Iruñeko Udalak lankidetzan aritzea proposatu dio Iruñerriko Mankomunitateari, garbiketarako zenbait ekipamendu lagaz, horrela indartzeko inguruko beste udalerri batzuei bideen desinfekzio-lanetarako ematen zaien arreta, COVID-19 koronabirusaren hedapenak eragindako osasun-larrialdiari aurre egite aldera. Zehazki, bi furgoi hidrogarbitzaile eta hidrogarbigailua duten bi ibilgailu arin jarriko ditu Udalak beharra duten udalerrien eskura. Horixe proposatu dio Iruñerriko Mankomunitateari, hura baita Iruñerrian zerbitzu-emaile nagusia. Iruñeak garbiketarako 46 ibilgailu ditu, eta joan den martxoaren 16tik, hain justu, bertan behera utzi zuen ekorketa-zerbitzuen parte handi bat, beste batzuk sustatzeko, hala nola espaloiak eta galtzadak produktu desinfektatzaileez garbitzekoak.
Udalak eta Mankomunitateak sinatutako hitzarmenean, 4 ibilgailu horiek ez ezik bi gidari ere jarriko ditu Iruñeak. Behar diren beste bi gidariak Mankomunitateak jarriko ditu. Ekimenean FCC enpresak ere aktiboki jardunen du lankidetzan; enpresa hori, hain zuzen, hiriko garbiketa-zerbitzuaren adjudikazioduna da, eta Mankomunitaterako hondakin-bilketako zerbitzuarena. Bere gain hartuko ditu erregaiaren kostua, makinak mantentzearena, garbiketa-produktuena eta langileen desinfekzioarena. Antsoaingo Udalak ere furgoi hidrogarbitzaile bat laga dio Mankomunitateari, krisi hau hasi zenetik edukiontziak dauden lekuetan egiten ari diren desinfekzio-lan trinkoak indartzeko.
Zerbitzua astelehenean abiatu zen Atarrabian, Burlatan, Otazun, Iberon, Aratzurin, Berriozaren, Arren eta Etxaurin; Iruñean egiten ari den bezala, pistola bidez eta produktu desinfektatzaileez garbitzen dituzte osasun-zentro, merkataritza-gune eta jendearen joan-etorri ugari izaten dituzten beste zenbait tokiren, hala nola autobus geraleku edo elikagai-denden inguruetako gainazalak, zakarrontziak, edukiontziak, markesinak eta altzariak, oro har. Horretarako, gaitasun biruzida duten biozida-fungizidak erabiliko dituzte. Garbiketa-lanak arratsaldez egiten dira, 14:00ak eta 22:00ak bitarte.
FCC enpresak interesa dutenekin harremanetan jartzen jarraituko du, jarduketak planifikatze aldera. Udalek Mankomunitatearen Bezeroendako Arreta Zerbitzuaren bidez (948423242) eska dezakete zerbitzu hau.