Iruñeak martxan jarri du hiriko lehenengo oinezkoen pasabide iragazkorra, isurketa kutsagarriak murrizten laguntzen duen drainatze-sistema jasangarri batekin

Iruñeak martxan jarri du hiriko lehenengo oinezkoen pasabide iragazkorra, isurketa kutsagarriak murrizten laguntzen duen drainatze-sistema jasangarri batekin
Euri-ura jatorrian tratatzea lortu da, lur-eremu naturalean infiltratzea ahalbidetuz, oinezkoen mugikortasuna sustatzen den bitartean

Iruñeko Udalak martxan jarri du Arrotxapeko Carmen Baroja Nessi kalean hiriko lehenengo oinezkoen pasabide iragazkorra, pasabidearen inguruan lorategiak jartzean datzan mugikortasun jasangarriko konponbide bat. Horrela, garraio motordunak sortutako isurketa kutsagarriak murrizten lagunduko da, hiriko berotegi-efektuko isurketen erdia baino gehiago, alegia. Sistema horrek oinarrizko hiru helburu hauek ditu: alde batetik, euri-urak jatorrian tratatzea, eta horrela ur horiek eramaten dituzten substantzia kutsatzaileak ez dira ur-ibilguetara heltzen; beste aldetik, euri-urak lur-eremu naturalean infiltratzea ahalbidetzea, akuiferoak betez eta hiri-espazioetako iragazgaiztearen ondorioak ahalik eta gehien gutxituz, tenperatura igotzearen ondorioz giroa berotzen laguntzen baitute; eta, azkenik, ekiditea euri-jasa bortitzetan ura azaletik joatea, hustubideetatik atera gabe, eta uholdeak baino lehenagoko isurketa orokortzea.

‘Oinezkoen pasabide iragazkorrak’ pasabidearen aurreko eta ondorengo aparkatzeko tokietan lorategiak jartzean datza, ikusgaitasuna hobetuz eta bidegurutzean aparkatzeko maniobrak ekidinez; aldi berean, pasabidea espaloiaren kotara goratu da, oinezkoaren ibilbidea erosoago bihurtuz. Esku-hartze horrek, halaber, zirkulazioa benetan baretu du, eta hori lortu da autoek espaloiaren kotara goratutako pasabidea igarotzeko malda bat gainditu behar dutelako ez ezik, galtzada puntu horretan estutu delako, gidariek arreta jartzea eraginez. Zirkulazioa benetan baretzeak hirian noranzko bakoitzeko errei bakarra duten kale guztietan 30 km/h-ko abiadura-muga betetzean eragin du; abiadura-muga hori Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak berriki dekretatu zuen, eta Iruñean, 2019ko abuztura aurreratu zen, egungo Mugikortasuneko Ordenantza indarrean sartu zenean.

Mugikortasun-eredua eraldatzea: inklusiboagoa, osasungarriagoa eta isurketarik gabekoa

Proiektu horren helburuetako bat da esku-hartze mota horien onurak aztertzea, ondoren, udal-mugarte osoan zehar horiek garatu ahal izateko. Horrela, ‘oinezkoen pasabide iragazkorra’ ‘oinezkoen pasabide berdetik’ garatutako eredu bat da, pasa den udazkenean San Pedroko Ingurumen Hezkuntzarako Museoan dagoeneko probatu zena; pasabide horretan lorategi drainatzaile bat zegoen, Mugikortasuneko Ordenantza betez, zeinaren arabera oinezkoen pasabideen aurreko 5 metroetan ikusgaitasuna galarazten duten elementuak kendu behar baitira, aparkaturik dagoen autoa lorategi batez ordeztuz. Horrela, oinezkoendako segurtasunaz gain, hiri-paisaia ere nabarmen hobetzen da.

Halaber, esku-hartze mota horiek gaur egun zolatuta dauden guneak ‘birnaturalizatzea’ dakarte, bioaniztasunari, bero-irlaren efektuaren murrizketari eta CO2 atxikipenari lotutako abantailekin. Lorategi horietan landatuko diren landare-espezieek Iruñeko eguraldiarekiko egokitasun-maila altua izanen dute eta ureztapen automatikoaren beharrik ez.

Lorategi-eremu horietan drainatze-jasangarriko hiri-sistemak sortu dira; kasu horretan, iragazpen-biltegiak dira, honela osatuak: lurzoruan bertan 1,5 metro baino gehiagoko sakonera duen ontzi bat zulatu da, haren alboetako hormak iragazgaiztu dira, eta sakonago dagoen metroa geotestilez babestutako kareharri-legarrez bete da, eta goialdea, landare-lurraz. Euri-urak zintarrietako erretenetik doaz, sistema drainatzailean sartuz, eta ur hori legarren ontzian biltzen da euria ari duenean eta lur-eremu naturalera iragazten da.

Hezkuntza hiriko mugikortasunaren ikuspegi berriaren oinarri gisa

Hiri esku-hartze hori hiri-jasangarritasunari, espazio publikoaren eraldaketari eta klima-aldaketari buruzko Ikaskuntza eta Zerbitzuko Hezkuntza-proiektu solidario baten garapenarekin elkartzen da. Proiektu hori Iruñeko Udalak garatzen du, gertuen dauden bi ikastetxeekin: La Compasión Eskolapioak ikastetxea eta Arrotxapea HLHIP. Ikasleek lorategien diseinuan parte hartuko dute eta gune horiek osatuko dituzten landare-elementuak landatzen lagunduko dute.

Arrotxapeko puntu honetako esku-hartzea egiteko aurrekontua 31.000 eurokoa izan da. Isurpen gabeko joan-etorri aktiboak sustatzera bideratutako ekintza guztiak ‘Go Green Iruña’ energia trantsizio eta klima aldaketarako estrategiaren baitan daude, baita Iruñeko Hiri Agenda – 2030ean ere, zeinaren lehenengo xede estrategikoa “Iruña berdea eta klimarekin engaiatua” baita, “mugikortasun jasangarri, osasungarri eta inklusiboa” izanik lehentasunezko ildo estrategikoa.

¿Te ha sido útil esta página?