Iruñeak hiriko informazioko zutikako euskarrien eta ordu-termometroen kudeaketa lizitatu du, digitalizazioaren aldeko apustua eginez egungo elementuak modernizatze aldera

Iruñeak hiriko informazioko zutikako euskarrien eta ordu-termometroen kudeaketa lizitatu du, digitalizazioaren aldeko apustua eginez egungo elementuak modernizatze aldera
Administrazio-emakida 15 urterako ezarri da, eta enpresa adjudikaziodunak, guztira, 780.000 euroko kanona ordaindu beharko du
mupis digitales

 

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du hainbat euskarri bertikalen administrazio-emakidaren lizitazioa, informazio- eta publizitate-gune gisa kudeatu eta ustiatuak izan daitezen. Zehazki, hirian barna dauden 52 argibide- eta publizitate-taularen (mupiak), dagoeneko instalatuta dauden 4 pantaila digitalen eta 39 ordu- eta tenperatura-erlojuren kudeaketa arautuko da. 

Udalak, emakida honekin ahalik eta elementu horietako gehien digitalizatzearen aldeko apustua egin du, informazio- eta publizitate-euskarri horiek modernizatu eta egungo informazio eskarira egokitzeko, kalean bertan eduki dinamikoak eskainita. Emakidan ezarritakoaren arabera, egun analogikoak diren, hau da, paperezko kartelak erabiltzen dituzten 52 euskarrietatik gutxienez 30 digitalizatuko dira, eta euskarri horien alde batean pantaila digitalak jarriko dira. Kalifikazio altuagoa emanen zaie mupi gehiagoren digitalizazioa proposatzen duten eskaintzei, eta denak digitalizatutakoan, ordu- eta tenperatura-erlojuak ere digitalizatzen dituztenei.

Emakida-administratibo horren lizitazioa baliatu da informazio-panel batzuk hiriko hirigintza-garapen berrietan birkokatzeko, hala nola, Lezkairun eta Erripagañan, orain arte ez baitzituzten 1994an instalatzen hasi ziren elementu horiek. Halaber, barne hartzen du Gazteluko plazan, Anelier pasealekuan, Iturramako Civivoxaren atzealdean eta Yamaguchi plazan dagoeneko martxan dauden lau mupi digitalen kudeaketa. 

Administrazio-emakida 15 urterako lizitatuko da, 780.000 euroko kanonarekin, eta lehenengo hiru urteetan aurkeztutako eskaintzaren digitalizazioa egiteko konpromisoa hartuta. Elementuen digitalizazioaz eta kanonaz gain, Iruñeko Udalak gutxienez 15 minutuko 12 tarte izanen ditu (3 ordu egunean) mupi digitalen programazioan, herritarrendako interesgarriak diren udal-kanpainak eta informazioa zabaldu ahal izateko. 

Eskaintzak aurkezteko epea lizitazio-iragarkia Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratu eta gero hasiko da. Adjudikazioa egiteko honako alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: parte hartzen duten enpresek aurkeztutako kudeaketa-plana eta memoria teknikoa, ahalik eta elementu gehien digitalizatzea, ordezkatuko diren 30 mupi digitalen alde analogikoa lagatzea eta irizpide sozialak. 

¿Te ha sido útil esta página?