Iruñeak laguntza eskainiko die saltokiei beren energia-eraginkortasuna hobetu eta kostuak eta kontsumoak murrizteko

Iruñeak laguntza eskainiko die saltokiei beren energia-eraginkortasuna hobetu eta kostuak eta kontsumoak murrizteko
Udalak laguntza pertsonalizatuko energia-aholkularitza bat finantzatuko du lokalak hobetzeko neurriak planteatzeko

comercio asesoramiento energético

Energia-kontsumoa eta, horrekin batera, fakturaren prezioa murriztea da Iruñeko Udalak merkataritza sektoreari zuzenduta martxan jarri duen energia-hobekuntzarako aholkularitzak planteatzen duen xedea. Azken batean, saltoki txikiei laguntzea da xedea, kudeaketa-gastuak eramangarriagoak egiten dituzten ekintzen bidez, eta gainera, ingurumenari laguntzea. Neurria 2023an jarri zen martxan eta Next Generation EU Europako funtsek finantzatzen dute, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bitartez.

Zerbitzu hori Merkataritza Ganberarekin lankidetzan jarri da abian, eta banakako energia-aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen die energia-kontsumoak eta -gastuak hobetu nahi dituzten saltokiei. Zerbitzuak jarduera-maila desberdinak ditu, merkataritza-arduradunen inplikazioaren arabera. Ildo horretan, Iruñeko Udalak, lehen urrats batean, autodiagnostikoa egiteko aukera eskainiko du, saltoki bakoitzak online egiten ahalko duena, geroko konpromisorik gabe. Autodiagnostiko hori aplikazio informatiko baten bidez egiten da, eta galdera batzuei erantzunez, enpresako langileek eraginkortasun energetikoari eta lokalaren ezaugarriei buruz duten ezagutza aztertzen da, besteak beste. Iazko maiatzean zerbitzua martxan jarri zenetik 13 saltokik egin dute beren saltokietako energia-kontsumoaren benetako egoera ezagutzeko autodiagnostikoa.

Autodiagnostikoa egin ondoren, saltokiei aholkularitza pertsonalizatua jasotzeko aukera ematen zaie, kostuak murrizteko ekintza txikiak bilatzen saiatzeko. Banakako aholkularitza horretan SENAR Ingenieros enpresako teknikariek saltokiaren arduradunei elkarrizketa bat egiten diete energia kontsumitzen duten ekipoen erabilerak ezagutzeko, hala nola argiteria, ordenagailuak, aire-girotzea eta hotz-ganberak. Gainera, lokalera joaten dira azalera neurtzeko, energia kontsumitzen duten ekipoen inbentarioa egiteko eta hainbat puntutan energia neurtzeko. Datu horiekin eta faktura elektrikoak berrikusita, kontsumoen analisi osatua egiten da.

Horri guztiari esker saltokiak hobetzeko zer aukera dituen identifikatu eta horretarako plan bat eginen da, energiaren prezioak eta saltokiaren kontsumoaren profila oinarri hartuta. Hobetzeko neurri horiek epe motz, ertain eta luzera egiten ahal diren ekintzak izanen dituzte ardatz, energia eraginkortasuna eta errentagarritasuna oztopatzen dituzten alderdiak landuz, hala nola LED argiak ezartzea, ekipo eraginkorrak instalatzea eta airea girotzeko sistemak optimizatzea tenperatura doituz. Prozesu guztiak iraun bitartean, saltokiak aukeratutako neurriak ezartzeko langile adituen laguntza eta tutoretza izanen du.

Orain arte hamaika saltokik eskatu dute aholkularitza pertsonalizatua eta dagoeneko lau diagnostiko oso egin dira. 

Hitzaldiak eta online mintegiak
Zerbitzu hori ezagutzera emateko, Iruñeko Udalak webguneko atal bat du, eta saltokiendako prestakuntza-aholku batzuk biltzen ditu bertan. Zehazki, gune horretan saltokietako eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta kontsumoak eta hondakinak murrizteko tresnak eskaintzen dituzten hainbat bideo ikus daitezke. Gaian adituak diren teknikariek egindako bederatzi bideo dira guztira. Horietan, besteak beste, energia berriztagarriak, ekonomia zirkularra, jasangarritasun-ziurtagiriak, faktura elektrikoa eta hondakinak jorratzen dira. 

Gainera, gune horretan bertan autodiagnostikoa egiteko esteka bat dago, nondik abiatzen diren jakin eta hobekuntza-ekintzen hasierako proposamena jasotzeko aukera ematen duena.


Logos Next

¿Te ha sido útil esta página?