Iruñeak Hiriko Festen eta Makroekitaldien Nazioarteko I. Kongresua eramanen du asteburu honetan Navartur turismo azokara

Iruñeak Hiriko Festen eta Makroekitaldien Nazioarteko I. Kongresua eramanen du asteburu honetan Navartur turismo azokara
Dagoeneko kontsultatzen ahal da ekainean jai handien jasangarritasuna eta proiekzioa bezalako alderdiak landuko dituen ‘International Urban Fest 365’ kongresuaren webgunea

‘International Urban Fest 365’ da Hiriko Festen eta Makroekitaldien Nazioarteko I. Kongresuari eman zaion izena. Kongresu horren bidez, Iruñeko Udalak nazio eta nazioarteko esparruko sektore turistikoko eta kultur ekoizpeneko ehun kudeatzaile publiko eta enpresa baino gehiago erakartzea du xede. Hitzordua ekainaren 28an eta 29an izanen da Baluarten. Hasteko, asteburu honetan International Urban Fest 365 emanen da ezagutzera Navartur - Nafarroako Erresuma Nazioarteko Turismo Azokan, Baluarten.

Hainbat dorre paratuko dira erakusketa-gunean, koktelen gunean eta Nafarroako Turismoaren erakusmahaian, eta topaketaren irudi publikoa eta webgunea (aurtengo International Urban Fest 365 azokarako sortutako webgunea) aurkeztuko dira horietan. Webgunean topaketaren helburuak eta bi egun horietako edukiak (solasaldiak, hitzaldiak eta mahai-inguruak) kontsultatzen ahalko dira. Besteak beste, jasangarritasunarekin, segurtasunarekin, ikuspegi publikoarekin eta kudeaketa ekonomikoarekin zerikusia duten alderdiak landuko dira, sanferminak esaterako. Ekitaldi horien proiekzio-aukerak ere aztertuko dira, inguruko joerei eta aldaketei aurrea hartuta, jaiaren inguruko estrategiak aldatzeko bai eta publikoari begira erakargarritasuna mantentzeko, ez bakarrik ekitaldia gauzatzen denean, baita urte osoan ere. Era berean, ekitaldi horiek tokiko ekonomian duten eragina aztertuko da, turismoaren bidez, bisitariak erakartzen, hoteletako diru-sarrerak sortzen, jatetxe, denda eta tokiko beste negozioetan.

Iruñeko Udalak joan den urteko apirilean, ekitaldi hori Iruña SF365 Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planean jasotako ekimen gisa egitea erabaki zuen, Espainiako Gobernuaren Next Generation EU Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan.. Xedea hori izanik, nazioarteko ekitaldi hori antolatu eta abiatzeko 127.923,74 euro esleitu zituen, kudeatzaile publiko, espezializatutako enpresa eta herritarren artean, oro har, 100 eta 400 lagun inguru hurbilduko direla aurreikusita.. Zentzu horretan, programazioaren zati batek ikuspuntu teknikoagoa eta prestakuntzara bideratuagoa izanen du, sarrera ordaindutako izen-emate bidez eginen baita; programaren beste alde batek doako eta herritarrei irekitako jarduera batzuk eskainiko ditu. 

PSTD Iruña SF365 proiektuaren memorian jasotzen den gisan, sei helburu zehatzetatik bi sanfermin-jai jasangarriagoa erdietsi eta nazioarteko irudia hobetzera bideratuta daude. Helburu zehatz horiek dira sanferminak produktua eta horren garapena kultura- eta jasangarritasun-balioetarantz birbideratzea eta sanferminak marka merkatuan birkokatzea, eta horiekin batera, baita Iruña eta Nafarroa ere.  

Hiriko Festen eta Makroekitaldien Nazioarteko I. Kongresuari buruzko guztia webgune ofizialean jarraitzen ahal da, eta sare sozial hauen kontu ofizialetan: Instagram (https://www.instagram.com/urbanfest365/), Twitter (https://twitter.com/urbanfest365) eta Linkedin (https://www.linkedin.com/company/urban-fest-365).



International Urban Fest

Logos Next

¿Te ha sido útil esta página?