San Fermin festek Baionaren eta Hiri Senidetuen eguna ospatzen dute astelehen honetan. Tradizioari jarraituz, Iruñeko Udalak harrera ofiziala egin dio gaur eguerdian Udaletxean, ongi-etorri ekitaldi gisa, Baionako Udalaren ordezkaritzari, gure hirira etorri baita gaur festa hauetan bere eguna ospatzera. Ekitaldia Udaletxeko harrera-aretoan izan da.
Enrique Maya Iruñeko alkateak ongietorria egin dio Baionako ordezkaritzari, zeinaren buru Yves Ugalde alkateordea eta Kultura eta Senidetzeetako zinegotzia aritu baita. Biek hirien arteko adiskidetasun-harremanak indartzearen aldeko apustua egin dute, lehenagotik ere elkarlan-harremanean aritu baitira besteak beste Creacity mugaz gaindiko proiektuan. Baionak ere gonbit egin dio Iruñeko udalbatzari hango festetan bisita instituzionala egin dezan, uztail amaieran. Izan ere, Baionako festek ere badute Iruña hiri senidetuari eskainitako egun bat.
Harrera amaitzeko, Baiona elkarteko txistulari eta dantzari taldearen emanaldia izan da, zeinek ‘Hiri bi ona’ lana interpretatu baitute, elkarteak berak sustatutako sormen-lana bi hirien arteko senidetze-harreman hori aitortu eta sustatzeko. Dantzak bi hiriak sinbolizatzen ditu, bai eta kultur, turismo, hezkuntza eta ondare arloko elkarlanaren bidez bertako herritarren alde elkarrekin aritzeko nahia eta gogoak ere.
Hori da, hain zuzen ere, Iruñearen eta senidetutako hirien arteko elkarlanaren eta adiskidetasun-harremanen helburua, eta horretan antolatzen dituzte, esate baterako, ikasleen trukeak, bisita ofizialak, kultur topaketak eta merkatuen garapenak. Iruñeak lau hirirekin ditu senidetasun-harremanak: Baionarekin (1960tik), Japoniako Yamaguchirekin (1980tik), Alemaniako Paderbornekin (1992tik) eta Kolonbiako Pamplonarekin (2001etik).
Baionari eta hiri senidetuei eskainitako festa-egun honekin jarraitzeko, bazkaria izanen da Kondestablearen jauregian, eta bertan bi udalbatzak eta beste gonbidatu batzuk izanen dira, besteak beste Yolanda Barcina alkate ohia eta Espainiako kontsul nagusia Baionan, Álvaro Alabart Fernández–Cavada. Ospakizun horietaz gain Harmonie Bayonaisse-en kontzertua ere izanen da, 13:00etatik aurrera, Gurutzeko plazan, musika-banden zikloa irekiz.
Lankidetza kultural eta turistikoa proiektu europarren bidez
Iruñeak eta Baionak urteak daramatzate turismoaren, kulturaren eta ondarearen alorretan elkarlanean. Creacity eta horren moduko mugaz gaindiko elkarlan-proiektuen bidez, eta Hondarribiarekin batera, lan-ildo bat sortu da hiru hirietako ondare gotortuaren balioa nabarmentzeko, ekimen kultural, turistiko eta gastronomikoen bitartez. Creacity hein batean (% 65) Eskualde Garapeneko Europako Funtsek (EGEF) finantzatu dute Espainia, Frantzia eta Andorra Lurraldeen arteko Lankidetzako Programa Eragilearen INTERREG V A programaren bidez (POCTEFA 2014-2020).
2012-2014 aldian bi hiriek, Iruñeak eta Baionak, Fortius proiektuaren bidez ere aritu ziren elkarlanean, Pirinioetako Lan Elkarteak (CTP) sustatutako Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde mailako Lankidetzaren Planaren (POCTEFA) barruan, eta Eskualde Garapeneko Europako funtsen (FEDER) finantzazioarekin. Fortiusek gotorleku ondarea aurkezten zuen berrikuntza eta garapen ekonomikorako aukera moduan, ondare elementuen zaharberritzearen bitartez, kultur eta turismo eskaintzaren bitartez eta kudeaketa jasangarriaren bitartez.