Iruñeak hiriaren hegoaldeko bizikleta-ardatza osatuko du NUPa Taxoare, Sadar eta Katalunia kaleetatik inguratuko duen 1,7 kilometroko ibilbide batekin

Iruñeak hiriaren hegoaldeko bizikleta-ardatza osatuko du NUPa Taxoare, Sadar eta Katalunia kaleetatik inguratuko duen 1,7 kilometroko ibilbide batekin
Laster, oinezkoen eta ziklisten mugikortasuna hobetzeko jarduketen bigarren fasea ere eginen da Julián Gayarre kalean

bici tajonar

 

Iruñeak ziklo-sarea handituko du hiriaren hegoaldean, eta bidegorriaren bidez lotuko ditu oinezkoen zirkulazio handiko lekuak, hala nola Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Sadar estadioa eta Nafarroa Arena. Iruñeko Udalak ziklo-sarea 1,7 kilometro handitzeko beharrezko jarduketak eginen ditu datozen hilabeteetan; bidegorri-tarte berria Taxoare kaletik igaroko da, Katalunia kaleko biribilgunetik Sario eraikineraino, eta Sadar eta Katalunia kaleetatik jarraituko du Pablo Antoñana eta Fernando Remacha kaleen arteko biribilguneraino.

Atzo bildutako Mugikortasun Batzordeak Julián Gayarre kaleko oinezkoen eta ziklisten mugikortasuna hobetzeko lanen bigarren fasearen xehetasunak ezagutu zituen ere. Lan horiekin amaituko dira bide hori Zaragozako etorbidearekin lotzeko 2021ean hasitako jarduketak. Bi proiektuek –NUPeko ingurunea eta Julián Gayarre– Europako finantzazioa dute Next Generation EU funtsen bidez, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan. Iruñeko Udalak 421.000 euro jaso ditu jarduketa horietarako, eta gaur arratsaldean Osoko Bilkuran onetsi beharko dira, 2022ko aurrekontua aldatzeko proposamen baten barruan.

Zehazki, Taxoare kaleko eta Sadar kaleko bidegorriek, bakoitzak 150.000 euroko aurrekontua dute, eta Julián Gayarre kaleko lanek 121.000 euro jo dute. Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoan azaldu du datozen egunotan obrak lizitatuko direla hirigintza taktikoko obrak egiteko enpresak hautatzeko esparru-hitzarmenaren bidez. Aurreikuspenen arabera, energia trantsizio eta klima-aldaketarako ‘Go Green Iruña’ udal-estrategiaren barruan dauden jarduketa horiek maiatzean hasi eta udan zehar amaituko dira.

Jarduketa Taxoare eta Sadar kaleetan

Hegoaldean ziklo-sarea handituko da, NUPeko campusa inguratuko duen 1,7 kilometroko tarte berriaren bidez, eta Taxoare eta Sadar kaleetatik eta Katalunia etorbidetik igaroko da. Taxoare kaleko bidegorria, Katalunia kaleko biribilgunetik Sario eraikineraino, eskuineko aldetik igaroko da hiriaren erdigunerako noranzkoan. 3 metroko zabalera izanen du, eta babes-banda. Tartearen hasieran, Katalunia etorbideko biribilgunean, bizikletendako bidegurutzea hobetuko da, espaloiak zolatu eta handituko dira, eta bizikletendako beste pasabide bat sortuko da, dagoeneko dauden bizikleta-bideekin lotuko dena. Errektoregoaren aparkalekuaren sarreran oinezkoendako eta bizikletendako pasabide bat eginen da, sarbideak hobetze aldera. Sario eraikineko biribilgunean galtzada estutuko da, eta oinezkoendako eta bizikletendako pasabide bat sortuko da Sadar kaleko tartearekin lotzeko, eta bizikletendako beste pasabide bat, Mutiloaraino diseinatuko den bidegorria lotzeko.

Sadar kalean, bidegorria eskuineko aldetik igarotzen da, mendebaldeko noranzkoan. Aparkaleku-bandaren gainean eraikiko da, 2,50 metroko zabalerarekin eta babes-bandarekin. Villavesendako bost geraleku aurreratu eraikiko dira, hala dagoeneko dauden geralekuetan nola partida- edo kontzertu-egunetan gaitzen direnetan. Kale horretako geralekuetako galtzaden zabalera murriztuko da, eta bizikletendako beste pasabide bat eginen da Nafarroa Arenaren eta Sadar estadioaren parean.

Katalunia etorbidearen ondoko tartean, bidegorria eskuineko aldetik igaroko da iparraldeko noranzkoan, eta gaur egungo aparkaleku-bandatik ere eraikiko da, Sadar kaleko bidegorriaren dimentsio berberekin. 25 metro luzeko geraleku handi bat sortuko da eskualdeko hiri-garraioko lineendako, bai eta bizikletendako pasabideak ere bidegorria existitzen diren beste bide batzuekin lotzeko, hala nola Pablo Antoñana kaletik heltzen denarekin.

Jarduketak amaitzea Julián Gayarre kalean

Iruñeko Udalak Milagrosako Julián Gayarre kaleko mugikortasuna hobetzeko lanen bigarren fasea ere eginen du. Iaz lehen fasea egin zen, Blas de Laserna eta Guelbenzu kaleen arteko bidegurutzeen artekoa. 2022an amaituko da Zaragozako etorbideko lotura arte egindako jarduketa. Bizikletendako egokitutako ibilbideak 410 metro gehiago izanen ditu, eta oinezkoen mugikortasuna, Eskualdeko Hiri Garraioaren baldintzak eta zirkulazioaren baretzea hobetuko dira.

Ibilbidean zehar, araudia betetzen ez duten gaur egungo bereizgailuak kendu eta kautxuzko beste batzuk jarriko dira, baita mutiloiak ere. Erabat asfaltatuko den bidegorriak 2,50 metroko zabalera izanen du, eta 0,50 metroko babes-banda bat. Azken tartean, Zaragozako etorbideko loturatik gertu, gaur egun baterian dagoen eskuinaldeko aparkaleku-banda ilaran izanen da.

Julián Gayarre eta Guelbenzu kaleen arteko bidegurutzean ezkerraldeko espaloia berrituko da, eskailerak kendu eta irisgarritasuna hobetuz. Zangoza kaleko bidegurutzean espaloia handituko da, bizikletendako beste pasabide bat sortu eta oinezkoendako dauden pasabideak hobetuko dira. Bi edukiontzi-talde Zangoza kaleko aparkatze-bandara lekualdatuko dira. Azkenik, Zangoza kale horretan bertan, villavesendako geraleku aurreratu bat eraikiko da, zerbitzua erabiltzen dutenen irisgarritasuna eta hiri-garraioaren merkataritza-abiadura hobetzeko.

 

tajonar

 

¿Te ha sido útil esta página?