Iruñeak lorategien ureztatzea % 20 mugatu du euri eskasia eta tenperatura altuak direla eta, betiere lorategien biziraupena arriskuan jarri gabe

Iruñeak lorategien ureztatzea % 20 mugatu du euri eskasia eta tenperatura altuak direla eta, betiere lorategien biziraupena arriskuan jarri gabe
Ureztatzea automatizatuta dago, eta urte amaiera baino lehen telekontrola ahalbidetzen duten sistema gehienak berrituko dira, big data erabiliz
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeak zorrotz kontrolatzen du berdeguneen ureztatzea, uda honetako euri eskasiak eta tenperatura altuek bereziki zailtzen duten egoera dela eta. Sanferminetan ureztatu ez diren edo gutxiegi ureztatu diren eremuak berreskuratzeko (lurzoru freskoa zapaltzea ekiditeko, lurra gehiegi trinkotzen bada, hura berreskuratzea zailtzen baita, eta bandalismoak eragindako kalteak ekiditeko) aurten % 100eko dosiak erabili dira, aurreko urteetan, aldiz, % 120koak. Hori dela eta, berdegune batzuk motel berreskuratzen dira, eta beste batzuetan eremu horiak agertzen dira.

Hiriak 3,3 milioi m2 berdegune ditu, parke historikoak barne. Horietatik, % 83k ureztatze-sistema daukate, eta % 17 sastrakak kentzearen bidez mantentzen dira, belardi naturalizatuak direlako. Ia berdegune guztiek sistema automatizatuak dituzte, eta azalera horren % 0,25 baino gutxiago eskuz ureztatu behar da. Ureztatze automatizatua kontrolatu daiteke ureztatu beharreko eremuetatik gertu dauden programagailuetatik, baita telekontrol-sistemekin ere, zeinak Berdegune Zerbitzuari ureztatzea urrutitik programatzea erraztu eta ureztatze-balbulak ireki eta ixteko uneak zehazteko aukera ematen baitiote.

Uda honetan erabilitako ur kantitatea batez beste % 20 murriztearen ondorioz, soropilak horitu egin dira, horrela erreakzionatzen baitute nolabaiteko ur-estresaren aurrean, baina egoera kalkulatua da, eta ez du arriskuan jartzen haien biziraupena. Benetako ur-muga markatzen duen elementua belardi-eremuetan dauden zuhaitzak dira; izan ere, soropila ureztatzeko uretara ohituta daude, eta, beraz, ureztatu gabekoek baino azalekoagoa den sustrai-sistema bat dute. Horrela, zuhaitzen ur-beharrek baldintzatzen dute erabili daitekeen gutxieneko ura. Ureztatze-sistema automatizatuta eta programatuta dago, landaretza-multzoaren ur-beharrak eta une honetan hain urria den baliabide baten erabilera ahalik eta eraginkortasun handienarekin bateragarri egiteko. 

Udalak aurreikusten du urtea amaitu baino lehen programagailu gehienak berritzea eta teknologia eguneratzea, zeinak aukera ematen baitu ureztatzeak programatzen dituzten langileen aginduetara jarduteaz gain, ureztatze-dosiak egokitzea, teknologia berri horiek inguruko klima-baldintzei buruzko datuak, datu historikoak, dosiak optimizatzeko algoritmoak eta abar erabiltzen dituztelako. Horrela, ureztatze-dosiak une oro berdeguneen benetako beharretara egokituko dira, Berdegune Zerbitzuak ezarritako mugen barruan, eta ura zentzuz erabiltzeko aukera emanen dute, baliabidearen kudeaketa optimizatuz, aurrezteari dagokionez.
 

¿Te ha sido útil esta página?