibilbidea. Xakearen entzierroa. Aldi bereko partida 6 xake-maisuren eta 80 parte-hartzaileren artean. 80 mahai, bakoitza 11 metroko distantziaz banatuta, Entzierroaren ibilbidea guztiz marraztuko dutenak, eskortetatik Zezen-plazaren erdiraino. Izena emateko support@chess24.com helbidera idatzi, izena, abizenak, telefonoa eta NANa emateko.
¿Te ha sido útil esta página?