
Iruñeko Udalak NOEren funtzionamendua berraktibatu du udal-esparrurako. Garapen digital horrek “Iruñeko udalerrian uholdeei aurre egiteko udal-plana” eta haren jarduketa-prozedurak jasotzen eta protokolizatzen ditu modu automatizatuan. Hiriak 2014an egin zuen bat tresna horrekin, eta tresnak adimen artifizialean oinarritutako garapenak ditu orain. NOEk datu ugari biltzen ditu: Aemetenak (meteorologia/plubiometria), CHE – Ebroko Konfederazio Hidrografikoarenak (emariak) eta Iruñeko ibaien portaerari buruzko grafikoak eta datu historikoak. Programatutako algoritmoaren kalkuluei esker, ereduak Arga, Elortz eta Sadar ibaien funtzionamendua aurreikus dezake zortzi orduko aurrerapenarekin, eta honela, erabakiak hartzeko aukera handiagoa da. AA sartu arte, aurreikuspenek 120 minutuko ibilbidea zuten.
NOE sistemak, Argako uholdeen datuak aztertu, urak eragindako kalteak identifikatu eta emariekin eta kotekin erlazionatu ondoren, bost jarduera-fase ezartzen ditu ibaiaren emariarekin lotuta: alerta, 150–200 m3 segundoko; 01 Larrialdia, 200–300 m3 segundoko; 02 Larrialdia, 300–350 m3 segundoko; 1 Larrialdia, 350–5.000 m3, eta 2 Larrialdia 5.000 m3 baino gehiago (2 Larrialdia, inoiz ez da gertatu).
Horietako bakoitzerako, NOEk jarduera zehatz eta graduatuak biltzen ditu: erregistroen kontrola, atzera ezinezko balbulak berrikustea, ibilgailuei sarbideak moztea, uholde-arriskua duten lekuetarako oharrak, hesiak jartzea, higiezinetan alerta-kartelak jartzea, herritarrei komunikabideen bidez jakinaraztea, ebakuazioak, auzoetan aldi baterako aterpetxeak zehaztea, etab. NOEk aurrerapauso bat eman du udal-esparruan berrezarri denean, protokolo berriak pertsonei eginkizunak modu automatizatuan esleitzea aurreikusten baitu. Programan, jarduketa zein unetan dagoen kontrolatzeko sistema bat sartzen da, udaltzain, babes zibil edo udaleko beste alor batzuek egindakoaren erregistro zehatzekin.
Babes zibilaren arloko garapen informatiko hori duela hamar urte egin zen Tesicnor enpresarekin lankidetzan, eta gailu mugikorren bidez ere eskuratzen ahal da. Planaren egoera denbora errealean ikusteko kontrol-zentro bat du, bai eta maila/jarduera bakoitzerako interesgarriak diren puntuen Informazio Geografikoko Sistema duen bisore bat ere. NOEk, gainera, planoak, informazio gehigarriak, jardueren historia, etorkizuneko agertokiak ezartzeko aukera (simulakroak) eta abar eskaintzen du. Programa hau beste herri eta hiri batzuetan ere ezarri da berariazko egokitzapenekin, hala nola Tafallan, Atarrabian, Lizarran, Erriberrin, Zangozan, Uharten eta Baztanen.