
Iruñeak gune garrantzitsuenen hiri-espazio birtual bat izanen du datorren urteko hasieratik aurrera: bisitariek eduki jakin batzuez gozatzeko aukera izanen dute, errealitate birtuala eta errealitate areagotua erabilita. Hala, turistek Iruñeko kultura, tradizioak, musika, anekdotak, sanferminen unibertsaltasuna eta hiria bera ezagutzeko aukera izanen dute urteko edozein unetan.
Tokiko Gobernu Batzarrak laguntza teknikoko kontratuaren lizitazioa onetsi du hiri-espazio birtual berri hori kontzeptualizatu, garatu eta abiarazteko. Kontratuak 174.655,08 euroko aurrekontua du, eta Europako Next Generation EU funtsekin finantzatuta dago. Hiri-espazio birtualak aukera paregabea ematen du denbora errealean edukiekin eta ingurunearekin elkarreraginean aritzeko. Horretarako, enpresa adjudikaziodunak plataforma digital bat garatuko du: besteak beste, kudeaketa-panela, beharrezko edukiak eta QR kodeak izanen ditu, turistek eta iruindarrek mugikorrarekin erabil dezaten, eta turismo-seinaleen sistema berriarekin bat egiteko.
Kontratuaren helburu nagusia hauxe da: sanferminekin eta hiriarekin lotutako produktu turistiko lehiakorra izatea. Gainera, garrantzitsua da produktu hori urte osoan eskuragarri egotea, jarduera turistikoa dinamizatu eta dibertsifikatuko baita, eta haren urtarokotasuna hautsi. Helburu nagusi horrekin batera, berariazko beste helburu batzuk ere lortu nahi dira: produktu turistiko berritzaile eta jasangarria lortzea; eskari turistikoaren urtarokotasuna haustea eta hura deszentralizatzea; Iruña urte osoan helmuga turistiko erakargarria izatea; edukietan Iruñearen balio kulturalaren berri emateari esker hiriaren eta festaren irudia hobetzea; sanferminekin lotutako eskaintza turistiko berritzailea sortzea; helmuga-produktuen portfolioaren lehiakortasuna, hiriaren erakargarritasuna eta merkatuan duen ospea sustatzea; Sanferminen Esperientzia Zentroak festen abiapuntu-ibilbide gisa duen garrantzia azpimarratzea, eta erabiltzaileen kontsumoarekin lotutako datu interesgarriak biltzea.
Sanferminak dataz kanpo
Iruñeko Udalak sanferminei lotutako baliabide falta detektatu du sanferminak ospatzen ez diren hilabete horietan; gainera, hiriarekin lotutako baliabide natural eta kulturalak falta direla uste du. Lizitazio-espedienteak jasotzen duen moduan, hiria mundura ezagutzera emateko aurkezpen-gutun turistiko garrantzitsuena eta turistak hirira erakartzeko erreferentzia nagusia dira sanferminak, baina iraupen mugatukoak dira, eta horren ondorioz, turismoa egun horietan metatu eta turismo-eskariaren urtarokotasuna sortzen da. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da urtean zehar jaiekin lotutako baliabide turistikoak izatea, eta, horri esker, bisitariek edozein unetan bisitatzen eta gozatzen ahalko dituzte sanferminak.
Gainera, sanferminak ospatzen ez diren datetan jaiei buruz gehiago jakiteko nahia antzeman da, eta bereziki entzierroaren ibilbidearen inguruko informazioa jaso nahi dute bisitariek. Hala eta guztiz ere, gaur egun, entzierroaren ibilbideari buruzko edukiak, gaiak eta guneetako baliabideak oso eskasak dira, eta horrenbestez, bisita oso mugatua da.
Espazio birtual berria martxan jartzeari esker, eskaera horiei erantzuna emanen zaie, eta, hori gutxi balitz, hiriko beste esperientzia eta gune batzuen berri emanen zaie bisitariei: besteak beste, pilota, ibai-ingurunea, Donejakue bidea, herri-kirolak, eskualdeko dantzak eta bertsolaritza.
Sanferminak, pilota, ibai-parkea, Donejakue bidea eta ondare immateriala
Udalak zerrenda bat osatu du espazio birtual berrian informazio gehiago izan behar duten espazio eta baliabideekin. Guztira, 55 item dira, bost bloke handi hauetan banatuta: sanferminak, pilota, ibai-parkea, Donejakue bidea eta ondare immateriala; horrez gain, gida birtual batek espazio eta jarduera horien historia azalduko du euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
Aipatu bezala, lehenengo blokea sanferminak dira, baliabide gehien dituen blokea (20): besteak beste, entzierroa, konpartsa, peñen irteera, hamaiketakoak, San Ferminen jota, prozesioa, su artifizialak eta herri-kirolak. Donejakue Bidearen blokeak hamaika gune barne hartzen ditu, Magdalena zubitik hasi eta Ziudadelaraino. Ibai-parkearen blokeak ere hamaika gune ditu: besteak beste, odol-noria, Arantzadi parkea eta San Pedro zubia. Pilotaren inguruko bost gune eta baliabide ezarri dituzte: Mañuetako pilotalekua, Labrit pilotalekua, Jito Alai pilotalekua, xare-partida bat Katedraleko klaustroan eta pilotako materialen denda bat. Azkenik, ondare immaterialarekin lotutako sei baliabide eskainiko dira: Batasunaren pribilegioarekin lotutako bi, mintzodromoa, dantzariak, kantuz saioa eta bertsolaritza.
Faseak eta epeak
Lanak egiteko hiru fase daude: lehenengo fasean edukia kontzeptualizatu eta garatuko da, bigarren fasean proiektua inplementatuko da (web plataforma, edukien kudeatzailea eta turistendako aplikazioan edukiak txertatzea), eta hirugarren fasean hiri-espazio birtual berria erabilgarri jarriko da. Aurreikuspenen arabera, 2026ko urtarrilaren 31rako bukatuko dute proiektua.
Kontratua esleitzeko irizpideak honela daude banatuta: eskaintza teknikoa (50 puntu bitarte: lan-plana, metodologia, gaikuntza, gorabeheren kudeaketa eta taldearen antolaketa); eskaintza ekonomikoa (10 puntu bitarte); bermerako eskatutako epea (2 urte) luzatzea (10 puntu bitarte); web-irisgarritasunerako jarraibideak txertatzea (10 puntu bitarte); irizpide sozialak(10 puntu bitarte), eta hobekuntzak (10 puntu bitarte).
Programa SF365 Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren parte da, eta Europar Batasunak osorik finantzatu du Next Generation EU funtsen bidez. Funts hori Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren C14.I1 inbertsioaren finantza-tresna da. Testuinguru horretan, Iruñeak 5.492.500 euroren laguntza jaso du hiru urtean "Iruña SF365” Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana hedatu eta garatzen erabiltzeko. Plan horrek 13 jarduketatan egituratzen diren lau gai ditu ardatz: trantsizio berde eta jasangarria, energia-eraginkortasuna hobetzea, trantsizio digitala eta lehiakortasuna.
