Iruñeak, RTVEk, EITBk eta MECAk akordio bat sinatu dute entzierroak emateko eta hiriak lasterketen artxibo historikorako sarbidea izateko

Iruñeak, RTVEk, EITBk eta MECAk akordio bat sinatu dute entzierroak emateko eta hiriak lasterketen artxibo historikorako sarbidea izateko
Iruñeak 650.000 €/urte (% 35 MECArendako) irabaziko ditu; RTVEk bakarrik izanen ditu lurzoru publikoan dauden grabaketa-postuak eta gaztelaniaz emanen ditu entzierroak eta EITBri irudiak lagako dizkio euskaraz eman ditzan
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du gaur, astelehena, Madrilen, RTVE Corporación de Radio y Televisión Española erakundearekin eta EITB Euskal Irrati Telebistarekin sanferminetako entzierroen eta jaiarekin lotutako beste ekitaldi batzuen grabaketa eta hedapena ordenatu eta sustatzeko. Akordioaren arabera, Iruñeak espazio publikoaren erabilera lagatzen du entzierroak hobeto grabatu eta eman ahal izateko, eta, horren truke, urtean 650.000 euro jasoko ditu, bai eta entzierroen artxibo historikorako sarbidea ere, zeina RTVE erakunde publikoaren jabetzakoa baita. Bestalde, RTVE erakundeari entzierroaren ibilbidean barna dauden grabaketa-postuen erabilera esklusiboa adjudikatuko zaio. Entzierroa gaztelaniaz emanen du, eta, era berean, irudiak EITBri lagako dizkio euskaraz eman ahal izateko.

Hitzarmenak lau urteko indarraldia du eta aukera dago beste lau urtez luzatzeko eta Iruñeko Erruki Etxeak (MECA) ere diseinuan parte hartu du: zezen-plazaren (haren jabea da) barruan grabatzeko baimena ematearen truke hiriak jasoko dituen 650.000 euroen % 35 jasoko du. Hitzarmena gaur sinatu dute Madrilen Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, José Pablo Sánchez López Corporación de Radio y Televisión Española erakundeko lehendakariak eta Andoni Aldekoa de la Torre Euskal Irrati Telebistako zuzendari nagusiak; eta, asteazkenean, MECAko batzordeari sinatzeko aurkeztuko zaio.

Gaurko ekitaldian, Iruñeko alkateak, akordioaren garratzi historikoa azpimarratu du, hiriaren ezaugarri garrantzitsuenetako baten grabazioa arautu eta Iruñeko hizkuntza-errealitatea zabaltzen eta babesten baitu. “Udalaren apustua argia izan da beti: publikoa sustatzea eta hiriko bi hizkuntzen aitortza bultzatzea. Gaur aurkezten dugun hitzarmenak bi helburu horiek lortzen ditu RTVEren eta EITBren bidez, eta, gainera, posible egiten du 40 urte baino gehiago partekatzea RTVEk emandako entzierroen artxibo historikoari esker", azaldu du Asironek. Iruñeko alkateak eskerrak eman ditu akordio hau lortzeko egindako apustu irmoagatik eta alderdi guztien inplikazioagatik, eta ziurtatu du gaurko akordioa "oso albiste ona dela, alde guztien onerako, baina, batez ere, hiriaren onerako, definitzen eta proiektatzen gaituen nortasun-ezaugarrietako bat nazioartean ere sustatzeko eta hedatzeko arautzen duelako". 

Era berean, alkateak azpimarratu du hitzarmenaren lehentasuna dela entzierroak eta, horien bidez, Sanferminak ahalik eta gehien hedatzea, "baina, era berean, Iruñeari lotutako beste kultura-ekitaldi batzuk sustatzeko lankidetzari atea irekitzen dio, ez soilik jaiei dagokienez".

Espazio publikoaren erabilera eta ondare historikoa
Hitzarmenak ezartzen duenaren arabera, Iruñeak beharrezko informazioa eta laguntza emanen dio RTVEri entzierroen ibilbideari dagokionez, aurretik zehaztutako espazio publikoen erabilera esklusiboko lagapena barne, entzierroak modu egokian ekoitzi eta eman daitezen. Lagapenak lasterketak igarotzen dituen kaleak, iritsiera eta entzierroaren bukaera (zezen-plaza) barne hartzen ditu, grabatzeko perspektiba mesedegarriagoa izateko. Udala arduratuko da baimenak emateaz eta espazioa egokitzeaz, erakunde horrek dituen behar tekniko eta operatiboen eta udal-zerbitzu teknikoek ezarritakoaren arabera. Iruñeko Erruki Etxeak gauza bera eginen du zezen-plazaren barnealdeari dagokionez, eta baldintzak berberak izanen dira. RTVE eta EITB koordinatu eginen dira, ezartzen diren akordioen arabera, informazio hori partekatu eta batak besteari ikus-entzunezko grabazioak uzteko.

Espazio horiek lagatu izanaren ordain gisa, RTVE erakunde publikoak konpromisoa hartzen du “Entzierroen artxibo historikoa” Iruñeko Udalari lagatzeko, eta, horren harira, xede horrekin sortutako atari digital baten bidez modu librean sartzeko aukera emanen dio. Lagapen horrek ez du diru-ordainik jasoko, eta ikertzea, dibulgatzea eta izaera instituzionaleko kontsultak egitea izanen du helburu. Berariaz baztertu da lagapen horren merkataritza-erabilera egitea edo hirugarrenei lagatzea. Kopia editagarrien bidez emanen da eduki hori, logotiporik gabe. Udalak jasotzen duen materialaren segurtasuna eta zaintza fisikoa bermatuko du, eta RTVEren berariazko baimena izan ezean, ezin izanen da eduki hori hirugarrenei lagatu, merkaturatu, ikusgai jarri, RTVErenak ez diren beste webgune batzuetan jarri, kopiatu, aldatu eta erreproduzitu. 

Gainera, RTVE eta EITB lankidetzan arituko dira Udalak eta MECAk antolatu eta interesgarritzat edo garrantzitsutzat jotzen diren jarduerak hedatzeko, Televisión Españolaren, Radio Nacionaleko irratien eta RTVEren webguneen bidez. EITBri dagokionez, ETBren kanaletan eskainiko da, baita Radio Euskadin, Euskadi Irratian, Gaztean eta online, Orain-en eta ETB On-en.

Alderdi ekonomikoak: urteko ordainketa eta partaidetza izan daitezkeen irabazietan
Lortutako akordioaren arabera, RTVEri dagozkio entzierroen ikus-entzunezko grabazioak ustiatzeko eskubideak. Hala ere, RTVEk diru-sarrera netoak izanen balitu irudiak nazioarteko merkatuan merkaturatu eta hedatzeagatik, RTVEk% 15eko ekonomia-partaidetza emanen lioke Iruñeko Udalari 50.000 eurotik gorako urteko zenbateko netotik. 

RTVEk egindako grabazioak EITBk emateko eskubideen lagapena bi erakundeek xede horretarako egiten dituzte akordioek arautuko dituzte, baina Udalak proposatzen duenaren arabera, akordio horiek ezarri beharko dute EITBk entzierroen berri ematen ahalko duela kanal horrek barne hartzen duen lurralde osoan eta euskaraz.

Aurrez aipatutako zenbatekoaz gain, beste ekarpen ekonomiko bat eginen da, urtero 650.000eurokoa, hitzarmena indarrean dagoen epean. RTVEk 550.000 euro ordainduko ditu, EITBk 100.000 euro, eta zenbateko hori honela banatuko da: Udalak 422.500 euro jasoko ditu, % 65a; MECAk, berriz, 227.500 euro, % 35a. Zenbateko hori 2027ko urtarrilaren 1ean berrituko da, Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako kontsumoko prezioen indize orokorraren urtetik urterako aldaketaren arabera. Hitzarmenaren arabera, zenbateko hori urtero ordainduko da irailaren 30a baino lehen.

¿Te ha sido útil esta página?