Iruñeak proposatzen du berotegi-efektuko gas isuriak % 64 murriztea 2005ekoekin alderatuta, Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategiarekin bat

Iruñeak proposatzen du berotegi-efektuko gas isuriak % 64 murriztea 2005ekoekin alderatuta, Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategiarekin bat
Estrategia GoGreen Iruña planaren barruan dago, eta horren garapenak jasangarritasuna bultzatzen du hiriaren zeharkako ezaugarri gisa

 

Berotegi-efektuko gas isuriak % 64 murriztea, 2005ekoekin alderatuta, eta energiaren % 37 jatorri berriztagarrikoa izatea dira Iruñeko Udaleko Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategiaren helburuetako batzuk; Estrategia gaur aurkeztu dute guztiz osatu ostean. Tokiko Gobernu Batzarrak agiria onetsi du eta Osoko Bilkuran helduko diote azkenekoz berresteko.

Energia Trantsizio eta Klima-aldaketarako Iruñeko 2030 Estrategia (ETetaKA2030) Iruñeko GoGreen Plangintzan txertatuta dago, non jasangarritasuna, udal-esparrutik sustatua, kontuan hartzen baita zeharkako bereizgarri gisara. Proposamen eraldatzailea da, osasungarriago den eta klima-aldaketaren kontra engaiaturik dagoen hiri baterantz.

Estrategiarekin lortu nahi den helburua hiri-eredu egokitua, berritzailea, modernoa eta karbonorik gabea lortzea da datozen hamarkadetan,  Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak eta  Javier Zardoya Udaleko Energia Agentziako arduradunak prentsaurrekoan azaldu duten bezala. Dokumentuak helburuak, ildoak eta egin beharreko ekintzak zedarritzen ditu. Udaleko teknikari eta arduradunek parte hartu duten prozesu baten bidez idatzi da, herritarrei eta hiriko esparru ezberdinetako eragileei irekitako lan-saioekin batera.

Klima-aldaketa arintzea eta hartara egokitzea

2030 ESTRATEGIAn zehaztutako helburuak bi ideiaren inguruan banatzen dira: Klima aldaketa arintzea eta hartara egokitzea. Lehenengo jarduketa-ildoak barne hartzen du, isurpenak % 64 murriztu eta energiaren guztizko kontsumoaren % 37 jatorri berriztagarrikoa izateaz gain, energia-eraginkortasuna % 39 hobetzea egungo etorkizuneko proiekzioekin alderatuta.

Klima-aldaketara egokitzeari dagokionez, helburuak dira tenperaturen igoerak pertsonen osasunean duen eragina, eurite handiek eraikitako ingurunean dutena eta lehorteek eragindakoa murriztea. Bi ildoen artean zazpigarren helburu bat sartu dute: zero energia-pobrezia 2030ean.

Helburu hauek anbizio handiagokoak dira Europan 2030erakojarritako hauek baino: berotegi-efektuko gas isuriak % 55 murriztea 1990ekoekin alderatuta, ohiko kontsumoaren % 32 jatorri berriztagarriko energiatik lortzea eta energia-eraginkortasuna % 32,5 hobetzea.

Ekintza-plana 5 helburu estrategiko, 24 jarduketa-ildo eta 74 ekintza zehatzekin

Iruñeko 2030 Estrategiak markatutako helburu orokorrak lortze aldera, ekintza-planeko ekintzak 5 helburu estrategiko eta 24 jarduketa-ildo eta 74 ekintza zehatzetan egituratu dira, eta aurrekontu, kronograma eta udal-arduradun bana esleitu zaie. Espainiako Hiri Agendaren 10 helburu estrategikoekin eta 2030eko Agendaren garapen jasangarrirako helburuekin lotura dute. Planak 2030era arte, 860 milioi euro inguru mugiaraziko ditu.

5 helburu estrategikoak honako hauek dira: hiri-ingurunea birgaitu eta birnaturalizatzea; tokiko energia-ereduaren deskarbonizazioa; mugikortasun eredu osasungarri, eraginkor eta jasangarria ezartzea; udal-zerbitzu jasangarri, prestatu, aktibo eta arduratsuak edukitzea eta Iruñeko herritarrengan klima-kultura ezartzea. 24 jarduketa-ildoak 5 helburuen inguruan antolatu dira.

Hala, hiri-ingurunea birgaitu eta birnaturalizatze aldera espazioak naturalago bilakatzeko (berdegune gehiago, baldintza klimatiko berrietara espazioak egokitzea edo muturreko hotz eta beroko eremuetan lan egitea), flora eta faunaren kudeaketa jasangarrirako eta uraren zikloa optimizatzeko ekintzak abiatuko dira. Halaber, bultzada handia eman nahi zaio eraikinen birgaitze energetikoari, kontuan hartuta, energia-aurrezki maila altuez gain, energia berriztagarriak txertatzea eta haien energia-eskaria elektrifikatzea.

Tokiko energia eredua deskarbonizatzeko xedez, abian jarriko dira Iruñean energia berriztagarriaren ekoizpena, energia-eraginkortasuna eta Energiaren eta Klimaren Bulegoa. Mugikortasun eredu osasungarri, eraginkor eta jasangarri bat ezartzeko, honako hauen alde jokatzea jarri dute xede: mugikortasun jasangarri, inklusibo eta segurua; bizikletaren erabilera eta oinezoen joan-etorriak areagotzera zuzendutako aldaketak; motordun mugikortasunaren eta airearen kalitatea ibilgailu elektrikoen bidez kudeatzea eta isuri gutxiko eremuak ezartzea.

8 dira udal-zerbitzu jasangarri, prestatu, aktibo eta arduratsuak lortzeko jarduketa-ildoak: udalerriko arrisku nagusiak ezagutzea eta larrialdi-plan eguneratuak eta alerta goiztiarreko sistemak edukitzea, kontsumo-ereduan aldaketak egitea hurbileko erosketak eta produktuak bultzatuz, finantza jasangarriak, energia-pobreziaren aurkako borroka, ekintzailetza eta berrikuntza jasangarriko hiria, aldaketa-klimatikoa arintzea eta hartara egokitzea sustatzen duen arau-esparrua, turismo jasangarria eta ekonomia zirkularra birziklapenaren eta berrerabiltzearen bidez hondakinak murriztuz.

Azkenik, prozesu honetan herritarrak eta hiriko entitateak (enpresak, elkarteak...) batzeko beharrezko zeharkako elementu gisa, klima-kultura Iruñeko herritarren artean hedatzeko helburua txertatu da, haren berri emateko esparru pertsonalean, ikastetxeetan, udalean, komunikazio alorrean eta udal kudeaketa koordinatu, berritzaile eta integralean.

2018an kontsumitutako 4.551.325 MWhtik 2030ean 2.570.348 MWhra pasatzea

Helburuak eta jarduketa-ildoak zehaztu baino lehen, Iruñeko Udalak hiriko energia-balantzeari buruzko azterlan bat egin zuen. Iruñeak, 2018an 4.551.325 MWh kontsumitu zituen, 2005ean baino % 8,7 gutxiago. Energia kontsumoaren % 9,5 soilik izan zen energia iturri berriztagarrietakoa. CO2 isurpenek 1.128.937 tCO2eq jo zuten, hau da, % 15,6 murriztu ziren. Murrizketa horren zergatien artean adieraz daiteke krisi ekonomikoak joera aldaketa argia ekarri zuela eta energia eraginkortasunaren ildoan beste neurri batzuk ezarri zirela etxebizitzetan.

Hiriko energia eskaerak 488 milioi euroko kostua dakar, 2.500 euro Iruñeko herritar bakoitzeko

Estrategiak irudikatzen duen etorkizuneko eszenatokia honako hau da: ez badira ekintzak ezartzen, 2030ean energia-kontsumoa 4.186.486 MWh izanen da urteko; aurreikusitako jarduketekin, berriz, 2.570.348 MWh-ra murriztuko litzateke, hau da,% 39 gutxiago. Ekintza berriek berekin ekarriko lukete energiaren guztizko kontsumoaren % 37 jatorri berriztagarrikoa izatea eta isurpenak 859.605 tCO2eq izatea urteko, tokiko energia matrizea egungoaren arras diferentea izatea lortuz eta kontsumitutako energiaren ehuneko esanguratsu bat tokian ekoiztutakoa izanik.

Klima-aldaketaren arriskuak Iruñeko hiriarentzat eta herritarrentzat

Estrategiak berekin ekarri du, baita ere, klima-arriskuak eta -zaurgarritasunak aztertu izana, kontuan hartuta Iruñean dagoeneko aldaketak nabaritzen ari direla azken hamarkadetan. Nafarroan, urteko batez besteko tenperatura hamarkadako 0,23º-ko erritmoan handitu da 1991-2019ko aldian 1961-1990eko aldiarekin alderatuta. Proiekzioek agerian uzten dute egun 5 gauek dutela 20°-tik gorako tenperatura minimoa eta  2050etik aurrera 13 izanen direla. Urte beretan, kalkuluen arabera, azterlanean deskribatutako beste adierazleen artean, bero-boladen iraupena handituko da urteko 12 egunetik 28 egunera, eta udako egunen kopurua, 73 egunetik 96 egunera, Life-IP Nadapta-CC proiektuak 202ko azaroan argitara emandako datuen arabera.

Prezipitazioen gaineko proiekzioen arabera, Iruñean aldatu eginen da eurien banaketa. Aurreikusten denarekin bat, tradizionalki euritsuak izan diren udazken, negu eta udaberriko hilabeteetan are gehiago pilatuko dira eta muturreko fenomenoak areagotuko dira. Historikoki 80 l/hil bakarrik urtarrilean eta azaroan gainditzen baziren, etorkizunean otsail, martxo eta abenduan ere gaindituko da batez beste prezipitazio hori. Udako hilabeteetan, aitzitik, prezipitazioak gutxiago izanen dira. Uztail eta abuztuetan, historikoki urteko hilabete lehorrenetan, prezipitazioak % 63 eta % 53 murriztuko dira hurrenez hurren.

Ondorioz, eraikuntza berriko etxebizitzen ezaugarriak berraztertu beharko dira eta paisaian aldaketa handiak izanen dira. Gainera, kontuan hartu beharko da, adibidez, eraikitako ingurunean eurite handiek eragiteko arriskurik handiena duten auzoak Arrotxapea, Txantrea, Sanduzelai eta Etxabakoitz direla, eta haien ondoren Milagrosa-Arrosadia eta Donibane. Auzo zaurgarrienak eta tenperaturen igoerak pertsonen osasunean izanen duen eraginari egokitzeko ahalmen handiena dutenak Donibane, Sanduzelai eta Azpilagaña dira, ondoren Arrotxapea, Alde Zaharra eta Iturrama.

Azterlan horretatik ondoriozta daiteke osasunean eragindako ondorio negatiboak hobetzeko beharrezkoa dela espazio publikoak naturalizatzearen eta eraikinak birgaitzearen aldeko apustua egitea. Halaber, ekosistemak kudeatu behar dira, uraren zikloa optimizatu, ekonomia zirkularra bultzatu, klima aldaketak eragindako larrialdiei aurre egiteko planak izan eta hiri-eredu jasangarriago bat dakarren klima-kultura baten alde lan egin behar da.

¿Te ha sido útil esta página?