
1874ko azaroaren 6an berriro ere ura zerien Iruñeko iturriei, tropa karlistek hiria irailaren 3az geroztik blokeatuta zuten arren eta horretarako Subizatik hornitzen zen ura moztu zuten arren. Salvador Pinaquyk aste gutxiren buruan gauzatu zuen Caparrosoren errotaren inguruan aurkitu zuen iturburu batetik egungo San Ignazio eliza dagoen lekuan zegoen ur-biltegira ura eramateko proiektua. Ur hori igotzeri esker, Iruñeak karlisten erasoari aurre egin ahal izan zion, eta 1875ko otsailaren 2an blokeoa kendu zuten.
Iruñeko Udalak efemeridea azaroaren 6an bertan eginen duen (#6NPinaquy #A6Pinaquy) ekitaldi-programa batekin ospatu nahi du. Ekitaldi-programa horrekin hasteko Salvador Pinaquyren omenez jarriko den plaka bat estalgabetuko dute Kale nagusiko 14. zenbakian, hura bizi izan zen eta haren galdaketa-negozioa zegoen lekuan. Gerora “Casa Sancena” izenez ezagutuko zen leku hori. Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Hirigintza batzordeak parte hartuko dute ekitaldi horretan. Ondoren, Hirigintza Batzordearen saioan, haren figura eta lana aitortzeko adierazpen instituzional bat onetsiko da. Halaber, argi berdea emanen zaio aitortza gisa espazio publiko bat eskaintzeko proposamenari.
Baina, Udala prestatzen ari den programa hori ez da soilik Iruña tropa karlistek blokeatu zutenean Pinaquyk ura igo izanagatik eginen, haren ibilbide profesionalak ekarri zuenarekin eta haren galdaketa-enpresan egin zituen hobekuntzen bitartez hirian utzi zuen arrastoarekin ere lotuta baitago. Arratsaldean, 19:00etan, Iruñeko alkateak Nuevo Casinon eginen den mahai-inguru bat moderatuko du “Salvador Pinaquy eta Iruñeko lehen industrializazioari emandako bultzada” izenburupean. Hizlari gisa nafar historian eta kulturan aditu diren Víctor Manuel Egiak eta Pedro del Guayok esku-hartuko dute.
Azkenik, azaroaren 6tik 10era, photocall bat jarriko da Udalatxeko ezkaratzean Pinaquyk hirian utzi zuen eta, kasu askotan, oraindik ere goza daitekeen ondarean oinarritua. Photocall hori azaroaren 6tik 8ra egonen da zabalik, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara, eta asteburuan, azaroaren 9an eta 10ean, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara.
Iruñeko erreferentziazko elementuen sortzailea
Salvador Pinaquy Ducasse 1817an jaio zen Baionan eta 1890ean hil zen Kale Nagusiko 14. zenbakiko Iruñeko bere etxean. 31 urte zituela bere sorterritik Iruñera etorri zen José Sarvirekin batera, eta 1850. urtean Salvador Pinaquy y Compañía elkartea sortu zuten bien artean. Elkartea galdaketan eta errementaritzan aritzen zen, eta nekazaritza-makinak egin eta muntatzea zen haren espezialitatea. Lantegia Caparrosoko errotaren inguruan kokatu zuten. Beste lan batzuen artean, lantegi horretan sortuak dira San Domingoko aldapako (gaur egungo SanFermIN! Espazioa) guardia-gorputzeko burdinazko zutabeak. eta Frantziako portaleko igotze-sistemak. Gainera, lantegi horretan XIX. mendeko industrializazioko lehen urteetan hiria apaindu zuten ondare txikiko elementuak diseinatu eta egin ziren.
1874ko azaroaren 6an Iruñea osoak ura hiriko iturrietara bueltatzea ospatu zuen, ia hilabete batez Arga ibaiko ibaiertzetatik ura igotzeko egitura bat sortzeko lanean gogor aritu ondoren. Kronikek kontatzen dute Errepublika plaza (gaur egungo Gazteluko plaza) bandera eta girlandekin apaindu zela, erraldoiak eta kilikiak atera zirela, eta baita Valencia pasealekuan dantzatu egin zela, inaugurazio-ekitaldi bat egiteaz gain. Blokeoa amaitu baino egun bat lehenago, 1875eko otsailaren 1ean, Iruñeko Udalak oroitzapenezko urrezko domina eman zion Salvador Pinaquyri, bere lanaren esker on eta aitortza gisa.
Urte batzuk geroago, Pinaquyk eraikin bat erosi zuen Kale Nagusian (gaur egungo 14. zenbakia). Etxebizitza bertara eraman zuen, eta patioan nabe bat muntatu zuen, negozioarekin jarraitzeko. Antonia Sancena Vergararekin ezkondu zen eta seme bat izan zuen, Salvador, bera baino geroxeago hil zena. Negozioa, orduan koinatuaren esku geratu zen eta hark Sucesores de Pinaquy y Cía elkartea eratu zuen 1894an. XX. mendeko 40ko hamarkadan SL Casa Sancena sortu zen, Pinaquyren oinordekoa, eta jarduerari eutsi zion, hiri-altzariak ekoizten. Casa Sancenak, esate baterako, badu zerikusirik hiriko lehoi itxurako barandekin edo lehoi aurpegia duten iturri berdeekin
SALVADOR PINAQUYK URA IRUÑERA IGO ZUENEKO 150. URTEURRENA
- Azaroak 6, asteazkena
- 09:00. Salvador Pinaquyren omenezko plakaren inaugurazioa. Kale nagusiko 14. zenbakian, haren etxebizitza eta galdategia ezarri zituen lekuan (geroago Sancena Etxea)
- Jarraian, Hirigintza Batzordeak Pinaquyren figura aitortzeko adierazpen instituzionalaren proposamena eztabaidatuko du.
- 19:30. Nuevo Casino-Iruña. Mahai-ingurua. Salvador Pinaquy eta Iruñeko lehen industrializazioari emandako bultzada. Hizlariak: Víctor Manuel Egia eta Pedro del Guayo. Moderatzailea: Joseba Asiron Saez
- 09:00. Salvador Pinaquyren omenezko plakaren inaugurazioa. Kale nagusiko 14. zenbakian, haren etxebizitza eta galdategia ezarri zituen lekuan (geroago Sancena Etxea)
- Azaroaren 6tik (asteazkena) azaroaren 10era (igandea)
- Pinaquyren ondarea ardatz izanen duen photocalla. Udaletxeko ezkaratzea
- Ordutegiak: Azaroaren 6tik, asteazkena, azaroaren 8ra, ostirala, 08:00etatik 20:00etara; larunbatean eta igandean, 10:00etatik 20:00etara
- Pinaquyren ondarea ardatz izanen duen photocalla. Udaletxeko ezkaratzea
Pinaquyren Iruña photocalleko testua
“Salvador Pinaquy Ducasse” (Baiona 1817-Iruña 1890) aitzindaria izan zen Nafarroaren industrializazioan. Bere galdategia Caparrosoren errotan zegoen hasiera batean eta nekazaritza modernizatzeko askotariko asmakizunak asmatu zituen, hala nola, golde mekanikoak, sustraiak erauzteko makina, garia jotzeko makina, sega-makina eta zerra mekanikoa. Eta jakina da, bi urtez, 1863tik 1865era, Julián Gayarre mundu mailako ospea lortu zuen Erronkariko tenoreak harentzat lan egin zuela..
1874. urtean, gerra karlistan Iruña, setiatu zuten eta erasotzaileek ur-hornidura mozten zutenez, hirian tifus-epidemia ikaragarria sortu zen. Une horretan, Pinaquyren jeinutasuna agertu zen; bere errota-galdategiaren ondoan zegoen iturburu bat aurkitu eta ura Iruñera eramateko igo beharreko 39 metroak bere establezimenduko ponpa eta hodien bidez jasotzeko modua aurkitu zuen. Poztasun erakustaldi handien artean, 1874ko azaroaren 6an, orain dela 150 urte, hain zuzen ere, Iruñeko iturriei ura zerien berriro.
1885ean Pinaquyk bere galdategia kale nagusira mugitu zuen eta han lan egin zuen hil zen arte.1890ean establezimendua Martín Sancena koinatuaren eskuetara pasa zen. Casa Sancena-Herederos de Pinaquy enpresaren labeetan sortu ziren Iruñeko hiri-altzarien elementu berezkoenak, benetakoenak eta ezagunenak. Han fabrikatu ziren Iruñeko armarria daramaten metalezko baranda tipikoak, eserlekuak, farolak, paperontziak, “Sancena” hitza idatzita duten estoldak, eta sorkuntza bereizgarriena, hain ospetsuak diren lehoiaren iturriak. 350 inguru gelditzen dira oraindik gure kale eta plazetan.
1874an ura igo zen eguneko 150. urteurrena beteko den honetan, Iruñeko Udalak esker oneko botoa berritu nahi izan dio Salvador Pinaquyri, bere galdategia zegoen lekuan oroitzapen-plaka bat jarriz. Balio beza jatorrizko elementuez eta kronologia desberdinez osatutako photocall apal honek, hiriari egin zion ekarpen oparoaren oroigarri gisa".