Sanferminen urtarokotasuna hautsi eta hiri-erdialdetik deslokalizatzea, eta hiriko auzoetan jaietako sinbologia, tradizioa eta kultura herrikoia balioestea jaien aurretik, bitartean eta ondoren. Hori da Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi duen espedientearen helburua, zeinean sanferminei lotutako jarduera turistiko-kulturalak asmatu eta garatzeko laguntza teknikorako kontratu bat lizitatu baita. Zehazki, sanferminetarako 5 jarduera berritzaile, Eskilaratxorako 6 jarduera eta jaien ondorenerako ekitaldi baterako proposamenak eskatzen dira.
Kontratua hiru lotetan antolatu da: sanferminetarako kultur programa bat izateko proposamen bat (1. lotea); Eskaileratxo-egunetarako kultur programa bat eta sanferminen ondorenerako kultur ekitaldi bat (2. lotea) eta komunikazio eta harreman publikoen kabineteko lanak (3. lotea). Modu horretan, Udalak kultura eta aisialdiko ekintza eta jarduerak bultzatu nahi ditu, jaiaren irudi positiboa sortzen lagunduko dutenak, jaiaren, gastronomiaren, folklorearen, sinbologiaren eta gainerako erakargarrien balioak eta zutabe tradizionalak gordeko dituena, jaiaren errealitatearekin bat ez datorren sanferminen irudi bat merkaturatzearen ondorioz balioa galtzen ari baitira.
Kontratuaren aurrekontua 421.011,08 eurokoa da eta Europako funtsen bidez finantzatuko da. HJTP Iruña SF365 proiektuaren esparruan kokatzen da, eta Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez Europako NextGeneration funtsak finantzatzen du. Funts horiek Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren C14.I1 inbertsioaren finantza-tresna dira. Testuinguru horretan, Iruñeak 5.492.500 euroko laguntza jaso du hiru urtean "Iruña SF365” Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana hedatu eta garatzen erabiltzeko. Plan horrek 13 jarduketatan egituratzen diren lau gai ditu ardatz: trantsizio berde eta jasangarria, energia-eraginkortasuna hobetzea, trantsizio digitala eta lehiakortasuna.
Kontratuaren xedeak
Kontratuaren helburu zehatzak honako hauek dira: herritarrak informatzea eta sentsibilizatzea sanferminen historiari eta jaiaren kultur balioari buruz, bai eta errespetuaren, berdintasunaren, jasangarritasunaren eta gizalegearen balioen garrantziari buruz ere; kultura-eskaintza berri bat sortzea sanferminen aurretik, bitartean eta ondoren, jaiaren balio positiboak komunikatzeko, eta auzoetako ostalaritza eta merkataritza dinamizatzeko, eta hiriaren eta sanferminen irudi turistiko berri bat sortzea, kulturari lotuta.
Era berean, asmoa da sanferminen esparruan turismo-fluxuak birbanatzen laguntzea, sanferminei lotutako eskaintza eta eskaria dibertsifikatzea eta urtarokotasuna haustea, sanferminen kultura sustatzea, jaiei lotutako Iruñearen irudia hobetzea eta hirian ekitaldi jasangarriak garatzeko bizilagunen eta bisitarien rolari buruz sentsibilizatzea. Iruñeko Udalak, 2023an, dagoeneko diseinatu eta gauzatu zuen sanferminetako Eskaileratxoaren inguruko kultur programazioa.
Lote bakoitzaren ezaugarriak
Lehenengo loteak sanferminetan, uztailaren 6tik 14ra bitartean, garatuko den kultur programa bat egitearen alde egiten du. 5 kultur jarduera berritzaile proposatu beharko dira gutxienez, Alde Zaharretik deslokalizatuak eta jaigune berriak sortuko dituztenak, erakargarritasun turistikorik handiena duten gune edo auzoak eta haietako elkarte-sareari ere bultzada emanez. 133.421,38 euro bideratu dira lote horretara. Enpresa adjudikaziodunak jarduerak deskribatu, egutegiak egin eta beharko den logistikaren proposamena eginen ditu.
Bigarren lotea 2025eko Eskaileratxorako kultur programa bat diseinatu eta gauzatzeko izanen da, eta baita datorren urteko sanferminen ondoren kultur ekitaldi bat diseinatzeko ere. Kultur izaerako 7 ekintza proposatu beharko dira, eta jarduera jasangarriak izan beharko dituzte edo jasangarritasunak festa-ekitaldietan duen garrantziari buruzko kontzientziazioa sustatu beharko dute. Jarduera horietatik sei Eskaileratxo-egunetan eginen dira (urtarrilaren 1ean, otsailaren 2an, martxoaren 3an, apirilaren 4an, maiatzaren 5ean eta ekainaren 6an), eta zazpigarrena irailaren 1etik azaroaren 15era bitartean. Jarduketak publiko ezberdinei zuzenduak izanen dira eta auzo ezberdinetan eginen dira, Alde Zaharrean izan ezik, salbu eta urtarrilaren 1eko jarduera, zeina eremu horretan egin ahal izanen baita.
Hirugarren loteak 31.010,85 euroko aurrekontua du, eta enpresa bat kontratatzea du xede, komunikazio eta harreman publikoen kabinete-zerbitzuak eta sustapen eta laguntza teknikoa eman eta aurreko bi loteetan aurreikusitako turismo- eta kultura-jarduerak estatuan eta nazioartean zabaltzeko. Horrez gain, enpresa adjudikaziodunak aholkularitza orokorra eman beharko du online eta offline komunikazio eta sustapenaren arloan. Era berean, 2025ean, Nazioarteko Turismo Azokaren (FITUR) esparruan, Iruñeko proposamen turistikoak sustatu eta ezagutaraziko zaizkie estatuko eta nazioarteko hedabideei.