Iruñeak online dagoen mapa bat osatu du hiriko baliabide, zuzkidura, zerbitzu eta instalazio guztiez, herritarrek erraz eta toki bakar batean kontsulta eginez topa ditzaten

Iruñeak online dagoen mapa bat osatu du hiriko baliabide, zuzkidura, zerbitzu eta instalazio guztiez, herritarrek erraz eta toki bakar batean kontsulta eginez topa ditzaten
Iruñategiren mapa elkarreragilea prest dago udal-webgunean: etengabe eguneratuko dira bertako baliabideak, gaur gaurkoz 1.958 direlarik

Iruñeak online dagoen bere mapa osatu du hiriko baliabide, zuzkidura, zerbitzu eta instalazio guztiez, herritarrek erraz eta toki bakar batean kontsulta eginez topa ditzaten. asociaciones.pamplona.es webgunean, hiriaren mapa berri batek elkarteen, kolektiboen eta erakundeen baliabide eskuragarri guztiak –gaur egun 1.958– geolokalizatzeko aukera emango du, eta horien gaineko bilaketak egin ahalko dira, parametro hauen arabera iragazita: baliabideen hartzaileak (haurrak, gazteak, helduak...), jarduera-mota, erabiltzaileen beharrak, helbidea eta beste batzuk.
Mikel Armendáriz Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko zinegotzi ordezkariak eta Antso Fernández Alorreko zuzendariak gaur goizean aurkeztu dute Iruñategiren mapa, eta horretan barna nabigatu dute, haren ahalmena erakusteko eta herritarrendako zein erakargarria izan daitekeen ikusarazteko. Mapa horretan bilaketak egin daitezke, edukiak iragazi eta informazioa deskargatu, bai informazio zehatza bai direktorio osoa; izan ere, datu guztiak gordinean deskargatzeko aukera dago –haien azken eguneraketarekin bat–, Excel formatuan.

Mapa elkarreragile hau Iruñeko Udaleko Iruskan delakoan –geruza digitalen mapa– dago jasota, informazio horrekin geruza berri bat sortu delarik. Planoa hainbat forma eta koloretako ikurrez mukuru ageri da. Horiek aditzera ematen dute baliabideen tipologia ezberdina, hartzaile edo jarduera mota, harremanetarako datuak eta helbidea. Ikono edo baliabideen gainean klik egitean informazio guztia biltzen duen koadro bat agertzen da.
Hasiera batean, Iruñategiren mapan 1.958 baliabide daude. Horien 1.397 elkarte-baliabideak dira, 507 erakundeenak, 16 gizarte-ekonomia solidariokoak eta 38, herritarren ekimenei dagozkie. Auzoka, Zabalgunean eta Alde Zaharrean pilatzen dira baliabide gehien, 396 eta 352, hurrenez hurren. Datuak aldian-aldian eguneratuko dira, eta edozein pertsonak helarazi ditzake datu berrituak, informacion.participacion@pamplona.es helbide elektronikora idatzita.

Baliabideak auzoka, eta elkarteetarako webgunea
Iruñategi proiektua Iruñeko Udala elkarte-ehuna balioeste aldera jarraitzen ari den lan-ildoaren barruan dago, kolaboratorio edo partaidetzaren inguruko lantaldeen bidez abiatutako lan-ildoan, hain zuzen. Horren bidez erdietsi nahi zen jomugarik gorena gizarte-ehunaren balioa azpimarratzea, aintzatestea eta ezagutzea zen, horrela gizarte-ehuna bera indartu ez ezik, erronka komunei behar bezala heltzeko bide emango duen azterketa bat egiteko ere bai.
Azterketa horren muina baliabideen mapaketa egitea izan zen, eta lan hori mapa elkarreragilearekin osatzen da orain; orobat, azterketa kualitatiboa lantzen ari da orain, elkarrizketa eta inkesten bidez. Bi jardun horiei Iruñeko gizarte-ehunaren azterketa historikoa gehitu behar zaie, zenbait lekukotasun ere bilduko dituena.
Joan den urrian 13 baliabide mapa aurkeztu ziren, auzo bakoitzeko bana; emandako lehen urrats analogiko hori digitalizatu behar zen, elkarreragilea eta etengabe eguneratzeko modukoa izan nahi bazuen.

Baliabideak kategoriaka sailkatu dira, aintzat hartuta kokapena auzoka, tipologia, hartzaile-motak eta jarduerak. Tipologiari dagokionez baliabideak elkarteenak izan daitezke, edo erakundeenak, gizarte-ekonomia solidariokoak edo herritarren ekimenekoak. Hartzaile diren biztanleei dagokienez, hauek dira sailkapen-kategoriak: haur eta nerabeak, gazteak, helduak, adinekoak eta belaunaldiartekoa. Azkenik, eta aukera zabalagoak eskainiz beren jardueraren arabera, esparru hauei lotzen ahal zaizkie: herritarren segurtasuna; hirigintza eta etxebizitza; dibertsitate funtzionala; kultur aniztasuna; turismoa, osasuna eta ongizatea; ogasuna, ekonomia eta enplegua; hezkuntza; alderdi politikoak eta sindikatuak; gizarte-ekintza; erlijioa eta espiritualtasuna; kirola, lanekoa eta profesionala; kultura; ingurumena; administrazio publikoa; aktibismoa; aukera-berdintasuna emakume-gizonen artean eta feminismoa, eta LGTBI.

Antzeman eta aztertu diren 1.958 baliabide horien % 40 Zabalguneetan eta Alde Zaharrean daude, 396 eta 352, hurrenez hurren. Donibane, Ermitagaña eta Mendebaldean 246 baliabide zenbatu dira; Arrotxapean, 192; Milagrosa, Arrosadia eta Azpilagañan, 163; Iturraman, 152, eta Txantrean, 151. Mendillorrin 99 dira; Sanduzelain, 91; Lezkairu eta Santa María la Realen, 37; Buztintxurin, 37; Etxabakoitzen, 25, eta azkenik, Erripagaña, Beloso eta Bidezarren, 17.
Plano horrez gain, asociaciones.pamplona.es webguneak aukera ematen dio Iruñeko Elkarteen Erregistroan izena emanda duen edozein elkarteri bere webgunea edukitzeko, doan. Webgunea Udalaren zerbitzarietan egongo litzateke ostataturik, baina elkarteak berak kudeatuko luke.

¿Te ha sido útil esta página?