Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako zerbitzuak klima-larrialdiaren inguruko breakout hezigarri baten kontratazioa adjudikatu du. Gamifikazio-tresna hori proposamen tekniko-ekonomiko bat aurkeztera gonbidatutako bost enpresen artean hautatutako The roomhunter enpresak garatuko du. Enpresa adjudikazioduna eskaintzaren ezaugarriei hobe egokitzen dena eta eskaeran deskribatutako baldintzak betetzen dituena da.
Breakout hezigarria Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleendako pentsatuta dago, nahiz eta bere ezaugarriengatik herritar ororendako egokia den. Metodologia horren helburua da klima-aldaketa eta klima-larrialdia ulertzen laguntzea eta trantsizio ekologikoarekiko jarrera aldaketa indibiduala eta kolektiboa bultzatzeko oinarriak finkatzea. Proiektua 2024ko uztailaren 30ean amaituko da.
Breakouta narrazio edo istorio baten barruan kokatzen den arazo edo erronka bat da, eta ikasleek ezarritako denboran ebatzi beharko dute. Horretarako, hainbat desafio eta proba ebatzi beharko dituzte motibazioa, arreta, nork bere mugak gainditzea, ahalegina, lankidetza eta talde-lana sustatzen dituen testuinguru jostagarrian. Ikasleek jolas batean jolasten ariko balira bezala ikasten dute; modu horretan giro ludikoa eta motibatzailea sortzen da.
Breakoutaren tresna, kasu horretan, klima-larrialdiaren gaiari buruz ikasteko bide berritzailea izanen da. Ezagutza ezinbestekoa da ikasleak sentsibilizatzeko oinarriak finkatzeko eta klima-larrialdiaren aurrean beharrezkoak diren konponbideetaranzko urratsak emanen dituen portaera-aldaketa bat sustatzeko.
Testuingurua
GoGreen Iruña - Energia Trantsiziorako eta Klima-Aldaketarako 2030 Estrategiaren barruan, 5. helburu estrategikoak xede du klima-kultura ezartzea Iruñeko gizartean, eta 21. ildo estrategikoak klima-kultura ezartzen du ikastetxeetan. Garatzen diren ekintzak 5.6 ekintzarekin bat datoz: "Klima-kultura ikastetxeetako proiektuetan txertatzea eta berariazko proiektuak garatzea energia-trantsizioaren inguruan". Ekintza horren helburua da, gamifikazioa, ihes-jokoak edo antzeko metodologietatik abiatuta klima-kulturan eragitea.
Horregatik, Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak Klima-larrialdiari buruzko hezkuntzako breakout tresna hori garatu nahi du. Tresna horren bidez, ikastetxeek arazoa ulertzen, irtenbidearen parte izaten eta trantsizio ekologikoan partaide izaten lagunduko dien metodologia bat gauzatu ahal izanen dute. Hori dela eta, tresna ikaskuntza sustatzeko diseinatuko da, eta ikasleen jokabide-aldaketa sustatzeko oinarriak finkatzeko, hala maila indibidualean nola, batez ere, maila kolektiboan.
Lau fase
Breakoutaren kontratuak lau alderdi jasotzen ditu. Lehenengoa jokoaren diseinua da, atal analogiko bat eta hura osatzen duen atal digital bat izan behar duena. Halaber, proposatutako irtenbideak hizkuntza anitzekoa izan beharko du, euskaraz eta gaztelaniaz ezarriko dela bermatuz eta hizkuntzaren eta irudien erabilera inklusiboa kontuan hartuz. Edukiak hiru multzotan antolatuko dira: klima-aldaketa; klima-aldaketaren ondorioak, tokian-tokian eta maila globalean, eta klima-larrialdia eta klima-aldaketaren aurkako ekintza.
Bigarren alderdia, enpresa adjudikaziodunaren eta Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuaren arteko baterako jarraipen- eta sorkuntza-fasea da. Fase horretan, jokoaren diseinua aurkeztu ondoren, hezkuntza-alderdiak, prozedura-alderdiak edo beste batzuk egokitzen ahalko dira, jokoaren funtzionaltasuna eta aurreikusitako hezkuntza-etapen eta helburuen egokitzapena bermatzeko. Kontuan hartu beharreko hirugarren alderdia prototipoa sortzea da, eta bi proba pilotu eginen dira jokoaren funtzionaltasuna eta egokitzapena neurtzeko eta diseinua eta ekoizpena doitzeko, aldez aurretik finkatutako helburuak lortze aldera. Azkenik, laugarren tokian, breakoutaren ekoizpena bera helduko da.
Lau faseen garapenerako epeak honako hauek dira: ihes-jokoa diseinatzeko, 2023ko abenduaren 31ra arte; aurkeztutako diseinuaren jarraipena egiteko eta elkarlanean sortzeko, 2024ko martxoaren 31ra arte; prototipoa sortzeko eta pilotajea egiteko, 2024ko ekainaren 15era arte, eta jokoa ekoizteko, 2024ko uztailaren 30era arte. Tresna 2024ko udazkenean egonen da erabilgarri.