Iruñeko Udalak Burlatako, Eguesibarko eta Uharteko Udalei hitzarmen bat sinatzea proposatu die, joan den maiatzean adostutako akordioa garatzeko; akordioak apirilaren 4rako eta 5erako aurreikusten zuen Erripagañaren etorkizun administratiboari buruz herritarrei egin beharreko kontsulta. Kontsulta han erroldatuta dauden 16 urte baino gehiagoko bizilagunei dago zuzenduta, eta parte hartzeko prozesua amaitzeko azken pausoa izateaz gain, auzo horretako etorkizun administratiboa birdiseinatzeko prozesu instituzionalaren abiapuntua izango litzateke.
Hitzarmena sinatzea beste hiru udalen eskuetan dago: Iruñeak baliabide propioekin garatu nahi du parte hartzeko prozesua, eta haren iritziz oraindik bete daiteke hasierako egutegia, betiere beste hiru Udalek ahalik eta azkarren babesa ematen badute, eta ekarpenak egiten badituzte. Hori bera berretsi dute gaur goizeko prentsaurrekoan Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, Borja Izagirre Larrañaga Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi ordezkariak eta Aitziber Campión Ganboa Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi bereziak.
Hain zuzen ere, honako hau adierazi du Iruñeko alkateak: “Helburua da duela 9 hilabete elkarrekin hasi genuen bidea bukatzea, eta maila instituzionalean adostuta eta partekatutako bide-orri bati esker, bizilagunek helarazi dizkiguten itxaropenei erantzun bateratuak ematea”.
Maiatzeko akordioak gauzatzeko hitzarmena
2024ko maiatzean, lau Udalek parte hartzeko prozesu bat egitea erabaki zuten, bizilagunei esku hartzeko aukera emateko Erripagañako etorkizun administratiboari eta instituzionalari buruzko erabakietan. Prozesuak hainbat fase izan behar zituen, eta inplikatutako lau Udalek batera egituratu behar zuten. Akordio horren alderdi teknikoak ahalik eta modu eraginkorrenean jorratu ahal izateko, Iruñeko Udalak hitzarmen-proposamen bat bidali die beste hiru Udalei: elkarren arteko koordinazioa errazten du hitzarmenak, eta bertan proposatzen da Iruñeko Udalak bere gain hartuko dituela baliabide teknikoak eta 10.000 euroan baloratutako baliabide ekonomikoak.
Hitzarmen-proposamena beste hiru Udalen esku dago orain, eta ekarpenak eta berrespena egiteke daude.
Abenduan, Iruñeko Udalak zirriborro bat bidali zien Burlatako, Eguesibarko eta Uharteko Udaletxei, akordioa formalizatzeko eta teknikoki koordinatzeko. Proposamen horren arabera, Iruñeko Udalaren baliabideak prozesuari mesede egiteko baliatuko lirateke, eta Iruñeko Udalak berak hartuko luke bere gain baliabide teknologikoak kontratatzea errolda eta bozketa (elektronikoa edo aurrez-aurrekoa) kudeatzeko. Halaber, laguntza teknikoa kontratatzeaz arduratuko litzateke, prozesuaren komunikazio-kanpaina diseinatzeko.
Maiatzean adostutako prozesuan aurreikusten zen otsailaren erdialdetik martxora herritarren artean eztabaidatzeko lantegiak eginen zirela, Erripagañaren etorkizun administratiboari irtenbide bateratuak emateko. Halaber, parte hartzeko prozesuaren ezaugarri nagusiak gizarteratuko lirateke lantegi horietan, eta Udalen diagnostiko teknikoak baloratu. Hala ere, lantegi horiek martxan jarri baino lehen, parte hartzeko egitura sortu beharko lukete lau Udalek; egitura hori talde tekniko sustatzaileak (hau da, lau Udalek) eta talde eragileak (gizarte- eta elkarte-sareak) osatzen dute. Egitura hori orain eztabaidatzen ari den hitzarmenean dago jasota.
Prozesuaren azken fasean erabakiak hartuko dituzte, eta hauek barne hartzen ditu: batetik, kontsulta aurretiko informazio-kanpaina martxoaren azken hamabostaldian, eta bestetik, herritarrei eginen zaien kontsulta, apirilaren 4an (ostirala) eta 5ean (larunbata). Iruñeko Udalaren ustez, hitzarmena laster sinatuz gero, aurreikusitako helburuak bete daitezke.
Civivoxa: Iruñeak proiektua hautatu du eta 255.000 euro aurreratu ditu idazteko
Bestalde, Iruñeko Udala auzoekin dituen beste konpromiso batzuen epeak betetzen ari da. Urriaren hasieran, Udalak lizitazioa atera zuen etorkizuneko Civivoxaren proiektua idazteko. Lau hilabete pasatu eta gero, dagoeneko badaukagu proiektu irabazlea: aurkeztutako hamaika diseinuen artean puntuaziorik handiena lortu duena. Peralta Ayesa Arquitectos estudioaren proposamena da, eta tokiko Gobernu Batzarrak onetsiz gero, behin betiko proiektua idatzi, eta obra zuzenduko du.
Irabazi duen taldeak 255.000 euroko aurrekontua aurkeztu du, hau da, lizitazioaren 300.000 euroak baino % 15 gutxiago. Aintzat hartu beharra dago Iruñeko Udalak proiektua idaztearen kostua aurreratzeko konpromisoa hartu zuela (kasu honetan, 255.000 euro). Hala ere, Civivoxa eraikitzeko ordaindu beharrekoa Erripagañaren kudeaketa administratiboaren ardura hartuko lukeen Udalak ordainduko luke: 4 milioi euro (BEZik gabe) eta lanak egiteko 20 hilabete inguruko epea.
Civivox berrian liburutegi publikoa eta auzo-unitatea egonen dira, eta 4.361,28 m2-ko lurzati batean eraikiko da, Iruñeko udal-mugartean. Civivoxa Erripagaña etorbideak eta futbol-zelai inguruko Atenas, Kopenhage eta Madril kaleek zedarrituko dute. Iruñeak lurzati hori proposatu du, baina pleguaren arabera, beste lurzati batean eraiki daiteke, udal-mugartetik kanpo. Eraikinak ezaugarri hauek izan behar ditu: diziplina anitzekoa, digitala eta didaktikoa izatea, A kalifikazio energetikoa izatea, eta Energia Kontsumo ia Nuluko eraikinen irizpideak betetzea.
Sarbide nagusiak, partzelako plaza urbanizatutik
Hobekien baloratutako proposamenak orrazi itxurako eraikin bat proposatzen du, iparraldetik hegoalderako luzera, eta tamaina desberdinetako zeharkako bolumenak dituena. Lurzatiaren mendebaldean eta Kopenhage kalearen ondoan dagoen plaza urbanizatzeari esker, sarbide nagusiak ezarri daitezke. Kontrako aldean, Atenas kalera begira, ahalik eta espazio gehien utziko da libre, eraikinaren eskala murrizten duten bolumen-multzo batzuei esker, eta bolumen horiek sortzen dituzten egoteko eta joan-etorrietarako patio irekiei esker.
Eraikinak beheko solairu bat du, eta beste solairu bat goian. Beheko solairua atzeraemana dago, lehen solairu horretan luzeagoa den espazioa bat lortzeko, eta hari esker, urbanizatutako plazara begira dagoen aldean aterpe batzuk jarriko dituzte eraikinerako sarbide nagusiekin, eta beste zerbitzu batzuekin: bizikletendako eta irristailuendako aparkalekuak eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak.
Atenas kaleko patio nagusiak naturalizatutako anfiteatro bat du, eta hortik liburutegira eta ekitaldi-aretora sartu daiteke, zeinak beheko solairuan baitaude, bolumen handienetan. Auzo-unitatea iparraldean dagoen bolumenean dago, eta eraikitako patioetatik sar daiteke bertan.
Beheko solairuan zerbitzu gehienak daude, funtzionaltasuna hobetzeko eta gune libreen arteko zirkulazioa hobetzeko. Beheko solairuan gune hauek egonen dira: ekitaldi-aretoa, liburutegia, auzo-unitatea, informazioa jasotzeko eta herritarrei arreta emateko guneak, eta gunearen zuzendaritza eta kudeaketa. Lehenengo solairuan erabilera anitzeko eta Civivoxaren jarduerak egiteko aretoak daude. Hor daude, hain zuzen ere, bista hoberenak izateko, eta herritarrei erakusteko. Gainera, hor eraiki dituzte herritarrak harremanetan jartzeko, eta plazan jarduerak egin ahal izateko. Liburutegiak 13.000 argitalpen izanen ditu, horietatik 3.000 haurrendako. Gainera, 90 irakurketa-gune eta 240 eserlekuko ekitaldi-areto bat izanen ditu.
Eraikinaren ezaugarri nagusietako bat landarez egindako estalkia da. Estalki guztiek lorategi moduko bat izanen dute, proposamenaren jasangarritasunari mesede egiteko, eta kokalekuarekin bat egiteko. Horrela, zerutik naturaz betetako irudi bat ikusi daiteke, eta aldameneko eraikinetatik ere bai, Civivoxa baino altuagoak baitira. Azkenik, landarez eginiko estalkian eremu fotovoltaikoa jartzea proposatzen da, energia garbia sortzeko, eta energia hori zentro berriaren mesederako erabiltzeko.