Iruña hautagai izanen da 2026an Ekonomia Sozialaren Hiriburu izateko: Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak sustatzen du egitasmoa, ekonomia sozialaren sektorearekin elkarlanean, enpresa-eredu horrek Espainiako Estatuaren garapen ekonomiko eta sozialean duen garrantzia aitortu eta ikusarazteko. Iruñeko Udalak hautagaitza aurkeztu du, lehiatu ahal izateko eskatzen den dokumentazioarekin batera, eta Nafarroako hainbat erakunderen babesa izan du. Aurreikuspenen arabera, Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak irailean emanen du hautagaitzaren inguruko ebazpena.
Gaur goizean aurkeztu dituzte hautagaitzaren lan-ildoak eta izendapen horrekin lortu nahi dituzten helburuak Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, Carmen Maeztu Villafranca Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak, Ignacio Ugalde Barbería Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Enpresa Konfederazioko lehendakariak (CEPES Navarra) eta Carlos Andrés Uranga Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko eta Berrikuntzako zuzendariak. Ekonomia soziala gizartea eraldatzeko tresna bat da, eta premisa horixe du oinarri hautagaitzak. Baliagarria da etorkizuneko erronkei aurre egiteko, hala nola lanpostu duinak sortzeko, enpresak bertan errotzeko eta deslokalizaziorik ez izateko, lan-inklusioa bultzatzeko eta gizarte-kohesioa sustatzeko.
Ekonomia soziala enpresa-eredu bat da, eta elkartasuna, partaidetza demokratikoa, erantzukizun soziala eta ekitatea ditu oinarri, Nazio Batuen garapen jasangarrirako printzipioekin eta 2030 Agendarekin bat. Iruñeko Udalak aho batez babestu zuen Iruña hautagai aurkeztea, eta adierazpen instituzional bat onetsi zuten hautagaitza bultzatzeko; halaber, Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak ere babesa adierazi zuten adierazpen instituzional banatan, bai eta CEPES Navarra konfederazioak eta Nafarroako Kooperatiben Kontseiluak ere.
Iruñean tradizio handia dago kooperatibak, elkarteak eta enpresa sozialak eratzeko, eta azpiegitura sendoa du hiriak. Halaber, herritarrak ere engaiatuta daude eredu ekonomiko horrekin, babestu egiten dute, eta berariazko programak daude ekonomia sozialaren arloan ekintzailetza babesteko. Iruñeko Udalak ekonomia sozialaren arloan sustatutako programen eta ekintzen adibide dira energia-komunitateak, etxebizitza-kooperatibak, auzolana (hala nola ibaia garbitzea eta hiri-altzariak konpontzea) eta Geltoki proiektua.
2025eko Ekonomia Sozialaren Hiriburua Murtzia da. 2020an hasi ziren aitortza hori egiten, eta Toledo izan zen ekonomia sozialaren lehen hiriburua. Gerora, Teruel (Aragoi), Santiago de Compostela (Galizia), Donostia (EAE) eta Valentzia (Valentziako Erkidegoa) hautatu dituzte.
25.000 lanpostu baino gehiago eta Nafarroako BPGaren % 10,6.
Ekonomia sozialaren ereduak 25.000 lanpostu baino gehiago sortzen ditu Nafarroan, eta kolektibo kalteberen inklusioa, enpresak errotzea eta berrikuntza arduratsua sustatzen ditu. Eredu horretako enpresek Nafarroako BPGaren % 10,6 sortzen dute, 24.000 milioi euro fakturatzen baitituzte orotara. Kooperatibek, lan-sozietateek, inklusio-enpresek, gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziek, ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko erakundeek eta fundazioek osatzen dute enpresa-eredu horren egitura, eta denak engaiatuta daude garapen jasangarriarekin eta gizarte-inklusioarekin.
Hainbat elkartek osatzen dute Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Konfederazioa (CEPES Navarra): ANEL elkarteak (Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkartea) 600 enpresa biltzen ditu; UCANek (Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Batasuna), 120 kooperatiba; REAS Nafarroa (Nafarroako Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea) 47 erakundek osatzen dute; EINA (Nafarroako gizarteratzeko enpresak) elkarteak 19 enpresa ditu; Nafarroako Fundazioak elkartean 32 erakunde daude, eta CEISNAn (Gizarte Ekimeneko Enplegu Zentro Bereziak), berriz, 8 zentro daude. Konfederazio horrek aukera ematen du lankidetza publiko-pribatua sustatzeko eta hainbat ordezkaritza-arlotan parte hartzeko, hala nola Espainiako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean, Nafarroako Kooperatiben Kontseiluan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Kontseiluan, NUPeko Gizarte Kontseiluan eta Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluan.
Datuak alde batera utzita, ekonomia sozialaren ereduak beste ezaugarri berezi batzuk ere baditu Nafarroan, eta ezaugarri horiei esker ematen zaio lehentasuna politika publiko guztietan. Nafarroa Ekonomia Sozialaren III. Plan Integralean lanean ari da, eta, aurreikuspenen arabera, 37 milioi euro inbertituko dituzte plan horretan. Aitortu dutenez, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren eta Jasangarriaren Estrategiarako (S4) funtsezkoa da ekonomia soziala. Nafarroa Social Economy Europe plataformaren buru da 2018tik: Europar Batasunean industrializazioa sustatzea du helburu plataformak, eta Nafarroa eskualde bakarra da ekonomia soziala espezializazio adimentsuan sartu duena.
Jarduera-programa
Hautagaitzaren txostenean jarduera-programa bat sartu dute, izendapen hori lortuko balitz datorren urtean gauzatzeko. Kalkuluen arabera, 45.000 euroko aurrekontua beharko dute jarduera horiek egiteko. Kantitate horri erakundeek eta ekonomia sozialaren sektoreak behin eta berriz egiten dituzten jarduerak kenduz gero, aurrekontua 325.000 eurokoa litzateke. Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuekin finantzatuko litzateke aurrekontua, bai eta ekonomia sozialaren sektoreko enpresen eta Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren ekarpenekin ere.
Pentsatu dituzten jardueren helburua da ekonomia soziala gehiago ikusaraztea eta zabaltzea, herritarrek zuzenean aukera izan dezaten kontzientzia hartzeko, partaidetzaren bidez eta ekonomia soziala modu praktikoan testuinguruan jartzeko modua egiten duten egitasmoen bitartez. Programa ez da zehatza, eta ekonomia sozialaren sektorearekin elkarlanean ondu dute. Bost helburu nagusi ditu ardatz: herritarrak kontzientziatzea, sektorea egituratzea, prestakuntza eman eta talentua erakartzea, ekintzailetza eta enplegua sustatzea, eta kanpora begirako proiekzioa.
60 jarduera baino gehiago proposatu dituzte: ekonomia sozialaren inguruko erakundeen batzarrak egitea Nafarroan, udako ikastaroak, Social Economy Europe elkarteko lehendakariaren bisitak, Europako Ekonomia Solidarioko komisarioarenak ere bai, eredu hori ikusarazi eta herritarrak sentsibilizatzeko jardunaldiak, zikloturisten martxa bat, Kooperatiben Nazioarteko Egunaren ospakizuna, eta zinema eta ekonomia soziala uztartzen dituen ziklo bat, besteak beste. Urte amaierarako utziko lituzkete Ekonomia Sozialaren aldeko Iruñeko Tokiko Ituna sinatzea, Ekonomia Sozialaren Hiriburutzaren alde lanean aritu diren erakunde eta pertsonei aitortza egitea eta Ekonomia Sozialaren Nazioarteko eguna ospatzea. 2026 osoan, prestakuntza-jarduerak, sentsibilizaziorako jardunaldiak eta ekintzaileei laguntzeko ziklo bat eginen lituzkete.