Iruñeak ‘Karrikan’ plataformarekin bat egin du, kalean arte eszenikoak bultzatzeko

Iruñeak ‘Karrikan’ plataformarekin bat egin du, kalean arte eszenikoak bultzatzeko
Plataformak deialdi bat jarri du abian, Euskal Herrian sortzen ari diren bi konpainiari babesa emateko
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak Karrikan plataformarekin bat egin du: kaleko arte eszenikoak sustatzea du helburu, goraka ari diren artistei babesa eta aholkuak emanez. Mugaz gaindiko plataforma horrek Akitania Berria euroeskualdearen, Nafarroaren eta EAEren babesa du, eta hiru lurralde horietako entitateek osatzen dute. Hala, Iruñeko Udalaz gain, Antsoaingo, Bilboko, Gasteizko, Leioako eta Hendaiako udalek parte hartzen dute, baita kolektibo kultural hauek ere: Iparraldeko Topada Fabrikak eta Karrikan Euskal Kaleko Antzerki Sarea Elkarteak berak. 

Aipatu moduan, mugaz gaindiko plataforma da, eta 2016az geroztik urtero laguntza-deialdiak jartzen ditu martxan, parte hartzen duten entitateen kontratazioari esker goraka ari diren kolektibo, artista eta konpainiek proiektuak egiteko eta espazio publikoan antzezteko. Bi konpainia hautatu eta baliabidez eta jakintzaz hornitzen dituzte, ikuskizunak sortu, sustatu eta hedatzeko. 2025-2026ko Karrikan Zubiak deialdian bi lan hauek hautatu ziren: Ane Gebara eta Iván Casadoren Ni errekadista nintzen eta Komorebi Produkzioak konpainiaren Argilunak.

Prentsaurrekoan, Iruñeak egitasmoarekin bat egiteko erabakia, laguntza-deialdiaren nondik norakoak eta Euroeskualdearen finantzazioa azaldu dituzte Iñigo Gómez Eguíluz Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak, Ainara Santaquiteria Antsoaingo Udaleko kultur teknikariak eta Leyre Azcona Euroeskualdeko ordezkari eta lurraldeen arteko lankidetzako arduradunak. Ane Gebara aktorea ere bertan izan da: 2025-2026ko Karrikan Zubiak deialdian hautatutako Ni errekadista nintzen antzezlanean parte hartzen du.

Plataforman parte hartzeari esker, Iruñeko Udalak bat egiten du kooperazio kulturalaren sarearekin, eta lagundu eginen du proiektuaren esparruan aurreikusitako ekintzak garatzen. Zehazki, konpromisoa hartzen du egonaldien deialdian hautatutako konpainiaren antzezlan bat kontratatzeko, 1.800 euroan, baita bitartekaritza kulturaleko jarduera bat 300 eurorekin finantzatzeko ere. Oraingo honetan, Komorebi Produkzioak konpainiaren Argilunak ikuskizuna finantzatu da, zeina Civivox sareko Record-Arte zikloaren barruan arituko baita, heldu den azaroaren 2an, Kondestable Civivoxean. 

2026rako eta 2027rako deialdi berria
Karrikan plataformak Karrikan Zubiak II deialdia jarri du abian, eta 2026an eta 2027an eginen da. Bigarren urtez jarraian, Euroeskualdearen finantzazioa izanen du proiektuak, 22.830 euro baino gehiagoko finantzazioa, hain zuzen ere. Deialdia zuzeneko ikuskizunen diziplina guztiei dago zuzenduta: antzerkia, dantza eta zirkua, eta diziplina anitzeko proposamenak aurkezteko aukera dago, formatu txikikoak edo ertainekoak; lehentasuna izanen dute testurik gabeko proiektuek edo euskaraz egindakoek.

Eskaerak aurkezteko epea asteazkenean bukatu zen, eta 17 konpainia aurkeztu dira guztira. Urriaren 24an aurrez hautatutako proiektuak jakinaraziko dira, eta horietatik aterako dira azken finalistak. Azaroan, berriz, datozen bi urteetan eginen diren ekintzen egutegia zehaztuko da hautatutako konpainiekin. 

Ekintza horien artean, sormenerako laguntzak daude, eta aurtengo azarotik 2027ko maiatzera bitarte eginen dira. Sormenerako laguntzei buruzko bi prestakuntza-saio izanen dira, doan: lehenengoa, estatu mailako kudeaketa, administrazioa, banaketa eta salmentari buruzkoa eta bigarrena, Frantziako errealitate administratiboari buruzkoa. Gainera, hiru sormen-egonaldi antolatuko dira, toki hauetan: Garaion Sorgingunean, Araban; Mendi Zolan, Hendaian, eta Topada Fabrikan. Sormenerako laguntzen barruan, 5.750 euro banatuko dira, baita 2.000 euroko diru-poltsa bat ere; halaber, bitartekaritza-jarduerak barne hartzen ditu, 2026ko azarotik 2027ko ekainera bitarte. Zehazki, lantegi-topaguneak antolatuko dira publiko-mota desberdinekin konektatzeko. Bitartekaritza-jarduerak 500 euroan ordainduko dira, eta kideen guneetan eginen dira. 

Horrez gain, deialdiak taularatzeko laguntzak eskaintzen ditu, 2027an, deialdian hautatutako ikuskizuna kontratatzearen bidez. Kontratatuko ikuskizunak hamar emanaldi eginen ditu, 1.800 euroan bakoitza, udalerri hauetan: Iruña, Leioa, Hendaia, Bilbo, Gasteiz, Antsoain, Zarautz, Lezo, Errenteria eta Arrigorriaga. Emanaldiak 2027ko maiatzetik urrira bitarte eginen dira.


logo eurorregion

¿Te ha sido útil esta página?