2030erako Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategian eta GoGreen Estrategian Udalak kontsumitutako energiaren % 40 iturri berriztagarrietatik etortzea jasotzen du. Helburu hori lortzea errazteko, Udalak Iruñeko ‘Eguzki-mapa’ bat garatu du. Dokumentu horren ondorioen arabera, hiriak energia elektrikoaren % 76 sortzeko ahalmena du, eraikinen estalkietan jarritako eguzki-instalazio fotovoltaikoen bidez. Auzo batzuek, gainera, urtebetean kontsumitzen dutena baino energia gehiago sortzeko ahalmena dute.
‘Iruñeko eguzki-mapa’ hiriak eguzki-energia fotovoltaikoa (elektrikoa) eta eguzki-energia termikoa sortzeko duen ahalmenaren azterketa da, jasotako eguzki-erradiazioaren arabera. Emaitzetan, bizitegi-, industria- edo zerbitzu-eraikinetako estalki bakoitzerako informazioa ematen da: instalazio fotovoltaikoa eta termikoa egiteko erabilgarri dagoen gainazala, instalazioaren potentzia fotovoltaikoa eta energia elektrikoa eta termikoa sortzeko ahalmena, hileko eta urteko. Azterlanak 2020an aurkeztu zen ‘Iruñeko Energia Diagnostikoa’ du abiapuntu, non hiriaren erradiografia egiten baitzen arlo horretan. Iruñean urtero kontsumitzen den energiaren % 56k petroliotik eratorritako produktuak ditu oinarri, % 24,1 gas naturala da, % 15 energia elektrikoa (horretatik % 5 berriztagarria da), % 4,3 beste iturri berriztagarri batzuetatik dator, eta % 0,3 ikatzetik dator. Sektoreka, kontsumitzen den energia horren % 53 garraioaren sektoreari lotuta dago, % 21 bizitegi-kontsumoa da eta % 14,2 industriari lotzen zaio, eskariaren % 7,7k merkataritza eta zerbitzuekin zerikusia du eta % 3,5ek, administrazioarekin eta zerbitzu publikoekin.
Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak eta Javier Zardoya Udaleko Energia Agentziako arduradunak aurkeztu dute ‘Iruñeko eguzki-mapa’, Smart Cities Institutuko kide diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileen talde batek egina. Dokumentuak plangintza energetikoa maila teknikoan edo politikoan errazteko informazioa ematen du, baita maila partikularrean (enpresak, herritarrak) erabakiak hartzea errazteko ere, horrela, teknologia horiek hirian hedatzea azkartzeko. Eskuragarri dagoen informazioa oinarrizkoa da instalazioaren amortizazioa aztertzeko; izan ere, egindako kontsumoa estalki edo teilatu horretan ekoiztu daitekeen energiarekin parekatzeko aukera ematen du.
Karbono gutxiko ekonomia baterako trantsizio energetikoak barne hartzen ditu hala kontsumoa murrizteko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko neurriak nola energia iturri berriztagarrien bidez sortzea. Munduko energiaren hiru laurdenak hirietan kontsumitzen da, eta guztizko isurketen % 80 sortzen dute. Hiriak energia sortu, banatu eta kontsumitzeko moduen aldaketetara egokitu behar dira, eta horietatik etekina atera. Zentzu horretan, hiri-inguruneek gainazal zabala dute eraikinen estalkietan energia berriztagarri banatua sortzeko. Espazio horiek gaur egun ez dute bestelako erabilerarik eta dagoeneko urbanizatuta daude.
Energia-kontsumoak eta ahalmenak
2019ko kontsumo-datuak kontuan hartuta, eguzki-energia fotovoltaikoaren bidezko eskari elektrikoaren estaldura-tasak lortu dira Iruñeko posta-barrutietarako (azterlanak erabiltzen duen erreferentziazko unitatea, auzoen ordez), kontsumo elektrikoari buruzko informazio argia izatea ahalbidetzen duen bakarra baita. Hiri osorako, kontuan hartuta urteko energia-elektrikoaren kontsumoa guztira 656.41 GWh-koa dela eta urteko ekoizpen fotovoltaikoa 502.65 GWh-ko izan daitekeela, elektrizitate-kontsumoaren % 76,6 estali liteke.
Iruñeko biztanleria kontuan hartuta (201.653 biztanle 2019an, INEren arabera), urteko ekoizpen fotovoltaikoaren ratioa 2492,63 kWh/biztanleko da. Hiriko 16 posta-barrutietako 4tan egiaztatu da ekoizpen fotovoltaikoko ahalmenak kontsumo elektrikoa gainditzen duela. Nabarmentzekoak dira Sanduzelai, Buztintxuri eta Landaben biltzen dituen posta-barrutiaren ekoizpen potentzial altua, hiriko industria-ehun gehiena kontzentratzen duena, eta beste auzo batzuekin kointziditzen dutenena, hala nola Arrotxapea, Txantrea eta Mendillorri. Potentziari dagokionez, gehienez ere instalatu litekeen potentzia fotovoltaikoa 466,91 MWp-koa litzateke, hiriko gainazal erabilgarri guztiak estaliko balira ikuspegi fotovoltaikotik.
Hiriko estaldura termikoari dagokionez, gas naturaleko guztizko kontsumoa urteko 1.208 GWh-koa dela kontuan hartuz eta eguzki-ekoizpen termikoa 1.197,69 GWh-koa izan litekeela, urteko eskariaren % 99,1 ase liteke. Kasu horretan ekoizpen termikoaren ratioa 5.939,2 kWh/biztanleko litzateke. Ekoizpen fotovoltaikoaren kasuan bezala, Sanduzelai, Buztintxuri eta Landaben biltzen dituen posta-barrutia nabarmenduko litzateke eguzki-energia termikoa ekoizteko ahalmen handiagatik.
Energia Udal-eraikinetan
Udal-eraikinetan eguzki-energia fotovoltaikoaren bidez estaltzen den kontsumo elektrikoaren egungo tasa % 0,9 da. Hala ere, eraikin horien ekoizpen fotovoltaikoko ahalmen estimatua (27,76 MWh) kontuan hartuta, Udalaren elektrizitate-eskariaren % 92 estali liteke. Horrek esan nahi du udal-eraikinetan instalatu beharreko potentzia fotovoltaikoa 26 MWp izan daitekeela, ikuspegi fotovoltaikotik gainazal erabilgarri guztiak baliatuz gero.
Gas naturalaren kontsumoaren eta eguzki-energia termikoaren ekoizpenaren datuak aztertuz, egun eskariaren % 0,9 estaltzen ari da. Baina udal-eraikinetako eguzki-energia termikoko ahalmen estimatua 66,69 GWh-koa da; hots, egungo gas natural kontsumoa baino 2,6 aldiz gehiago.
Azterlanaren arabera, ekoizpen fotovoltaikoak zein termikoak eraikinetako estalkien planoen inklinazio eta orientazioetarako kalkulatu dira, kontuan hartuta oztopoen eragina –hurbilekoena zein urrunekoena– erradiazio zuzena, lausoa eta islatua jasotzean. Horregatik, estalki lauetan ez da txertatu modulu fotovoltaikoen edo panel termiko inklinatuen ilaren kokapenik onenaren azterketa, eta lan hori ondorengo fase batean egin liteke.
Etorkizunean egin litezkeen jarduketak
‘Iruñeko eguzki-mapa’ dokumentuak etorkizunean egin litezkeen lau jarduketa biltzen ditu ere. Lehenengoa espazio publikoak aztertzea da, hala nola parkeak eta aisialdi-eremuak, eguzki-energiaren bidez estaltzen den kontsumitutako udal-energiaren ehunekoa hobetze aldera. Bigarrenak kalkuluak hobetzearekin zerikusia du, espazio-bereizmen handiagoko gainazaleko eredu digital batetik abiatuta.
Hirugarren jarduketaren ondorioz, eraikinen fatxadetan jasotako energia eta horren inplikazioak ere aztertuko lirateke, hala energia ez berriztagarrien kontsumoari dagokionez nola bertan bizi direnen erosotasun termiko eta bisualari dagokienez. Azkenik, etorkizunera begirako laugarren lan-ildo gisa, hiriko balizko ‘bero-uharteak’ identifikatzea aipatzen da, hiriko puntu finkoetan edo sentsore dinamikoen bidez neurketa meteorologikoak eginez, inkestak eta datuak aztertuz eta hiriko gainazaleko iragazkortasun termikoaren mapa bat eratuz, landaretzaren efektu indargetzailea kontuan hartuta.
‘Iruñeko eguzki-mapa’ hau abiapuntu bat da eguzki-eskubideari buruzko behin-behineko araudi bat garatzeko, bertako biztanleei eguzki-erradiazioa beren etxebizitzetatik, lan-espazioetatik eta espazio publikoetatik eskuratzea bermatzeko. Eskubide horrek dimentsio ekonomikoa hartzen du energia eta autokontsumoa modu deszentralizatuan sortzeko proiektuetan espero diren inbertsioak eta itzulkinak kontuan hartzen badira.
Autokontsumorako instalazio fotovoltaikoetarako laguntzen zenbatekoa % 50 igo da
Iruñeko Udalak autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak jartzeko dirulaguntza-deialdian eskaerak aurkezteko epea zabalik mantenduko du, urriaren 31ra arte. Aurten, laguntza horien zenbatekoa % 50 igo da, eta 30.000 euro jo du. Izan ere, aurreko deialdian, lehenbiziko aldiz aurreikusitako partida osoa agortu egin zen, zortzi instalazio abian jartzea finantzatu ondoren.
Diruz lagunduko dira autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko eguzki-instalazio fotovoltaikoak Iruñeko udal-mugarte barruko higiezin eta/edo eraikinetan, hala banakako autokontsumorako nola partekatu edo kolektiborako. Honako gastu hauek finantzatuko dira: elementu sortzaileak, ainguraketa- eta euste-sistemak, inbertsoreak, kableak eta babesgarriak eta bateriak (aukeran). Diruz lagundu daitekeen inbertsioa ez da 2.000 eurotik beherakoa izanen eta diseinu- edo ingeniaritza-lanek ezin izanen dute izan instalazioaren kostu osoaren % 10 baino gehiago. Hori horrela, eman daitekeen zenbatekoa diruz lagundu daitekeen gastuaren % 50era bitartekoa izanen da, eta eskaera bakoitzeko gehienez ere 2.000 eurokoa izanen da banakako autokontsumoan, eta 4.000 eurokoa autokontsumo partekatuan.
Deialdiak bi betekizun ezartzen ditu dirulaguntzak jaso ahal izateko: batetik, Iruñean kokatuta dagoen higiezin baten jabe izatea eta, bestetik, Iruñean erroldatuta egotea, gutxienez, 2021eko urtarrilaren 1az geroztik. Familia bakarreko etxebizitzak edo banaketa horizontalik gabeko eraikinak izan daitezke, baita solairuetan banaketa horizontal hori duten eraikinak ere. Dirulaguntza hori jaso nahi duten instalazio guztiek urriaren 31rako eginak, fakturatuak eta legeztatuak egon beharko dute. Espedienteak sartzen diren hurrenkeran izapidetu eta ebatziko dira, aurrekontu-partida agortu arte. Laguntza hauek bateragarriak dira edozein administrazio, entitate edo pertsonengandik datozen beste batzuekin.