Iruñeak Pilotaren Munduko Hiriburua izateko proiektua aurkeztu du, hirian kirol horrek duen ahalmen turistikoa eta historikoa eta gizarte-kohesiorako ahalmena balioan jartzeko

Iruñeak Pilotaren Munduko Hiriburua izateko proiektua aurkeztu du, hirian kirol horrek duen ahalmen turistikoa eta historikoa eta gizarte-kohesiorako ahalmena balioan jartzeko
Aurtengo jarduera-programak honako hauek barne hartuko ditu: besteak beste, nazioarteko kongresu bat, interpretazio-zentroaren lanen hasiera eta Labrit pilotalekua berriz irekitzea
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

‘Iruña Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua’ 2030 Hiri Agendaren barruan dagoen proiektu estrategikoa da, eta hiriak eta kirol horrek historikoki izan duten loturatik sortu da. Euskal pilota biziberritzea eta hiriarendako kohesio- eta garapen-tresna gisa duen ahalmena balioan jartzea xede duen zeharkako ekimena da. Pompelo Civivoxean aurkeztu dute proiektua, gaur eguerdian, eta 2026an behin betiko bultzada eman nahi diote.

Urtean zehar eginen den jarduera-programa baten bidez euskal pilota sustatzearen aldeko apustua nabarmendu dute Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak, Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkariak eta Andrea Lusarreta Monreal Nafarroako Pilota Federazioko lehendakariak. Hainbat ekimen antolatu dituzte 2026rako, hala nola nazioarteko kongresu bat, interpretazio-zentroaren lanak abiatzea,  energia-efizientzia hobetzeko obrak egin ondoren Labrit pilotalekua berriz irekitzea eta euskal pilotaren inguruan produktu turistiko bat eratzea.

'Iruña Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua' proiektuak berezko nortasuna du. Logotipo bat sortu dute, Iruña markaren aldaera bat: ‘L’ bat osatzen du, frontoia irudikatzeko, eta pilota gisako puntu bat du hondo berde baten gainean. 'Iruña Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua' proiektuarekin eta kirol horren aldeko bultzada turistikoarekin lotutako jarduera horiek IRHUBI Pilota mugaz gaindiko proiektuaren barruan daude, eta Espainia, Frantzia eta Andorra Lurraldeen arteko Lankidetzako Programaren (POCTEFA) funtsekin finantzatu dira. IRUHBI proiektua Iruñeko Udalak gidatzen du, eta bertan Uharteko Udalak, Nafarroako Euskal Pilota Federazioak, Biarritzeko Udalak, Iparralde Pilota Batzordeak eta Biarritz Klub Atletikoak parte hartzen dute.

Erakusketa ibiltaria Civivox sarean barna
Ehun lagun inguru bertaratu dira Iruñerako proiektu estrategikoa aurkezteko ekitaldira. Pilotazaleen klubetako, erakundeetako eta kirol horrekin eta hainbat modalitatetako pilotariekin zerikusia duten eragileen ordezkariak elkartu dira Pompelo Civivoxean. Aurkezpenari hasiera emateko, Santiago Lesmesek sarrera antzeztu bat egin du, eta ekitaldian zehar Duguna taldeko dantzariak eta Julio Soto eta Bittori Elizalde bertsolariak ere aritu dira. Gainera, euskal pilotaren munduko hiriburuari buruzko bideo bat proiektatu dute.

Amaitzeko, talde-argazkia atera ondoren, Pompelo Civivoxean estreinatu den Iruñeko tradizio pilotazaleari buruzko erakusketa ibiltaria bisitatu dute. Hamahiru panelen bidez euskal pilotaren askotariko aspektuak ezagutzera ematen dira, esaterako, Iruñearekin duen lotura, historia, pilotak dituen diziplina eta modalitateak, emakumeen papera eta pilotalekuak topagune gisa duen garrantzia. Edukiak Santiago Lesmes historialariak prestatu ditu. Urtarrilaren 26ra arte, erakusketa Pompelo Civivoxean bisitatzen ahalko da. Ondoren, erakusketa hiriko gainerako civivoxetan barna ibiliko da, euskal pilotaren mundua hiriko auzo guztietara eramateko.

Pilotaren biltzarra eta interpretazio-zentroa 
Erakusketarekin batera, aurten, pilotazaleen mundua bultzatu eta sustatuko duten askotariko jarduerak eginen dira Iruñean. Urriaren amaieran, Euskal Pilotaren Nazioarteko Biltzarra eginen da, Iruña kirol horren epizentro gisa kokatzeko, kirolaren joerak, erronkak eta aukerak aztertuta pilotaren etorkizunari buruzko eztabaida irekitzeko, bai eta pilotaren inguruko produktu turistiko berria ezagutzera emateko ere. Biltzarraren antolaketa dagoeneko adjudikatuta dago, eta laster hasiko dira hainbat aspektu lantzen, hala nola batzorde zientifikoa eratzea eta programa eta kongresuarekin batera eginen diren jarduerak zehaztea, askotariko publikoa erakartzeko xedez.

Era berean, Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroaren lanak aurten abiatzea aurreikusten da, zezen-plazaren atzeko aldean dagoen orubean. 2025eko urrian ebatzi zen ideia-lehiaketa, eta O Arquitectura SLP enpresaren ‘Pareten Mintzoa’ proiektuak irabazi zuen. ‘L’ itxurako eraikin bat izanen da, sinbolikoki pilotaleku bat iradokitzen dituen bi pareta izanen ditu eta bolumen bakarrean eginen da, sotoaz eta beheko eta lehenengo solairuez osatuta. Harresirantz irekitako plaza bat izanen du, topagune eta egonleku gisa, eta Labrit eta Jito Alai pilotalekuekin elkarrizketan egonen da. Egun, erredakzio-taldea behin betiko proiektua idazten ari da, onetsitakoan lanei hasiera eman ahal izateko. Inbertsioak 7 milioi euro inguru joko du, eta horietatik 1,5 milioi aurten gastatuko dira. 

Labrit pilotalekua berriz irekitzea eta beste hainbat ekimen
Udaberrian Labrit pilotalekua irekiko dute berriz, hainbat hilabetez energia-efizientzia hobetzeko lanak egiteko itxita egon ostean. Iruñeko Udala 1.045.000 milioi euro inbertitzen ari da instalazio termikoa berritzeko, estalkia berritu eta iragazgaizteko eta energia berriztagarria ekoiztea ahalbidetzen duten beste jarduketa batzuetarako; horietatik 283.257,10 euro Next Generation EU Europako funtsen kargura finantzatu dira. Berriz irekitzeko ekitaldia baliatu nahi da pilota kalera aterako duten jarduera-programa batekin jai-egun bat antolatzeko.

Euskal pilota erakargarri turistiko gisa sustatzea da 2026ko beste jarduketa-ardatzetako bat. Iruñeko Udalak euskal pilota apustu turistiko jasangarri baten erdigunean kokatu nahi du, eskaintzaren urtarokotasuna hautsita eta berezko ondare immateriala balioan jarrita. Horretarako hainbat ekimen jarriko dituzte martxan, besteak beste, pilotaren historiari buruzko bisita gidatuak, esperientzia-bisitak, gastronomia, erremonterako gune bat eta kirol horren inguruko eskaintza turistiko berri bat. 

Azkenik, oinarrizko pilotari, harrobiari eta kirol horren etorkizunari laguntzeko jarduera bat egitea aurreikusten da: Pilotaldia proiektua, Iruñeko Udalak babesten duen Nafarroako Euskal Pilota Federazioaren ekimena.

¿Te ha sido útil esta página?