Iruñeak igandean ospatuko du Liburuaren Eguna Karlos III.aren oinezkoendako pasealekuan, erosketa guztietan % 10eko deskontua eskaintzen duten 17 liburu-dendetako saltokiekin

Iruñeak igandean ospatuko du Liburuaren Eguna Karlos III.aren oinezkoendako pasealekuan, erosketa guztietan % 10eko deskontua eskaintzen duten 17 liburu-dendetako saltokiekin
Lore bat erosten ahalko da 50 zentimoko prezio sinbolikoan, Gizakia Herritar/ Paris 365 Fundazioaren alde

foto


Udalak igandean Liburuaren eta Lorearen Eguna ospatuko du Diego de Haro Nafarroako liburu-saltzaileen elkartearekin elkarlanean. Iruñeko 17 liburu-dendak beren liburuak kalera aterako dituzte Karlos III.aren eta Orreaga etorbideen arteko elkargunean, goizeko 10:00etatik gaueko 21:00etara, etenik gabe. Hala, liburuak erostea errazten da eta liburu-denden sektoreari ikusgaitasuna ematen zaio, bai tokiko merkataritza gisa, bai merkataritza espezializatu gisa, bi alderdi horiek baititu.

Aurtengo berritasun nagusia da liburuekin batera loreak salduko direla, helburu solidarioarekin, 50 zentimoko prezio sinbolikoan. Karlos III.aren etorbidera bertaratzen direnek gerbera bat eskuratzen ahalko dute, ale guztiak agortu arte, Gizakia Herritar/ Paris 365 Fundazioaren gunean, hori baita Diego de Haro Nafarroako liburu-saltzaileen elkarteak aukeratu duen entitatea. Lore-salmentari esker bildutako dirua Paris 365 entitateari emanen zaion liburu-sorta bat erostera bideratuko da oso-osorik. Modu horretan pertsona behartsuei kultura hurbiltzen zaie.

Loreak saltzeko gunean entitate onuraduneko boluntarioak arituko dira lanean. Diego de Haro Nafarroako liburu-saltzaileen elkarteak ardura hartu du loreen salerosketarekin lotutako guztia kudeatzeko, bai eta diru bilketarekin eta Paris 365 elkarteari emanen zaizkion liburuak erostearekin ere, Erakundeko arduradunekin koordinatuta.

Gizakia Herritar/ Paris 365 Fundazioaren arabera, entitate horrek 2008az geroztik elikagaiak ematen dizkie Iruñean eta inguruan txirotasun-egoeran dauden pertsonei. Fundazioak jantoki solidarioaz gain beste hainbat zerbitzu jarri ditu abian, hala nola adingabeak dituzten familiendako despentsa solidarioa, bigarren eskuko arropa saltzeko bi denda eta aisialdirako eta prestakuntzarako erabiltzen duten txoko bat. Azken urteotan ia bikoiztu egin da ehunaka boluntarioren, kideren eta emaileren laguntzarekin zerbitzatzen diren menuen kopurua.

Iruñan 2008an abiatu zen Liburuaren eta Lorearen Egunaren ospakizunean honako liburutegi hauek parte hartzen dute: Abarzuza, Arcos, Arista, Chundarata, El Corte Inglés, Elkar Leyre, Elkar Comedias, Eroski, Karrikiri, Katakrak, Iratxe liburu-denda, Miriam liburu-denda, Ménades, Muga, Nerea, Troa liburu-denda eta Walden. Horiek guztiek % 10eko deskontua eskainiko dute liburuak erosteko.

Hitzordu finko bat
Liburuak eta loreak protagonista dituen jardunaldi hori antolatzeak, kalea ordu batzuez Iruñeko hurbileko merkataritzaren erakusleiho izatea ahalbidetzen du, kasu honetan liburuaren sektorearena. Bezeroei eta bisitariei hiria egiten duten eta Iruñean ekonomia sortzen duten liburu-denda tradizionaletako produktuak ezagutzeko aukera ematen die eta aldi berean erdigunea festa giroan murgiltzen da.

UNESCOk 1995ean izendatu zuen Liburuaren eta Egile-eskubideen Mundu Eguna, irakurketa sustatzeko batetik, eta bestetik, autoreak bere literatur lanaren gainean duten jabetza intelektualaren eskubideaz jabe zitezen. Apirilaren 23an literatura unibertsaleko hainbat egile garrantzitsu jaio edo hil ziren, hala nola Miguel de Cervantes, Garcilaso de la Vega, William Shakespeare, Vladimir Nabokov eta Josep Pla, besteak beste.
 

APIRILAK 23, IGANDEA, LIBURUAREN ETA LOREAREN EGUNA

•    Karlos III.aren etorbideko oinezkoen pasealekua, Orreaga etorbidearen parean
o    Ordutegia: 10:00 – 21:00, etenik gabe

•    Gizakia Herritar/ Paris 365 Fundazioaren espazioan 
o    Gerbera solidarioak salgai, 50 zentimoko prezio sinbolikoan

•    % 10eko deskontuak liburuak erosteko
o    Deskontuak pasealekuko 17 saltokietan aplikatuko dira

•    Parte hartzen duten liburu-dendak:
o    Abarzuza, Arcos, Arista, Chundarata, El Corte Inglés, Elkar Leyre, Elkar Comedias, Eroski, Karrikiri, Katakrak, Iratxe liburu-denda, Miriam liburu-denda, Ménades, Muga, Nerea, Troa liburu-denda eta Walden
 

 

foto


 

¿Te ha sido útil esta página?