Iruñeak opari instituzionalak berritu ditu, horiek hautatzeko deitutako artisautza-lehiaketa ebatzi ondoren

Iruñeak opari instituzionalak berritu ditu, horiek hautatzeko deitutako artisautza-lehiaketa ebatzi ondoren
‘3ak1’ lana ‘Iruñeko zapia’ sariaren irudia izanen da, eta ‘Libreta’ lana ekitaldi instituzionaletan entregatuko da
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak ekintza eta ekitaldi instituzionaletan banatuko dituen oparien diseinuak hautatu ditu, bai eta ‘Iruñeko Zapia’ sarietan emanen den saria ere, zeinetan aintzatesten baitira modu aktibo eta nabarmenean Iruñearen hedapena finkatzen lagundu duten pertsonak eta entitateak. Opari berriak Udalak opari instituzionalen katalogo ofiziala berritzeko deitu duen artisautza-lehiaketa baten emaitza dira.

Lehiaketan 25 artista eta artisauen 36 proposamen aurkeztu ziren, hiria hoberen irudikatzen zuten oparien zirriborroekin. Sariketara jatorrizko sorkuntza argitaragabeak aurkeztu behar ziren, eta bi kategoria ezarri ziren. Lehenengo kategorian hiru burguen batasuna irudikatzen zuen alegoria eskatzen zen, ‘Iruñeko Zapia’ sarietan aintzatetsitako pertsona edo erakundeari entregatzeko, Batasunaren Pribilegioaren ospakizunaren egunean. 

Kategoria horretan 21 proposamen aurkeztu zituzten. Epaimahaia Kulturako Alorreko zuzendaritza-taldeak eta udal-teknikariek osatu dute, eta 3ak1 lana hautatu dute irabazle. Maddi Berraondok eta Ramón Berraondok diseinatu dute eta koloreen arabera bereizitako zeramikazko hiru elementuz osatuta dago. Epaimahaiak nabarmendu duenez, “hiru burguen batasunaren ikuspegi soil eta dotorea eskaintzen du, osotasunaren sinbolo unibertsala den zirkuluaren bitartez”. Epaimahaiak azpimarratu du lana egiteko gertuko material jasangarriak erabili dituztela eta “horrek tokiko lanaren eta lan-kontzientearen aldeko apustua islatzen duela”.  Egileek 2.500 euroko saria jaso dute.

Bigarren kategoriaren xedea ekitaldi instituzionaletan eta senidetzeetan emateko objektuak hautatzea zen, eta hamabost diseinu aurkeztu ziren. Kategoria horretan hiri-ondarea irudikatzen zuen elementu bat eskatzen zen. Epaimahaiak Cristina Arangurenek eta José María Palanca Estellések aurkeztutako ‘Libreta’ lana aukeratu zuen. Lana zianotipia teknikarekin eginda dago, askotariko azaletan mota guztietako estanpazioak egiteko aukera ematen duen eta 1842an sortu zen argazkiak errebelatzeko teknika.  Funtsean, artisau-libreta jasangarri bat da. Bakoitza pieza bakarra da eta hiriko ondare immaterialaren irudiak biltzen ditu. Beste kategorian bezala, egileek 2.500 euroko saria jaso dute. 

Lau accesit
Irabazi duten lanez gain. Kategoria bakoitzean bi accesit eman dituzte, bakoitza 750 eurokoa. Batasunaren Pribilegioari buruzko kategorian honako hauek jaso dute accesita: Concha Cilveti Echeverriak, José Luis López Tazónek eta José Juan García Ansok osatutako Equipo Zugarrondo taldeak, Besarkada lanarekin, eta Luis Alain Bernarden Isósceles Atelier taldeak, Pañuelo lanarekin. 

Besarkada lanak hiru burguen arteko besarkada irudikatzen du egitura garbi, bisual eta garaikide baten bidez. Bestalde, Pañuelo lanak naturaltasuna eta sofistikazioa uztartzen ditu, eta erabilitako materialak aipamen argia egiten dio burguen batasunari. 

Bigarren kategorian Aziza Puch Rubiok Ciudadela lanarekin eta Isabel Errok Claustro Catedral lanarekin jaso dute accesita. Lehenengoa eskuz pintatutako zetazko zapi dotore eta erabilgarria da, eta lau bertsio ditu: urtaro bakoitzeko kolore batekoa; eta bigarrena, sentsibilitate artistikoz eta indar sinboliko handiz egindako hiriko ondarearen irudi bat.

Hautaketa, bi fasetan
Iruñeko Udalak artisautza-lehiaketa bat antolatu zuen ekainean protokolo-ekitaldietan, harreretan eta ekitaldi instituzionaletan ematen dituen opari instituzionalak hautatzeko. Hautapen-prozesua bi fasetan egin da. Lehenengoan, parte-hartzaileek zirriborro edo irudi bat entregatu behar zuten, aurkeztutako lanaren deskribapen batez lagunduta. 

Horietatik guztietatik, Udalak kategoria bakoitzeko bost hautatu zituen, honako irizpide hauek kontuan hartuta: piezaren originaltasuna, identitatea eta hiriarekin duen lotura, jasangarritasuna eta erabilitako materialak eta diseinu-proposamena oinarrien arabera egokitzeko gaitasuna, besteak beste. Kategoria bakoitzeko bost proposamen aukeratu ondoren, artistek obraren prototipo fisikoa entregatzeko epe bat zuten, ezarritako espezifikotasun teknikoekin bat. Prototipoak egiteko, Udalak 150 euro eman zizkien Batasunaren Pribilegioari buruzko obrendako eta 75 euro gainontzeko lanendako. Baldintza gisa, Udalak ezarri zuen lanetako bakoitzaren erreprodukzioa ezinen zela 450 eurotik gorakoa izan Pribilegioaren Batasunaren oparirako eta 100 euro baino gehiagokoa bigarren kategoriarako.

 

¿Te ha sido útil esta página?