Iruñeko Udalak, historian lehen aldiz, Baso Suteek eragindako Larrialdiei aurre egiteko Udal Jarduketarako Plan Berezia izanen du Planak helburu du baliabideen eta zerbitzu publiko eta pribatuen antolaketa eta jarduketa-prozedura ezartzea, esku-hartze azkar, koordinatu eta eraginkorra bermatuko duen koherentzia operatiboa izateko. Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak dagoeneko oniritzia eman dio.
Iruña Sute Arrisku Handiko Eremua da, batez ere udan eta neguan. Nafarroako Foru Komunitateko Oihanetako Suteetarako Herri Babeseko Larrialdi Plan Bereziak ezartzen duenaren arabera, Arrisku Handiko Eremuetan dauden herriek eta zaurgarritasun handiko eremuetan daudenek Baso Suteek eragindako Larrialdiei aurre egiteko Udal Jarduketarako Plan Berezia izan behar dute. Gobernu Batzarrak onetsi aurretik, plana Nafarroako Gobernuari bidali zitzaion, eta hark oniritzia eman zuen. Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi ondoren, Nafarroako Gobernuari bidaliko zaio berriro, behin betiko onespena eman diezaion.
Arrisku-azterketa hiru arrisku-eremutan
Baso Suteek eragindako Larrialdiei aurre egiteko Udal Jarduketarako Plan Bereziakzortzi epigrafe ditu, eta hamar eranskin. Eranskin horietan planoak, larrialdi-fitxak, mantentze- eta autobabeseko planak, autoebaluazioa eta gomendioak biltzen dira. Planak udalerrien arrisku eta zaurgarritasunaren osagai nagusiak aztertzen ditu, baso-masek klima-aldaketaren eraginez duten zaurgarritasunaren ebaluazioa egiten du, eta Iruñean zer erregai-mota dauden identifikatzen du, baita interes orokorreko instalazioak eta berariazko egoerak eragiten ahal dituzten elementu bereziak ere (osasun-zentroak, ikastetxeak, kirol-instalazioak…).
Arriskuen azterketari esker, hiru esposizo-eremu identifikatu dira eta horietako bakoitzak lehentasun desberdina du, suteak eremu zaurgarrietara hedatzeko arriskua murrizteko esku-hartzeari begira. Hauek dira eremuak: hiriaren eta basoaren arteko mugan dauden eremuak, hiriak eta nekazaritzak partekatutako eremuak eta basoak eta nekazaritzak partekatutako eremuak dira, eta udal-mugarteen mugetan dauden eremuak dira, batez ere. Iruñeko udal-mugarteko 25 km2-ko azaleraren % 16 nekazaritzarako erabiltzen da, % 7 basoek osatzen dute, eta gainerako % 77a hiriak hartzen du.
Baliabideak, autobabeserako neurriak eta gomendioak
Planak honako hauek jasotzen ditu: baso-suteei aurre egiteko jarduketarako eskuragarri dauden bitartekoak (giza bitartekoak zein materialak), suteak itzaltzeko udal-azpiegiturak erabilgarri izatea, besteak beste, komunikatzeko bideak eta ur-harguneak, eta topaguneak eta herritarrei arreta emateko guneak identifikatzea. Topagune horiek udal-kiroldegietan ezarri dira. Baso Suteek eragindako Larrialdiei aurre egiteko Udal Jarduketarako Plan Bereziak herritarrendako ebakuazio-plan bat eta hura aktibatzeko prozedura barne hartzen ditu, eta behar izanez gero herritarrei ostatua ematea ere.
Hala, planak udalerriko hiri-ingurunearen autobabesa hobetzeko hartu beharreko egiturazko neurrien azterketa jasotzen du, eta landareen mantentze- eta prebentzio-lanetan parte hartzen ari direnen ekipamendurako materialak eskuratzea proposatzen du, baita sute-ahoen sarea osatu eta seinaleztatzea eta arrisku-garaia hasi aurretik mantentze-plan bat izatea ere. Dokumentuak Iruñeko landare-espezieak progresiboki eraldatzeko gomendioak jasotzen ditu, eta espezie suharberenak sua gutxien hedatzen dutenekin ordeztea.
Planarekin batera, hiriaren eta basoaren arteko mugetako arriskuaren autoebaluaziorako fitxa batzuk daude. Fitxa horiek oso erabilgarriak dira eraikinek baso-suteak izateko arriskuaren aurrean duten zaurgarritasunaren lehen identifikazio bat egiteko, eta horiekin batera, baso-sute baten aurretik, suteak iraun bitartean eta ondoren egin beharrekoari buruz biztanleei gomendioak ere biltzen ditu. Gomendio horiek abiapuntu gisa erabiliko dira herritarrek kontzientzia hartzeko eta autobabesa hobetzeko. Planak mantentze-lanen eta egindako jarduketen erregistro bat jasotzen du. Erregistro hori eguneratuta eduki beharko da eta aurreikusitako ekintzak betetzen direla egiaztatzeko balioko du.