Iruña ‘Musikaren Hiri Sortzailea’ proiektua prestatzen ari da; proiektu hori UNESCOk ematen duen aitortza da eta xede dauka sormena hiriko garapen jasangarriaren faktore estrategiko gisara identifikatzen duten hirien arteko elkarlana sustatzea. Horretarako, ‘Sormenaren eta musikaren mapa Iruñean’ lantzen ari da, eta haren bidez aintzat hartuko dira kulturaren eta zehazkiago musikaren esparruko baliabideak, historia, tradizioak, azpiegiturak eta ekimen publikoa zein pribatua.
Iruñeko alkate Enrique Mayak eta Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkari María García-Barberenak prentsaurreko bat eman dute gaur goizean, ‘Musikaren Hiri Sortzailea’ proiektua errealitate bihur dadin egiten ari den lana aurkezteko. Ekimena Iruñearentzako aukera gisa ulertzen da, gure hiriak nazioarteko kulturan rol protagonista eduki dezan, bere historia, tradizioak eta sormena oinarri harturik.
Ekainean, Iruñeak aurreikusita dauka aitortza hori –UNESCOk bi urtean behin ematen duen kalitate-zigilua– lortzeko behar den dokumentazioa aurkeztea. Hemendik gutxira, erakunde-batzorde bat eratuko da, Udalak berak, Nafarroako Gobernuak eta beste zenbait entitatek eta elkartek osatua, kultur proiektu hau gidatzeko.
Iruñeko sormenaren eta musikaren mapa
Iruña sustatzen ari den proiektuaren helburua musikaren mapa bat sortzea da, eragile eta bektore erabakigarri guztiak ezagutzera emateko, honako xede hauek lortze aldera: batetik, kultura eta sormena abiapuntu gisara jartzea hiriak geroan aurre egin beharko dien garapen-erronka nagusiei erantzuna emateko irtenbideak identifikatze aldera, eta, bestetik, sormenaren eragileak (sortzaileak, ekintzaileak, gizarte zibileko taldeak, PNGak, erakunde publikoak eta pribatuak, hezkuntza-erakundeak eta erakunde akademikoak) prozesuaren parte izateko eta parte hartzeko moduan jartzea.
Maparen garapena eta proposamenaren bultzada Imeanticipa nafar aholkularitza-enpresari enkargatu dizkio Udalak. Aipatu enpresa internalizazioan eta adimen lehiakorrean dago espezializaturik eta enpresa pribatuekin zein sektore publikoarekin lan egiten du. Besteak beste, gai honetan mundu-erreferentziako aditu bat dauka enpresak, Ángel Morúa, zeinak nazioarteko eta UNESCOren proiektu ugaritan parte hartu baitu. Hasierako jarduketa horien aurrekontua 12.100 euro da.
Hiri sortzaileak
'Hiri sortzaileen' kontzeptuak honako iritzi hau dauka oinarri: kulturak eta ezagutzak zeregin garrantzitsua betetzen ahal dutela hiri-garapen jasangarrian, kultura-identitatearen transmisioan eta aniztasunaren sustapenean. UNESCOren Creative Cities Netwok (UCCN) sarea 2004. urtean sortu zen, sormena garapen jasangarria lortzeko faktore estrategiko gisara identifikatzen duten hirien arteko elkarlana nazioartean sustatzeko. Egun, 246 hirik osatzen dute sarea, eta elkar hartuta ari dira lanean xede komun bat lortzeari begira: sormena eta kultura-industriak tokiko garapen-planaren erdigunean kokatzea eta nazioartean aktiboki elkarri laguntzea. UCCNk zazpi sormen-esparru ditu: artisautza eta arte herrikoiak, diseinua, zinema, gastronomia, literatura, arte digitalak eta musika.
Egun Espainian bederatzi hiri daude UNESCOren sareari atxikita. Honako hauek: Sevilla (Musika. 2006), Bilbo (Diseinua. 2014), Granada (Literatura. 2014), Burgos (Gastronomia. 2015), Denia (Gastronomia. 2015), Bartzelona (Literatura. 2015), Terrasa (Zinema. 2017), Lliria (Musika. 2019) eta Valladolid (Zinema. 2019). Musikaren Hiri Sortzaileen Sareari dagokionez, zehazkiago, bost kontinenteetako hogeita hamar herrialde baino gehiagoko 50 hiri inguru dira sarearen partaideak. Besteak beste, adibidez, Adelaida (Australia), Kingston (Jamaika), Liverpool ( Britainia Handia), Medellín (Kolonbia), Amarante (Portugal), Chennai (India), Kansas City (Estatu Batuak), Ramallah (Palestina), Essaouira (Maroko), Metz (Frantzia) eta Santo Domingo (Dominikar Errepublika).
Iruñearen harremana musikarekin
Udalak nahiko aurreraturik dauka hiriko musika-kulturako zirriborro bat, zeina, UNESCOren metodologiak Hiri Sortzaileen sareko kide izateko baldintza gisara ezartzen duenarekin bat, 20 epigrafetan egituratzen baita, honako hauen berri emateko: Iruñeko musikaren eta sormenaren oinarri historikoak, bertako jaialdiak, feriak eta ekitaldiak, musika-hezkuntza, azpiegiturak, abiatutako politikak edota kultura- eta musika-ehuna osatzen duten entitateak.
Urtean zehar, zenbait jaialdi egiten dira Iruñean, era askotako musika-estilokoak: Rock-a, pop-a, blues-a, jazz-a, flamenkoa, musika klasikoa, musika garaikidea, folklorea, musika korala, erlijio-musika, joera berriak, munduko musika… Den-denak, askotan, elkarlanari esker antolatuak, sektore publiko instituzionalaren eta hiriko bizitza kulturala biziagotu nahi duten kutur eragileen lankidetzaren eskutik. Mundu osoan ezagunak diren sanferminak ahaztu gabe, non musika herrikoiak bederatzi egunetan blaitzen baitu hiria, kalean, eszenatokietan eta festaren bereizgarri gisara.
Agiriak beste zenbait esperientzia nabarmentzen ditu, esaterako berriki zenbait elementu tradizional, hala nola gaita eta txistua, edo dantza folklorikoak eta bertsolaritza berreskuratu, balioetsi, modernizatu eta musika-adierazpen garaikideetara hurbiltzeko abiatutakoak. Horri guztiari, hezkuntza-eskaintza gehitu behar zaio: Goi mailako Kontserbatorioa eta Kontserbatorio Profesionala, Iruñeko Joaquín Maya Musika Eskola, Iruñerriko herrietako musika-eskolak, Batxilergoko ibilbidea arte eszenikoetan, musikan eta dantzan, eta nafar unibertsitateetan gauzatzen den ikerketa-jarduna.
Ondorioetan, agiriak apustu egiten du mapa bigarren ikerketa-fase batekin osatzearen alde, hirian orain sortzen ari diren ekimen berriak ezagutzeko. Parte hartzeko prozesu bat diseinatu beharra dago, hiriko sormen-eragileei zabaldutako lantegi irekien programa baten inguruan, musika ez ezik sormenaren gainerako esparruak ere bertan biltzeko. Taldeak gaika antolatuko lirateke (erakunde publikoak, sormen-esparru bakoitzaren eragile nagusiak, musika-erakundeak, musikariak, musika-industriaren eragile ekonomikoak, kultura- eta prestakuntza-kudeatzaileak, hezkuntza eta ikerketa-lanak), gero denon artean saio bat egiteko, ondorioak partekatzeko eta mapa zehatzagoa aurkezteko sektorearen ahalguneak eta arriskuak jasota.