Gutxienekora murriztu da hutsik dauden etxebizitzen zergen karga-tasa eta gainerako zergak izoztu dira
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak atzo goizean onetsi du ordenantza fiskalen eta prezio publikoen 2024rako proiektua. Proposamen nagusiak dira gizarte-izaera duten tarifak izoztuta mantentzea (apartamentu babestuak, larrialdikoak eta Etxez Etxeko Laguntza zerbitzua) eta hutsik dauden etxebizitzen karga-tasa gutxienekora murriztea. Gainera, laugarren urtez jarraian, Udaleko haur-eskoletan eskolatzea doan izanen da.
Halaber, tarifa orokorrak 14an urtean aldatu gabe egon ondoren, 2024ko proiektuak % 2 eguneratzea jasotzen du, tarifak geroz eta altuagoak diren zerbitzuen kostuetara hurbiltzeko. Hurbilketa horrek ez du zerbitzuen benetako kostua xurgatzen, izan ere, 2009an egin zen azken berrikuspenaz geroztik, Nafarroako KPI orokorra % 28 baino gehiago igo baita. Igoera mugatu horren oinarria da, orokorrean, badaudela arrazoi sozialak, kulturalak etab. zerbitzuak ematearen kostua baino prezio publiko txikiagoak justifikatzeko. Are gehiago, hauskorrenak diren etxeko ekonomiei ez eragiteko diseinatuta dago igoera, oraindik babestu beharrekotzat jotzen diren talde jakin batzuendako deskontu eta hobariak mantentzen baitira.
Atzo onetsitako dokumentuek barne hartzen ditu, aurreko urteetan bezala, araudien testuak aldatzea foru-lege arau-emaileen aldaketetara egokitu eta diru-sarreren kudeaketa hobetzeko. Izapidetze horren berritasun modura, eta Auzitegi Gorenaren sententzia bat dela eta, Ordenantza fiskal berrien testuak ez du aurreproiekturik, eta gaur aurkeztutako proiektuak ibilbide jakin bat egin beharko du, asteartean Hirigintzako Udal-batzordean aurkeztu ondoren, urrian Osoko Batzarrera eramateko.
Tasa eta tarifen aldaketak
Ordenantza fiskalen proiektuak zerga moten izozte orokorra aurreikusten du.
Hutsik dauden etxebizitzen zergari dagokionez, ondasun horiek zergapetzen dituzten tarifak gutxienekora murriztea jasotzen du proiektuak, Tokiko Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legeko 188. artikuluan jasotzen den bezala. Salneurria etxebizitza hutsik dagoen epeari lotuta dago. 2024an, etxebizitzaren katastro-balioa % 0,25 zergapetuko da lehen urtean, bigarren urtean % 0,50 eta hirugarrenean eta hurrengoetan % 1. Orain arte ehunekoak % 0,50, % 1 eta 1,5% ziren, hurrenez hurren.
Halaber, 2024. urtean % 0,67ko eguneratzea eginen da Hiri kontribuzioaren zergetan, 2023 urtearekin alderatuta. Igoera horrek Iruña guztiko Katastro-balioa, ehuneko berean orekatuko du, balio hori automatikoki murrizten baita eraikinen antzinatasun koefizientea aplikatzean.
Salneurri publikoei lotuta dauden tarifetan, tarifa orokorra % 2 eguneratzea proposatzen da tasa edo tarifa publikoei lotutako udal-zerbitzuetan dagoen defizita murrizteko. Izan ere, gehienean, diru sarrerak kostuak baino txikiagoak dira, eta horrenbestez, aldea beste udal diru-sarrera batzuekin estali behar da, zergen bidez esaterako, gainerako zerbitzu eta udal eskumenetan erabiltzen ahalko ziren baliabide publikoetatik kenduta.
Tarifa horien igoeratik salbuetsita dauden tarifak gizarte izaera dutenak dira (4, 5 eta 6. arauak), izoztuta gelditzen baitira. Tarifa publiko horiek dira adinekoei udal-zerbitzuak emateari, udal-apartamentuetako premiazko ostatu-zerbitzuari eta Etxez etxeko laguntza zerbitzuari lotuta daudenak.
Energia sortzeko instalazioak
Proiektuak energia-sorkuntza partekatuko instalazioen hobariari dagokiona zehazten du, baina ez da aplikagarria izanen instalazio horrek energia etxejabeen komunitateko elementu partekatuei soilik ematen dien etxebizitza edo lokalen kasuan. Hobaria erabili ahal izateko partekatutako instalazioa jartzen duten jabetza horizontalaren araubideko higiezinek, horietan dauden etxebizitza eta lokal guztiei edo batzuei hornitu behar diete energia. Hobariaren ehunekoa % 50 izanen da 2024an, bai bizitzeko erabiltzen diren etxebizitzetan, bai eta beste erabilera bat dutenetan ere, eta urtero jasoko den hobariaren zenbatekoak ezin izanen du gainditu jabe bakoitzari instalazioa egiteagatik jasanarazitako kostuaren % 30.
Egoera pertsonala argitzea
Adin tarteka ezarritako tarifa guztietan aldatu da azken bi tarteen deskribapena, eta beraz, honela gelditu dira horien idazketak: ‘25 urtetik 64 urtera’ eta ‘65 urtetik gora’. Idazketa horrek gaur egungo '25urtetik 65 urtera' eta '65 urtetik gorakoak" ordeztu ditu, aplikatzeko garaian zalantzak sortu baitira.
Gizarte zerbitzuek proposatuta, mendekotasuna duten pertsonei arreta pertsonala etxean emateko pertsonak kontratatzeagatiko gastuak kontuan hartzen diren tarifa guztietan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak (PAGNA) mendeko pertsonak familia-ingurunean zaintzeko kobratutako laguntzak kenduko dira gastu kenkarian. Kenkari hori erabili ahal izateko, eskatzen duenak kontratatutako pertsonaren kontratua eta alta agiriak aurkeztu beharko ditu Gizarte Segurantzan.