Iruñeak oinezkoen lehen pasabide ‘berdea’ abiatu du, beste proposamen jasangarri bat, oinezkoen segurtasuna ere hobetzen duena

Iruñeak oinezkoen lehen pasabide ‘berdea’ abiatu du, beste proposamen jasangarri bat, oinezkoen segurtasuna ere hobetzen duena
Nafarroako Gobernuak diruz lagundu eta klima aldaketari moldagarri zaion jarduketa honek ureztatzerik gabeko lorategi-eremu bat sortzen du oinezkoen pasabidearen aurrean
Irudia
Irudia

Oinezkoen bidegurutzeetatik 5 metro lehenago ikusgaitasuna galarazten duten elementuak kentzeko beharrari erantzunez, 2019ko abuztuan Mugikortasun Ordenantza indarrean sartzearen ondorioz, Iruñeko Udala proba pilotuak ari da egiten alternatiba batzuk kontuan hartuz, eta oinezkoen lehen pasabide ‘berdea’ abiatu du Arrotxapeko Ugaldeko Andre Maria kalean, proposamen jasangarri bat, non pasabideen aurreko guneak lehen aparkatze-plazak betetzen zituzten eremuetan lorategi-eremu bat sortuko baita. Aukera hau ‘oinezkoek irabazitako ereduari’ gehitzen zaio, zeina pasa den ekainean ezarri baitzen Iruñean oinezkoen bost pasabidetan, Bergamín eta Navarro Villoslada kaleetan. Eredu batek zein besteak bermatzen dute oinezkoen segurtasuna, ikusgaitasuna handituz gurutzeetan eta zirkulazioa arinduz, eta balio handiagoa ematen diote autoari irabazitako gune horri, oinezkoen gozamenerako eta hiri-kalitatea hobetzeko.

Arrotxapean, liburutegiaren eta Ingurumen Hezkuntzako Museoaren inguruan abian jarritako oinezkoen pasabide ‘eredu berdeak’ bestelako irtenbidea dakar, klima-aldaketari egokitu beharrean oinarritua, ureztatzerik gabeko lorategi txiki batek ahalbidetutako hiri-drainatze-sistema jasangarri bat gunean txertatuz. Hori horrela, euri-ura lurrean iragaztea bermatzen da, uraren ziklo naturala eta haren garbiketa akuiferora itzuli baino lehen lagunduz, eta uholdeak prebenitzen dira euria goian-behean ari duenean isurketa gutxituz, eta hori klima-aldaketaren ondorioz gero eta gehiagotan gertatzen da. Horrez gain, hiriko berdegunea handitzen da, eta horrekin batera giroa freskatzeko gaitasuna ere, pertsonen osasuna hobetuz eta hiriko ‘bero-irlaren’ efektuari aurre eginez.

Izan ere, irtenbide hau baliatuta hiru helburu oinarrizko lortzen dira jasangarritasunaz bezainbatean. Ingurumen-kalitatea hobetzeaz gain, gizartearen jasangarritasuna bultzatzen da hiri-gunea hobetzeari esker, eta jasangarritasun ekonomikoaren irizpidea betetzen da, kostu baxuko esku-hartzea baita, hala exekuzioan nola mantzentze-lanetan. Azken puntu horrek interes berezia hartzen du kontuan hartuta oinezkoen pasabideetako esku-hartzeak hiri osoan aplikatzekoak direla. Udalak 2019ko abuztuan egindako auditoretzarekin bat, hiriak oinezkoen 2.627 pasabide dauzka, eta haietan 2.107 esku hartze egin beharra dago.

‘Oinezkoek irabazitako eredua’ martxan da, jadanik, Francisco Bergamín kalean

Oinezkoen ‘pasabide berdeak’ proiektua Iruñean abian jarritako bigarren proiektu pilotua da, aurreko ekainean ‘Oinezkoek irabazitako eredua’ Iruñeko bost oinezko-gurutzebidetan taxutu baitzen, Francisco Bergamín, Navarro Villoslada, San Fermín eta Tafalla kaleetan. Aukera honetan, oinezkoek beren erabilerarako irabazten dituzte oinezkoen pasabidearen aurreko bost metroei dagokien galtzada-tartea. Gainera, alakak ere txertatzen dira, “slurry” motako pintura-soluzio bat aplikatuz eta gunea babesteko baliza-elementu batzuk paratuz. Irtenbide honek, halaber, zirkulazioa benetan arintzen du, galtzada estutzen baitu bidegurutzea baino lehen; era berean, horrek “Iruña 30 Hiria” helburua betetzea bultzatu eta oinezkoen ibilbidea hobetzen du, paseoan ari direnak aurrerago kokatu eta bidegurutzearen distantzia murrizten baitu. 
Zenbait hilabetez jardunean arituta eta behin hobekuntza batzuk egin eta gero, irtenbide honek ongi funtzionatzen duela egiaztatu da. Egindako hobekuntzetako bat Udalaren eta CERMINen (Nafarroako Desgaituen Entitate Ordezkarien Batzordea) arteko lankidetzaren fruitua da, eta honako honetan datza: bideratze-banda bat pintatu da galtzadako zebra-bidearen eta espaloiaren arteko gunean, bai eta zintarriak pintatu ere, espaloiaren eta galtzada-kotako oinezko-espazio berriaren arteko kota-aldaketa zedarritzeko, halako moduz non ikusmen-arazoak dituztenei gurutzatzen lagunduko baitzaie. Halaber, pandemiak eragindako egungo osasun-egoeraren testuinguruan, gune hauek espaloien erabilera arintzen dute eta seguruak dira osasunari dagokionez, oinezkoari espazio gehiago eman eta distantzia sozialak gordetzea errazten baitute.

Hirugarren irtenbide bat oinezkoen pasabideak ikusgarriago egiteko

Udala proiektuak egiten ari da ikusteko hiriko zein puntutan aplikatu daitezkeen oinezkoen pasabideen irtenbide ezberdinak, ikusgaitasuna handitzeko, eta orain arteko bi ereduez gain –hau da ‘pasabide berdeak’ eta ‘pasabideak oinezkoen irabaziekin’–, hirugarren eredu bat ere gehitu da, non guneak galtzada izaten segitzen baitu, baina bizikleta eta motozikletetarako aparkalekuez hornituta. Aukera hau orokortu egin da Arrotxapean eta Iturraman, eta errespetatu egiten ditu, baita ere, Mugikortasuneko Ordenantzan aurreikusitako distantzia-mugak.

Eredu bat edo bestea auzo, kale eta bidegurutzeetan erabiltzeko, zenbait irizpide ari dira aplikatzen 2021erako lanaren planifikazioan, hala nola, bereziki, espaloien zabalera eta oinezkoen espazioa gehitzeko beharra, berdeguneekiko jarraipena edo berdegune gutxi egotea, esaterako, zuhaitzik gabeko kaleetan, bai eta zenbait eremu sentikorretan, ikastetxeetan kasu, segurtasuna zaintzearen eta hiri-kalitatea hobetzearen alde bereziki egitea ere. 

Lankidetza-proiektuak Iruña “Hiri Berdea eta Klimarekin engaiatua” izan dadin

Iruñeko lehen ‘oinezkoen pasabide berdea’ martxan jartzeko jarduketa lankidetza-lanaren fruitua izan da, Mugikortasuneko, Tokiko Agenda 21eko eta Lorategietako, eta Herritarren Segurtasuneko udal-zerbitzuak aritu baitira elkarlanean. Hori bera azpimarratu du NELS sareak (Jasangarritasunaren aldeko Nafarroako Toki Entitateen Sarea); izan ere, erakunde horretako idazkaritzak kudeatzen ditu dirulaguntza hauek, eta horiek emateko irizpide nagusi ditu praktika oneko proiektuak izatea eta tokiko kudeaketa partekatua izatea, hala erakundearen barruan nola herritarrekin. Hartara, aurreikusita dago esku-hartzeak non egin eta horren inguru hurbilean dauden ikastetxeei, dendei eta auzo-elkarteei proposatzea berdegune txiki hauek batera zaindu eta kudeatu ditzaten. 

Jasangarritasun integraleko ikuspegiaz oinezkoen pasabideetan esku hartzeko proiektu estrategikoaren % 70 Nafarroako Gobernuaren Landa-garapen eta Ingurumeneko Departamentuak kofinantzatu du, 2020an Agenda 21eko Tokiko Ekintza Plana garatzeko proiektuak gauzatzea xede duten tokiko entitateendako dirulaguntzetarako deialdiaren bidez, eta proiektu horiek NELS sarearen osagaia den Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak –zeinen Iruñeko Udala partaidea den– kudeatzen ditu.

Oinezkoen pasabideetan ingurumen-kalitatea hobetzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko xedez egin diren esku-hartzeak ‘Go Green Iruña’ estrategiaren barruan txertatzen dira; izan ere, estrategia horrek barne hartzen ditu hiriak klima-aldaketari aurre egiteko garatutako jarduketa guztiak, bai eta datorren hamarkadarako jarduketa-ildo berriak zedarritu ere, haiek gauzatzeko behar diren baliabideak, adierazleak eta jarraipen- zein kontrol-xedeetarako bitartekoak baloratuz. Hori dena xede batez egiten da: Iruña “Hiri Berde eta Klimarekin engaiatua” deritzon “Iruña 20-30 HPE” Hiri Plan Estrategikoaren lehen helburuari erantzutea. 
 

¿Te ha sido útil esta página?