Iruñeko Udalak ‘Smart Iruña Lab’ programaren 2020ko edizioa abiatu du, zeinak bilatzen baitu enpresa-berrikuntzan laguntzea, lankidetza publiko-pribatua bultzatzea eta Smart City delako zerbitzu eta konponbide berrien esperimentazioa eta ezarpena erraztea, Iruña hiri adimendun gisa sustatzeko estatuan zein Europan. Horrela, urratsak ematen dira hiri adimenduna erdiesteko bidean, apustu argia eginez herritarren bizi-kalitatearen hobekuntzaren alde eta zerbitzu publikoak hobeto ematearen alde.
Hautatutako proiektuetako bik mugikortasuna hobetzea dute ardatz. Alde batetik, irtenbidea ematen zaio lurgaineko aparkatzeko toki libreak denbora errealean ezagutzeko beharrari, eta bestetik, hirian dagoen zirkulazioaren ezaugarriak ezagutzeko aukera eskaintzen da. Hiriko airearen kalitatea neurtzea eta datu horiek erraz aztertzeko aukera ere planteatzen da. Beste bi proiektuek eraginkortasuna bilatzen dute ur- eta berokuntza-gastuetan. Horretarako, lehenak denbora errealean eskaintzen ditu kontsumo-datuak, eta bigarrenak, termostato-sistema adimendunaren bidez, portaeran eta zonen araberako banaketan oinarrituta. Bost proiektu pilotu horiek prentsaurrekoan aurkeztu dituzte Ana Elizalde Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkariak eta José Costero Iruñeko Udaleko Estrategia Bulegoko zuzendariak.
Hiriaren eraldaketan laguntzen, eredu adimendunetara bidean
'Smart Iruña Lab 'programarekin, Iruñeko Udalak Smart City ikuspegia duten bost proiektu pilotu esperimentatzea eta probatzea lortuko du, STARDUST proiektu europarraren gai nagusienetako batzuei lotuta, hala nola eraginkortasun energetikoa, energia berriztagarriak eta mugikortasun jasangarria. Iruñeko Udalak parte hartzen duen proiektu europar honen helburu nagusia hiriak eraldatzea da, hiri-eredu adimentsuago, eraginkorrago eta gizatiarragoetarantz joaz. Gainera, ‘Smart Iruña Lab’ programarekin Udalak Iruñeko 2030 Estrategian definitutako hiri-eredu berrian ezarritako jarduketa-ildoak betetzen ditu.
‘Smart Iruña Lab’ programa ekintzaileei eta enpresei zuzenduta dago, baldin eta irtenbide berritzaileak, ez-komertzialak eta ezagutza-, teknologia-, berrikuntza- eta/edo sormen-arloan oinarritutakoak badituzte, halakoak ezen modu berritzaile, berri eta eraginkorrean erantzun ahalko baitiete Iruñeak dituen jasangarritasun- eta bizigarritasun-erronkei. Udalak hautatutako ekimenak hainbat euskarriren bidez bultzatu eta sustatuko ditu: prestakuntza, laguntza teknikoa, negozio-ereduak, komunikazioa eta networkinga.
Mugikortasun-arazoak konpontzeko bi irtenbide, hautatutako proiektuen artean
i3i Ingeniería Avanzada SL Cordovilla enpresak proposatutako sistemak hiriko mugikortasun-arazo bat konpontzen du: gehien erabiltzen diren aparkatze-eremuak ezagutzea, bai denbora errealean, bai ondoren portaera aztertzeko. Proposamenak hainbat aparkaleku-sentsore ditu, haririk gabeko komunikazioarekin, NarrowBand-IoT bidez (edo LoRa, hirian sare bat muntatzea komeni bada), eta plataforma erraz bat, datuak bildu eta bestelako aplikazioekin konektatzeko aukera ematen duena, adibidez, Iruña Hiria Plataformarekin, informazioa herritarrei helarazteko.
Bestalde, Iruñeko ekintzaile talde batek proposatutako 'MendiTech' proiektuak mugimenduan dauden ibilgailuei buruzko informazioa emanen du: kontaketa, abiadura, azelerazioa, noranzkoa, ardatz-kopurua eta pisua. Zuntz optikoko sentsore-sistema bat da: asfaltoan mikro-zanga bat ireki, sentsorea sartu eta gero babestu egiten da. Gainera, sistemaren diseinuak ahalbidetzen du sentsoreak monitorizatzeko sareetan integratzea, eta horri esker hiri adimendun, jasangarri eta seguruagoen ereduetaranzko trantsizioa egin daiteke. Gaur egungo konponbideen kostu handiak mugatu egiten du zirkulazioa neurtzeko puntu asko ezartzeko aukera, hiri-hazkundearen ondorioz informazio-premia egon arren. Konponbide horrek kostu txikia duenez, asko paratzeko aukera ematen du.
Hobekuntzak airearen kalitatean, berokuntza adimenduna eta kontsumitutako uraren ikusizko kontagailua, ingurumena eta energia-gastua hobetzeko proposamenak
‘Kunak Green Move’ proiektuak airearen kalitatea neurtzeko Kunak Air V3 teknologiaren funtzionamendua aztertuko du, mugikortasun jasangarriko ekintzak ebaluatzeko eta tokiko airearen kalitatean eguneroko ohiturek duten eragina neurtzeko, monitorizazio-kanpaina desberdinen bidez. Azterketa horrek ematen dituen datuak tokiko sentsibilizazio-kanpainetan erabiltzen ahalko dira.
Bartzelonako ‘Defcon8 SL’ enpresak, 'Smart water flow monitor' delakoarekin, eraginkortasun energetikoko irtenbide bat proposatzen du; izan ere, erabiltzaileari une horretan egiten ari den ur-kontsumoari buruzko atzeraelikadura ematen dio, denbora errealean eta gauzen Interneta oinarri hartuta. Proiektuak uraren kontsumo eraginkorrari buruzko kontzientzia sortu nahi du, eta proposamen baliotsuak eskaintzen ditu, hala nola ur beroaren eta hotzaren fluxuari eta tenperaturari buruzko datuen tratamendu estatistikoa, egunero kontsumo-helburu bat ezartzeko aukera, eguneko gastu osoaren kontagailu bat edo ihesak detektatzeko gailu bat. Datuak erabiltzaileari eskaintzen zaizkio ispiluan integratutako display ikusezin baten bidez.
Greziatik heldu den Smarth-Prop proposamena termostato-sistema bat da, eta Wi-Fi bidez konektatutako sentsoreen bidez berokuntza- edo hozte-sistema multizonalen urruneko kontrola ezar dezake. Autoikaskuntzako eta autodoikuntzako irtenbide adimentsua da, adimen artifizialeko algoritmoak oinarri hartuta automatikoki detektatzeko energia-kontsumoaren portaera, eraikin baten modelatze termikoa eta energia-eskariaren iragarpena eta optimizazioa. Hala, eraikinetako gastuen % 40ra bitarte aurrezteko aukera ematen du.