Iruñeak Lezkairuko Maravillas Lamberto plaza berria diseinatuko du, zeinean Civivoxa eta liburutegia kokatuko baitira, eta gazte-alokairurako babes ofizialeko 50 etxebizitza inguru egiteko aukera emanen du

Iruñeak Lezkairuko Maravillas Lamberto plaza berria diseinatuko du, zeinean Civivoxa eta liburutegia kokatuko baitira, eta gazte-alokairurako babes ofizialeko 50 etxebizitza inguru egiteko aukera emanen du
Udala 19.600 metro koadrori eraginen dien hiri jarduketako plan berezi bat idazten hasiko da inguru horretarako

plaza maravillas lamberto

Lezkairuko Maravillas Lamberto plazaren ingurunea, erabilerak eta ezaugarriak antolatzea da Iruñeko Udalaren helburua. Horretarako hiri jarduketarako plan berezia (HJPBa) egiteko asmoa du, Udalaren jabetzako 19.601,15 metro koadrori eraginen diena. Gunean hirugarren sektoreko erabilerak, etxebizitzak eta zuzkidura-eraikinak (hala nola gizarte-etxea) izanen dira. 

Plaza Joan Paulo II.aren etorbideak eta Alfredo Landa parkeak zedarritzen dute, eta oinarrizko bi unitate hartzen ditu (lau lurzati). Une honetan, behin-behinean, plazaren zati batean estalitako haurrendako jolasgune bat dago. Gainerako azalera garatu gabe dago oraindik. Udalaren asmoa da espazio osoa berriro diseinatzea, eta erabilera batzuk aldatzea, herritarren eskaera berriei erantzute aldera. 

Jatorrizko diseinuan, kokaleku horretan, 256 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusi zen, guztiak libreak, eta beheko solairua eta lehen solairua gorde ziren hirugarren sektoreko erabileretarako, 5.100 eta 4.780 metro koadro, hurrenez hurren. Hala ere, Udalak erabilera horiek aldatzea proposatu du, eta hirugarren sektoreko erabilera beheko solairura soilik mugatzea. Erreformari esker, gazteei alokairuan emanen zaizkien babes ofizialeko 40-50 etxebizitza irabaziko dira hasierako proiektuarekin alderatuta. 

Auzoan merkataritza jarduera babeste aldera, Udalak hainbat neurri proposatu ditu, plazan saltokiak eta ostalaritza babesteko eta bultzatzeko. Hartara, hiri jarduketarako plan berezi honen bidez, Udalak planteatu du debekatu dadila hirugarren sektoreko erabilera duten lokalak beheko solairuko etxebizitza bihurtzea, eta hirugarren sektoreko erabilera duten guneak eskainiko ditu, hainbat mota eta neurritakoak.. 

Ikusizko inpaktuari dagokionez, diseinu berri horren bidez, Udalak Lezkairu auzoaren estetika mantentzearen alde egin du: beheko solairuko lokalek portxeak dituzte, eta lehendik dagoen bilbeari jarraitzen diote. Gainera, etxebizitzak eta saltokiak hartuko dituzten eraikinak eraikitzerakoan, irudi bateratua eskaintzeko ahalegina eginen da. Horretarako, bizitegi-blokeen fatxaden azterketa eginen da, horiek ingurunearekin bateratzeko.

Civivox berria plazan
Maravillas Lamberto plaza da Lezkairuko Civivoxa jartzeko aukeratu den lekua. Udalak proposatzen duen hiri jarduketarako plan bereziak ikerketa espezifiko bat aurreikusten du, gizarte-etxea horri ahalik eta kokapenik egokiena emateko erabilgarri dauden 19.600 metro koadroetan. Xedea da zuzkidura-eraikin hori auzoko kultur- eta aisia-jardueren epizentro bihurtzea. Hori dela eta, kokapena hautatzerakoan, elementu guztiak uztartzea bilatuko da: berdeguneak, terrazak, haurrendako jolasgunea...

Jarduketa horiez harago, eremu horretan eraikiko diren etxebizitzen baldintzak ere hobetu nahi dira Udalak proposatzen duen diseinu berriaren bidez, eta aukera emanen da orientazio bikoitza eta terraza handiak izan ditzaten. Egungo antolamenduan, etxebizitzen artean 5 metroko tartea aurreikusten da eremu batzuetan. Hiri jarduketarako plan berezia aldatuta, tarte hori handitu nahi da, eta 30 metrora ere irits liteke. Horrek etxebizitzen kalitatea nabarmen hobetzea ekarriko luke.  

Parte hartzeko prozesua 
Iruñeko Udalak informazio-saio bat antolatu du datorren azaroaren 27rako, herritarrei Maravillas Lamberto plazaren erabilera-aldaketak eta diseinu berria jakinarazteko. Saioa 18:30ean hasiko da, Lezkairuko Paderborn ikastetxean. Hitzordu horren helburua da egungo egoeraren eta Udalaren asmoen berri ematea. 2025ean zehar, berariazko parte-hartze prozesu bat irekiko da, baita liburutegia eta auzo-unitatea hartuko dituen Civivoxaren inguruko ideia-lehiaketa bat ere.

Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentzia da Maravillas Lamberto plazak hartzen dituen partzelen jabea, izan ere, 2009an Udalari berari erosi baitzizkion, 20,3 milioi euroren truke: kontabilitate-eragiketa anomaloa, harrezkero arrastaka datorrena. Lurzati horien salmenta 2025ean eginen da eta Hirigintzako Gerentziaren aurrekontu berrietan jaso da. Horrek kontabilitate-anomalia hori konpontzeko aukera emanen du, baita urte horretarako aurreikusitako inbertsioetarako baliabideak lortzeko ere, besteak beste auzoko ekipamenduetarako edo jarduketa garrantzitsu batzuetarako, hala nola Sarasateko pasealekuko obrak edo Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa.

Argibideak emateko saioa:

  • Data: azaroak 27

  • Ordua: 18:30

  • Tokia: Lezkairuko Paderborn HLHIP

¿Te ha sido útil esta página?