Iruñeak lau hiri-baratze berri abiatuko ditu 2018an, Txantrean, Arrotxapean, Donibanen eta Mendebaldean, Pellejerías zokoan dagoenarekin bat eginez

Iruñeak lau hiri-baratze berri abiatuko ditu 2018an, Txantrean, Arrotxapean, Donibanen eta Mendebaldean, Pellejerías zokoan dagoenarekin bat eginez
Hiri Baratzeen Planak 10.000 euroko inbertsioa aurreikusi du horietako bakoitza martxan jartzeko, eta urtean 500 euro, mantentze-lanetarako
Fitxategi

Iruñeko Udalak gaur goizean aurkeztu du Iruñeko Hiri Baratzeen Plana, zeinak xede baitu 2018an lau gune berri sortzea Txantrean, Arrotxapean, Donibanen eta Mendebaldean, Pellejerías zokoan den La Piparrika baratzearen parekoak. Planak 10.00 euroko inbertsioa aurreikusten du hirian sortzen den baratze bakoitzeko.

Hiri Ekologia eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak eta Ingurumen teknikari Marina Jiménezek proposamenen berri eman dute, bai eta Udalak sortuko diren baratzeendako proposatzen duen kudeaketa-eredua azaldu ere. Baratze bat eratzeko bi gastu mota ezarri dira lehen urterako: lurra egokitzeko gastuak, zeinak Hiri Ekologiako Zerbitzuaren kargura joango baitira, 4.500 euro aurreikusi direlarik baratze bakoitzeko; eta materialetarako gastuak, 5.000 euro baratze bakoitzeko, diru-laguntza bidez eskuratuko direnak. Diru-laguntzaren zenbatekoa elkarte esleipendunari aurreratuko zaio, inbertitu dezan, eta urte amaieran gastuen kontuen berri eman beharko du.

Eratzeko 10.000 euroko gastu horri gehitu behar zaio mantentze-lanetarako kopurua, gehienez ere 500 eurokoa, eta aurreikuspenen arabera, hiri baratzea sortu eta bi urtera gastatzen ahalko dena. Funtsean, pintura, konponketa eta beste zenbait lanekin loturiko gastuak izango dira. Plana egiteko kontuan hartu da Pellejerías zokoko La Piparrika hiri-baratzearen garapena, abian jartzea eta kostua: 15.000 euro ingurukoa izan zen, lurzatiaren egoera berezia zela medio.

La Piparrikako esperientzia pilotua

Pellejerías zokoko La Piparrika hiri-baratzea esperientzia pilotu gisa balio izan du, halako azpiegitura moten bideragarritasuna probatzeko. La Piparrika elkarteak Iruñean hiri-baratze bat osatzeko eskabidea 2016ko martxoaren 31n erregistratu zuen, eta ia zortzi hilabete beranduago, azaroan, ebazpen bidez doan laga zitzaien lurzati hori, proiektua garatu zezaten.

Iruñeko Udalak lurra atondu zuen, sarrerako atea metalezko batez ordeztu zuen eta lurzatiko ur-kontagailuaren alta egin zuen. La Piparrikak baratze-alorrak eraikitzeko materialak eskatu zituen baratze-alorrak egiteko -tartean egurrak- eta tresnak. Iazko otsailean zortzi baratze-alor sortuta zeuden, konpost, zohikatz, legar eta lurrez beteta. Landatzea martxoan abiatu zen, Elkarkide Fundazioak eta elkarteko pertsonek emandako haziak eta plantulak erabilita. Hiri-baratzeak sarrera librea eta doakoa du.

Hiri-baratzea maiatzaren 27an zabaldu zitzaion jendeari, eta orduz geroztik, hala tokiak nola baratzea kudeatzen duen elkarteak auzoko bizitzan aktiboki parte hartu dute. Besteak beste, Alde Zaharraren egunean eta Aldapako sanferminetan zenbait ekitaldi bertan egin dira, auzolanak antolatu dituzte, eta zenbait kolektiboren jardueretarako egoitza gisa erabili da. Maiatzaz geroztik, 28 bisita egin dira hiri-baratzera eta hainbat jarduera, hala nola lantegiak, jardunaldiak eta ibilbide gidatuak. Baratzea kudeatzeko antolaketaren harira, 3 batzar eta 20 bilera egin dira, jardunean aritzen diren hiru lantalde daude, Iruñeko zein Iruñeaz kanpoko auzo-topaketetan parte hartu dute, beste hiri-baratze batzuk bisitatu dituzte -Tuterakoa, adibidez- eta harremanetan jarri dira Gipuzkoa eta Arabako beste baratze batzuetako arduradunekin.

Hiri-baratzeak eratzeko lau proposamen berrien egoera

Hiri-baratze bat eratzeko aurreratuen dagoen proposamena Txantreako Krispilak elkartearena da, Kontratazioaren Atarian argitaratzeke baitago, kudeaketa esleitze aldera. Proposamena birritan aurkeztu da, udal-teknikariek hasierako proiektua nabarmen aldatu zutelako. Alemanes inguruko lurzati batean kokatuko da, Aita Adoain kalearen eta Arga ibaiaren artean (6. industrialdea, 2101 lurzatia).

Aurtengo urtarrilean San Juan Xar elkarteak erregistro bidez eskatu du Irantzuko Monasterioaren plazako lurzati soropildun bat lagatzea, bertan hiri-baratze bat eratzeko. Behin agiriak aurkeztuta, Hirigintza Gerentziak, hala nahi badu, aldaketak edo txostenak egitea eskatzen ahal die kasuan kasuko zerbitzu teknikoei. Hurrengo urratsa Kontratazioaen Atarian argitaratzea litzakete, behin kudeaketa esleitu ostean, hiri-baratzea gauzatu ahal izateko.

Aurreko urteko amaieran, Iruñeko Udalak zenbait bilera izan zituen Mendialdea elkartearekin, zeinak Arrotxapean hiri-baratze bat sortzeko interesa baitzuen. Azkenik, otsailean aurkeztu dute eskaera hiri-baratze bat sortzeko hiruki formako lurzati soropildun batean, Arrotxapea KKEko igerilekuen parean.

Amaitzeko, Mendebaldeko bizilagunek, oraindik elkarte gisa eraturik ez badaude ere, interesa agertu dute hiri-baratzeen ekimena haien auzoan ezartzeko. Udalarekin lehenengo harreman bat egon zen aurtengo urtarrilean, eta azaldu zaie hiri-baratze bat eratzeko prozedura nolakoa den eta zein betekizun dituen, besteak beste, elkarte gisa eraturik egotearen beharra.